Lana banuela baina…
Lana banuela baina –
Txiki-txikitatik ikasi dugu lana bizitza aurrera eramateko ezinbesteko tresna dela. Neurri handian, oharkabean edo propio, horretara zuzentzen dugu bizialdian zehar egiten dugun guztia, ikasketen hautaketa, bizi-esperientziei eskatzen diegun etekina, sortzen ditugun harremanak eta abar luzea. Inon idatzi beharrik ez dago jakiteko lana gure gizarte-hitzarmenaren muinean dagoela eta hori bizkor pitzatzen ari da.
ISEAK ikerketa eta transferentzia-zentroak Oxfam-entzat egindako lanak erakutsi duenez, Espainian enplegua duten pertsonen %13,7k ez dute pobreziatik irtetea lortzen. Pobrezia-egoeran dauden hamar pertsonatik hiruk gutxienez zazpi hilabetez egiten dute lan urtean zehar, baina lortzen dituzten diru-sarrerak ez dira nahikoak pobrezia eragiten duten baldintzak mendean hartzeko. Zuzen zaude, irakurle, pentsatzen ari bazara datu horiek hobeak ote diren gurean; hala dira: EAEn eta Nafarroan, landunen artean %8tik behera baitago lan-pobreziaren langa. Gaitzerdi? Tira, asko esatea da hori.
The Economist egunkariak adibide gisa jarri badu ere, Espainiako ekonomiaren “balizko mirariak” itzalak ere baditu eta handiak, Europar Batasuneko pobrezia- eta desberdintasun-tasa handienetako bat auzoan gertatzen dela kontuan hartzen badugu. Horra arestian aipatu dudan gizarte-hitzarmenaren pitzadurarik handiena: enplegua ez da egundo berme nahikorik oinarrizko premiak estali ahal izateko.
Horretaz ari gara lan-merkatuaren prekarizazioak dituen ondorioak mahaigainean jartzean. Ordu gutxiko lanaldiak, txandakatze handiak, lan egindako ordu bakoitzeko soldata baxuko enpleguak eta genero-arrakalak zutabeak badira, eraikinak kili-kolo eutsiko dio luzaroan.
Muturreko egoera zaurgarrian dauden pertsonengana zuzendutako politika publikoko neurriak ezinbestekoak badira ere, ez dira nahikoak. Muturreko pobreziaren atalasetik zertxobait gora baina pobrezia-arriskuaren azpitik dauden pertsonak estalduratik kanpo geratzen dira.
Lan-pobreziaren arriskuak bereziki kolpatzen duen langile-profila ederki marraztu du ISEAK-en ikerketak: hezkuntza-maila baxua, atzerrian jaiotakoa eta landa-eremuetan bizi dira, bereziki gizona (lan-merkatuaren beraren genero-desberdintasunen isla). Ezaugarri horiez gain, bada nabarmen deigarri eta aintzat hartzekoa den beste hau ere: laneko pobrezia oso lotuta dago norberaren konturako enpleguarekin eta partzialtasunarekin: langile autonomoen %27 pobrezia-egoeran zeuden 2022. urtean Espainian, besteren konturako langileen %10ekin alderatuta. Lehen sektorean, etxeko zaintza eta zerbitzuetan eta ostalaritzan pilatzen dira pobreziaren profil horiek nagusiki, eta pertsona horien bestelako ezaugarrien artean nabarmentzen da pobrezia-arriskua bikoiztu egiten dela beren kontura adin txikikoak dituzten langileen artean.
Errezeta errazik ez dago egoera hau emendatzeko, baina zantzu argi batzuk behintzat, badaude, ardatz jarrita goitik beherako aldaketarik ez, baina gutxienez politika publikoak arrasto egokiagoan jar dezaketenak. Enpleguarekin lotutako faktoreen artean, lanaldi osoko lana da lan-pobreziako egoeran egoteko probabilitatea murrizten duen behinena, enplegurik gabeko aldiek nabarmen handitzen dute lan-pobrezia hori areagotzen duten bitartean.
Erantzunak aldatzen hasi behar dugu, ezinbestean. Izenburuko lerroak kanta zaharrari erreferentzia egiten dio, irakurle, ohartuko zinenez. Maiteak berriro galdetuko balu lanik ote duen urliak, hark garai baten ez bezala osatu beharko luke esaldia:
“Lana banuela baina, dirurik ez, dirurik ez”. Hortxe dago koxka.