Fatxa ote Silvia?
Fatxa ote Silvia? –
Lehengo batean beheko argazki hau topatu nuen X-Twitter sareko txio batean. Berdin dio noren txioa zen, mezulariak bainoago, normalean, mezuak izaten baitu garrantzi handiagoa; edo mezuek eta kontramezuek (txioek eta bertxioek, alegia) eta, azken finean, haietatik norberak ondorioztatu dezakeenak. Badakit, bai, oraingo X lehengo Twitter baino zeragoa dela (zerorrek jarri kalifikatiboa, irakurle), baina txiolariok bertan idatzi, kontraidatzi edo dena delakotu dezakegunak, nire ustez, balio positiboa ematen dio sare sozial honi, eta horrexegatik, hain zuzen, ez dut (oraindik) bertatik alde egin, nahiz eta Blueskyn ere zabaldu dudan kontu bat, badaezpada ere.
Oraingo honetan, argazkia agertu zuen txioari segida ematen zioten beste txio ia guztiek gauza bertsua ematen zuten aditzera: Silvia Orriols fatxa hutsa da, faxista, xenofobo eta arrazista. Eta, zergatik jakin guran, beraren kontu ofizialean sartu eta han-hemenka egin izan dituen hainbat deklarazio eta adierazpen arakatu nituen, zantzu faxisten peskizan. Ez nuen, baina, halakorik aurkitu.
Izan ere, gaur-gaurkoz, oso erraz, errazegi esaten zaio inori fatxa edo faxista dela, batik bat, norberaren ideiekin bat ez datorren horri. Baina irudipena dut Silvia hala kalifikatzen duten askotxok ez dakitela oso ongi zer den faxismoa, eta, areago, haietako bat baino gehiago ere eurak direla benetako fatxak, profil faltsu baten azpian ezkutatuta, iseka eta irainka ibiltzen direnak.
Silviak Katalunia maite du, oso. Katalanista da, edo katalan naziozalea, eta, bere herria desagertzeko zorian dagoela ikusita, ahoan bilorik gabe hasi da Katalunia katalanentzat aldarrikatzen; hau da, lehenengo eta behin, katalanak! Eta Kataluniara doan edonor, bertako esentzia, idiosinkrasia, hizkuntza eta kultura errespetatuz bertaratzeko prest baldin badago, ongi etorria izango da Katalunian; bestela, sobera dago han.
Zer du horrek guztiak faxismotik? Nork bere nortasuna, bere familiaren eta herrikideen nortasuna defendatzea faxismoa ote da? Fatxa al da bere herrialdearen inbasioa salatu eta inbasoreei aurre egin nahi diena? Eta, inbasore dioenean, Sillvia ez da Hirugarren Mundutik bizimodu hobe baten bila datozenez ari, haiekiko kudeaketa interesatuaz baizik, halakoak erabiltzen baitituzte lehenagoko inbasoreek Katalunia mundu mapatik behin betikoz ezabatzeko. Espainiar Estatuko edonondik nahiz Europako edo munduko nonahitik etorritakoak dira inbasore Silviarentzat, baldin eta Katalunian, Kataluniaren alde eta katalanez egiteko etorri ez badira.
Eta hasiak dira ahotsak entzuten (baita pintadak ikusten ere, antza) Euskal Herrian behar ote genukeen Silvia Orriols bat, Euskal Herriaren ukazioa eta bihar-etziko desagerrarazpena salatu eta bertoko inbasoreei aurre egingo diena. Noiz hasiko gara, bestela, Euskal Herria zutuntzen? Erabat eraitsita dagoenean?
Tira, irakurle, lerrook idazteagatik neuri ere direnak eta ez direnak egozten hasi aurretik, pentsaizu pixka batean horretan guztian, mesedez. Eta, noski, irainak-eta zuzen, egoki eta jator idatzirik, hau da, analfabetismorik agerian utzi gabe (#EuskaraOneanHobe).
Azken ohartxoa: Katalunia diodanean Catalunyaz ari naiz, katalanetik eta katalanez bizi den horretaz, Euskal Herria euskaratik eta euskaraz bizi dena den bezalaxe.
https://bestenia.blogspot.com/2025/01/fatxa-ote-silvia.html
Fatxa ote Silvia?
