Hego Euskal Herriko langile publikoek eros ahalmena galtzen jarraitzen dute

Hego Euskal Herriko langile publikoek eros ahalmena galtzen jarraitzen dute –

2024ko soldatak %0,5 gehiago igoko dira, %2,5 guztira, KPIa EAEn %3,6 eta Nafarroan %2,7 izan direnean.

Hego Euskal Herriko langile publikoek eros ahalmena galtzen jarraitzen dute

Beste behin Madrilen ezarritako soldata igoerak aplikatuko zaizkie Hego Euskal Herriko langile publikoei, hemengo erakundeen konplizitate eta ildo beretik jarraitzearekin.

2024ko soldatak %0,5 igoko zaizkie langile publikoei, hau da %2,5 orotara, eta beraz aurreko urteetan galdutako eros ahalmenari beste koska bat gehituz. Konkretuki, 2008ko krisialdiaz geroztik pilatu zaien eros ahalmen galerari %1,1eko galera pilatuko zaie EAEko langile publikoei 2024an, eta %0,2a Nafarroakoei, jada %20 inguruan geratuko delarik.

Langile publikoen eros ahalmenaren galerak ez du etenik izango, gure erakundeak, Jaurlaritza eta Nafar Gobernua buru, oso eroso baitaude Madriletik agintzen dena aplikatuz. Negoziazio mahaiak edukiz hustu eta aldebakarrez soldatak zein enpleguari lotutako beste hainbat neurri eta muga inposatzen dizkiete; birjartze tasa eta behin-behinekotasun tasa altuak, esaterako. Horren adibide Jaurlaritzak eta Nafar Gobernuak azken mahai orokorretan esandakoa, 2025erako Madrilek ezartzen duen igoera aplikatuko zutela soilik.

Euskal langile publikoek ez dute de facto negoziazio kolektibokorako eskubiderik. Gure erakundeek Madrilek agindutakoa aplikatzen dute erosotasun guztiaz, eta ez dute inongo borondaterik hemen beste bide batzuk jorratzeko, ez eta negoziatzeko ere. Legez beste aukerarik ez dagoela esaten diguten arren, horren atzean benetan dagoena da langileen lan baldintzak hobetzeko borondate falta. Izan ere, aurreko ikasturtean EAEko funtzio publikoko langileok egindako greba eta mobilizazio dinamikaren bitartez lortu genuen alderdi batzuk mugimenduak egitea, baina argi geratzen ari da EAJk eta ez PSOEk ere, ez dutela inolako borondaterik Hego Euskal Herriko langile publikoek bertan erabaki eta adostu dezaten soldata eta enpleguari loturiko ezer.

EAJ eta PSNren politika neoliberalak aplikatzen jarraitzeko Madrili men egitea oso ondo datorkie, eta tartean langile publikoek eros ahalmena galtzen jarraitzen dute, jada %20tik gorakoa; enplegua sortzeko mugak jartzen dizkiete birjartze-tasaren bitartez; edota behin-behinekotasun tasa altuekin jarraitzen dute, sektore guztietan Europak zehazturiko behin-behinekotasun tasaren %8ra oraingoz iritsi ez garelarik.

Pasa den kurtsoan, EAEn, hemen erabaki ahal izatea aldarrikatuz hiru greba egun egin ziren. Aurreko urtean Nafarroan ere grebak egon ziren Nafarroan erabakitzea aldarrikatuz. Beste behin, langileen aldarrikapenei lepoa ematen ari dira.

Aldarrikatzen dugu behingoz hemen negoziatzea, mugarik gabe, eta hemen adostea euskal langile publikoei dagozkien gai guztiak; hori lortzeko bideak eta aldaketak egitea eta jorratzea exijitzen dugu. LABek, bitartean, aldarrikapen horien defentsan borrokan jarraituko du.

Hego Euskal Herriko langile publikoek eros ahalmena galtzen jarraitzen dute

Sindikatu Independentista, Sozialista eta Feminista

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude