Trumpekin gerra Txinan?

Dirudienez, Israeli babesa ematen eta Txinari aurre egiten ditu Trumpek lehentasunak. Txinaren egoera arrotzagoa egiten zaigunez, ondoko elkarrizketa hau ekarri dut hango tirabirak hobeki ulertzeko. Solaskide bat -Joanna Lei- taiwandarra da eta duela urte batzuk hango politikan zuzenean inplikatuta jardun zuen bertako senatari gisa. Bigarrena -Jeffrey Sachs- Columbiako Unibertsitateko ekonomia-irakasle eta oso analista ezaguna dugu.

JOANNA LEI: txinatarron artean duguna amaitu gabeko guda zibila da, eta bere etorkizuna jendeak eta bi gobernuek erabaki beharko lukete. Taiwan komatxo arteko “independentzia” duen herrialdea da; hala ere, ez dago alde handirik gaurko Txinaren egoeraren eta 1990ean bi Alemanien arteko batasunaren aurretik zegoenaren artean. 1832tik hona AEBek Txina eta itsasoko bideak kontrolatzeko tresna bezala erabili nahi izan dute Taiwan. Taiwango Gobernuak herritarroi AEBek defendatuko gaituztela esaten digun hori guztiz okerra da, ez dagoelako defentsa itunik, ez dagoelako bi armaden artean elkarlanerako gaitasunik, irlak ez duelako sakonera estrategikorik eta gure erresilientzia orokorra oso baxua delako. Taiwanek ezin du gudan sartu. Aukera hori herritarrontzat beldurgarria da.

Bidenek demokraziaren eredu gisa aurkeztu du Taiwan munduan. Baina Gobernuak adierazpen askatasuna murrizteko legeak onartu ditu, alderdi politiko asko utzi du legez kanpo, disidenteak eta alderdi politikoetako liderrak epaitu gabe kartzelaratu ditu, Kuomintangen (Taiwaneko alderdi komunistaren) ondasunak konfiskatu ditu… Taiwango demokrazia itxura besterik ez da.

JEFFREY SACHS: AEBek Taiwan Ukraina bezala darabilte. AEBek Taiwanekin ez dute kezkarik. Txinarekin bakarrik arduratzen dira eta Taiwan joko baten pieza bezala darabilte. Joko hitza aipatu dut AEBetako liderrek gai hau joko baten moduan darabiltelako, tirabiran irabazle suertatzeko asmoz. Ukrainarrek 600.000-700.000 hildako izan dituzte eta ehunka mila zauritu, eta guda-zelaian galtzen ari dira, AEBek duela 30 urte hasi zuten joko horren ondorioz. Gauza bera egiten ari dira Taiwanen, AEBek mundu osoan bezala Asian ere nagusia izan nahi dutelako.

Taiwan kontrolatuko balute, Txinak ezin izanen luke bere indarra Ozeano Pazifikora zabaldu. Baina Taiwan ez da herrialde independentea, Txinaren zatia da. AEBak probokazio nabarmena egiten ari dira Taiwani armak bidaltzean. Demagun Texas eta Estatuaren arteko harremanak ez ditugula gustuko. Txinak Texasera armak bidaltzea ontzat emanen al lukete? Izugarria da, besteak beste AEBek Taiwanekin harreman diplomatikorik ez dutelako. 1979tik AEBek Txina bakarra eta Gobernu bakarra onartu dute ofizialki. Taiwango herritarrei galdera hau eginen nieke: benetan Asiako ukrainarrak izan nahi al duzue?

JOANNA LEI: Taiwango Kinmenen azken bonbak duela 66 urte bota ziren. Juridikoki guda egoeran gaude, baina de facto bakean. Hori da Taiwanen egiazko egoera. Bakea erlatiboa da. 2005ean Kuomintangen eta Txinako Alderdi Komunistaren liderrek elkarri lehen aldiz eman zioten eskua eta zortzi urtez bake erlatiboan bizi izan ginen.  Gai praktikoak eztabaidatu eta akordioak sinatu genituen. Gure arazoak bi aldeetako liderren artean konpontzeko gai ginela erakutsi genuen.