Jakina Euskal Herriak Silvia Orriols baten beharra daukala, ahalik eta azkarren, gainera.
Hori da herri honek daukan gaitzetako bat, beti dabilela salbatzaile bat itxoiten. Sylvia bat behar dela esaten dute askok, baina inork ez du Sylvia izan nahi. Koldarrak!
Ez nekien nor zen Silvia hau, baina Kaxka (motz) bere alde agertzeak pistan jarri nau.
Aliantza Katalanako buru, bere burua islamofobotzat daukana, jendeari erroldatzeko zailtasunak jartzen dizkiona (mediku, eskola eta lanerako sarbidea zailduz)…
Ez dakit zalantza nondik datorkizun, Zalo.
Katalunian magrebtarrei egindako elkarrizketa honetan magrebtarrek argi esaten dute: “Catalunia no existe, viva espania (sic)”
https://youtu.be/k3iKfe0Gd3Y?si=81yqvQRFIVckng8G
Fatxa eta faxista hitza gehiegi eta ganorarik gabe erabiltzen da.
Bestalde 100.000 budista, txinatar, judu edo frantziar baldin badatoz epe laburrean Euskal Herrira erreza da euskararen egoera eta Euskal Herriko etorkizuna kolokan jarriko dutela.
Eta bai, boterea bagenu mugak kontrolatuko nituzke. “Ongi etorri errefuxiatuak” teoria polita da, baina teoria bat da besterik ez.
Hoixe, nire iritzian magrebtar gehienei Katalunia eta Espainia bost axola zaie. Hala eta guztiz, mendebaldeko sahararrak ez nituzke talde honetan sartuko.
Argi dago egun faxismo hitzaren esanahiak ez duela bere jatorriko zentzuarekin zer ikusi handirik. Aitzitik, egun ezker liberal berri woke delakoari desatsegin zaion edozer gauza da faxista, bai eta faxismo historikoaren etsai izandako joera gehienak ere: estalinismotik hasita, eskuin demokrata liberal eta kontserbadoretik igaroz, bai eta bere nortasun etniko, kultural eta nazional zaurgarriaren defentsa justua lehenesten duten herri zapalduetaraino, gizarte ireki deserrotuaren distopiari kontrajartzen zaion neurrian. Mundu hankaz goratu honetan faxista gisa seinalatua izatea harro sentitzeko arrazoia bilakatu da.
Kanpotarrak ezin erroldatzea = faxismoa. Kuantifikatu daiteke ezker abertzaleak egindako kaltea hamarkada bakarrean? Hamarnaka milaka nafarrek bizia eman zuten Nafarroa defendatzen. Beste hainbeste gudari Euzkadi defendatzen. Orain gure herriaren inbasioari ateak irekitzeko. Milurteko oso bat borrokan pasa dugu 10 urtetan guztia pikutara bidaltzeko espainiar inteligentziak gidatutako satelite batzuek. Barre egiteko modukoa da hau, serioski pentsatzen hasita, negar egiteko gogoak ematen bait dizkit hainbeste borroka egin izana, alferrik.
Guzti hau espainiar inteligentziak antolatu duela asko esatea da.
Europa osoan gertatzen da eta nik ez dakit nork eta zergatik egiten duen. “Kanpotarrei esker gero eta gehiago gara” bezelako esaldiak ez ditut ulertzen.
Japonen urtero 300.000 pertsona gutxiago dira zahar asko eta ume gutxiago dituztelako. Urtero eskolak, lantegiak, liburutegian izten dituzte jadanik ez dagoelako jenderik horiek erabiltzeko. Eta? Zer arazo dago?
Japoniar gehienen iritzian ez dago arazorik. Diru, etxe, ikastetxe, ospitale… soberan dituzte. Ez dute gehiago behar eta soberan badaude ba soberan daude.
Beraiek ez dute guk dugun eztabaida hau eta arlo honetan behintzat ez dute kontraesanik ez eta hipokresiarik.