Bizkaiko Foru Aldundiko elkarretaratzea, euskararen eta langileen alde
Bizkaiko Foru Aldundiko elkarretaratzea euskararen eta langileen alde –
Gaur Bizkaiko Foru Aldundiaren langileen egonkortzearen aurkako sententzia salatzeko elkarretaratzea egin dugu Euskalgintzaren Kontseiluak eta ELA eta LAB sindikatuek, Aldundiaren Bilboko egoitza nagusiaren aurrean.
ADIERAZPENA
2024ko martxoan, Bizkaiko Foru Aldundiko langileok mobilizatu egin ginen euskararen normalizazioaren aurkako ofentsiba judizialaren aurrean. Bizkaiko Foru Aldundiko administrazioko langileen lan-eskaintza publikoen aurkako bi epai izan ziren, euskararen inguruko baldintzak “neurriz kanpokoak” direla argudiatuz.
Aurreko astean izan dugu Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiaren epaiaren berri. Epai honen bidez, aurreko bi epaietako baten aurkako apelazioa ebatzi da: enplegu publikoa sendotzeko eta egonkortzeko prozesuekin lotutako administrarien kategoriako 77 lanpostuko lan-eskaintza publikoaren aurkakoa.
Bizkaiko Foru Aldundiak iragarri du helegitea aurkeztuko duela (epaia ez da irmoa), eta jarrera hori txalotu nahi dugu. Euskararen normalizazioan eman beharreko pauso guztiak ematera animatu nahi dugu. Era berean, amaitu gabeko hautaketa-prozesuak aurrera jarraitzeko eskatzen dugu.
Botere judizialak euskararen normalizazioari egiten dion oldarraldi eta jazarpenaren aurrean gaude. Herritarrek euskaraz artatuak izateko dituzten eskubideen eta langileok euskaraz lan egiteko dugun eskubidearen aurkako erasoa da. Enplegu publikoa egonkortu nahi duten pertsonen eta enplegu publikoaren hautaketa prozesuen aurkako eraso zuzena da. Egoera honek ziurgabetasun handiagoa sortzen du hauetan parte hartzen duten pertsonentzat. Guztia euskara ahalik eta gehien deuseztatzeko helburu bakarrarekin.
Hizkuntz Eskubideen Behatokiak herritarren hainbat kexa jaso ditu, Bizkaiko Foru Aldundia (beste erakunde asko bezala) ez delako gai, oraindik ere, euskaldunen hizkuntza eskubideak bermatzeko. Euskararen normalizazioan pausoak ematen jarraitu behar da, beraz, eta hori oztopatzea dute helburu epai euskarafobo hauek.
Beharrezkoa da euskal eragile politikoek eta erakundeek beharrezko urratsak egitea hautaketa-prozesuei segurtasun juridikoa emateko, eta, era berean, gure hizkuntzaren normalizazioa bultzatzeko. Bizkaiko Foru Aldundiko langile guztiak animatu nahi ditugu euskararen normalizazioaren alde eta epai euskarafobo hauen aurka mobilizatzera.
Administrazioan ere, euskaraz!
Oldarraldiaren aurrean, euskararekin bat, euskaraz bat!
Bilbon, 2025eko urtarrilaren 16an
Bizkaiko Foru Aldundiko elkarretaratzea, euskararen eta langileen alde