Inflexio-puntua 2016an eman zen, AEBek Taiwanen independentzia bultzatzen hasi zenean. Txinak hiru marra gorri ezarri zuen gatazka militarra saihesteko: batasunaren bidea, AEBen eskuhartze militarra eta Taiwanen independentzia. Independentziaren alde muturreko jarrera dutenak %10 baino gutxiago direla uste dut. Baina, zoritxarrez, gure sistemak ez digu Gobernua kontrolatzeko eta dinamika separatistari aurre egiteko aukerarik ematen.

JEFFREY SACHS: Taiwaneko lagunei Henry Kissingerren esaldi ospetsua gogoratuko nieke: “AEBen etsai izatea arriskutsua da, lagun izatea heriotza da”. AEBengana gehiegi hurbiltzen bazara suntsitu eginen zaituztela esan nahi zuen Kissingerrek eta hala egin dute behin eta berriz. Trumpek politika bera eginen du. Arazoa ez da Taiwan, Txinaren arrakasta ekonomikoa baizik. Orain Txina gaizto bezala saldu behar da. Zigorrak ezarri behar zaizkio eta militarki inguratu. Misilen sistemak Txinara begira jarri behar ditugu eta Japonia, Hego Korea, Australia, Zeelanda Berria eta inguruko gainerakoen armadak indartu. AEBen helburua Txinari gailentzea da. Taiwanen papera Txina zatitzea eta ahultzea da, Txinaren nabigazio askatasuna mugatzea eta Txinari Pazifikorako sarrerak mugatzea. Trumpen administrazioko pertsona batzuk dagoeneko hasiak dira Txinak mundua hartzeko asmoa duela artikuluak eta liburuak idazten.

JOANNA LEI: AEBek bere itsas-armadaren %60 Ozeano Pazifikoaren mendebaldean jartzeko asmoa dute. AEBek estrategia hau bultzatzen jarraitzen badute, benetan arrisku handian egonen gara. Txinak ez baitu baimenduko AEBek indar militar handia izatea inguru horietan.

JEFFREY SACHS: Egia esan, mundua gidatu nahi dutenak AEBak dira. Txinak ez du inoiz bere 2225 urtetako historian mundua gidatzeko ahaleginik egin. Txina ez da mehatxu bat AEBentzat.

JOANNA LEI: Alemaniara joan nintzenean, elite ekonomikoek alboko otso basatiarekin oso ikaratuta bizi ginela esanen niela espero zuten, eta laguntza eske etorri nintzela. Harrituta geratu ziren gure arazoak kudeatzeko gai garela ziurtatu nielarik. Txundituta gelditu ziren. Zelenskik bezala laguntza eskatzera etorri ginela uste zuten. AEBak eta Txina munduko arazo asko konpontzeko gai direla esan zuen Trumpek. Serio esan zuen ala ez … egia da. Txinak ibilgailu elektrikoen industria handia garatu du, zero karbono ekimen bikainak, espazioan indartsu ari da, konputazio kuantikoa egiten du… Hau guztia garrantzitsua da munduko arazo asko konpontzeko. AEBek Txina munduko hainbat arazo konpontzeko bazkide gisa hartu beharko lukete.

BRICS eta Hego globalarekin oso pozik nago. Itxaropen handia dut, izan ere, orain BRICSek beste bederatzi herrialde hartu baititu bazkide gisa. Aukera berriak sortuko dira monetaren arloan, azpiegiturak indartzeko lankidetza handituz… Etorkizun itxaropentsua zabaltzen ari zaio Hego globalari.

JEFFREY SACHS: Zinez mundu multipolarra beharrezkoa da eta ongietorria eman behar diogu. Munduak ez du lider bakarra nahi. Orain funtsezko galdera zera da: mundu multipolar honetan aurrera egin al dezakegu? Erantzuna baiezkoa da, elkar errespetatzen badugu eta arazoak konpontzeko elkartzen bagara. BRICSek lan garrantzitsua eta positiboa egin lezake bide horretan. Eta zentzudunak bagara norabide hori hartuko dugu.

https://www.youtube.com/watch?v=BKGfwERZGsM&ab_channel=NeutralityStudiesEspa%C3%B1ol

Irakasle erretiratua. Nafarroa Garaia.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude