Beti begiratzen digute (Sartre)

Beti begiratzen digute (Sartre) – 

Jean-Paul Sartre eta begirada, hori ekarri nahi dut hizpidera honako lerrotan. Sartre eta begirada edota, agian hobeki esatera, bere begirada, begiradaren gaineko bere behakoa, zeinek jakin. Noan, segidan, kontu horretan ahalegintzera, gaingiroki balitz ere. “Izatea eta ezereza” bere obra handi-ospetsura egin beharko dut derrigor horretarako. Hor dihardu-eta luze, sakon eta aberats begiradari buruz, begiradak atzean, aurrean, zein berean berorretan izan lezakeen barrunbe zedarrigaitzaren gainean. Begirada dugu Sartreren filosofiaren oinarri-erdigunea, eta, areago eta bereziki, “Izatea eta ezereza” obrarena. Kontzeptu hau, baina, segi-segituan norbera eta hurkoaren arteko hartu-emanarekin dago hertsiki loturik. Begiradaren fenomenologia dugu finean eta buruan Sartrek luzatuko diguna; eta honen baitan argituko ditu hurren intersubjektibitatea eta askatasunaren moduko kontzeptuak.

Behakoa ez da ekintza fisiologiko huts, Sartreren ikusian. Askoz harago doa kontua. Hasteko eta behin, Sartreren fenomenologian begiradak ez du zertan maila arruntean begirada den hori izan; izanez ere, geure buruaz besteak egiten duen zeinahi errekonozimendu jotzen du Sartrek begiradatzat. Hurkoaren, lagun-hurkoaren, aurrez aurrera bultzatu-eta erakartzen gaitu begiradak. Hurkoa bera den errealitatearekin topo egitera garamatza begiradak eta, bateratsuki, gu geu garen errealitate hori eraldatzen digu nolabait edo beste. Hurkoaren begiratua sentitzen dugunero, gu geu garen horretaz nolabait desjabetua ere sentitzen dugu geure burua. Bestearen, lagun hurkoaren, behakoak objektibatzen gaitu, bestearentzat eginarazten gaitu, eta, horretara, mundu zabalean begiztatu-eta  epaituak izateko prestatzen gaitu. Orobat, nik besteari begiratzen baldin badiot, bera objektu ere bilakarazten dut eta, kasu honetan, neure burua begiratuta-edo sentiarazi diezadakeen subjektua izan ahal izatetik ezinduko dut dena delako pertsona hori.

Aurren-aurrenik, bestea ezin da izan nire arreta berarengana zuzendu dudalako agerian den zer edo zer; aurrenik, subjektua delarik begiratzen baitit beti. Horregatik hain justu ere, bestea ezin da eratu nire esperientziaren kategoria bateratzaile edo erregulatzaile moduan, une oro topatuz agertutako zerbaiten modukoa baita (par rencontre). Horrekin batera hautemandako bestearen begiradak zenbait erreakzio erasaten ditu geure baitan; lotsaren, beldur-izuaren edota arropuzkeriaren sentipenak ditugu erreakziorik nagusienak, Sartreren esanetan. Eta erreakzio suerte hauek ditugu hain justu ere geure askatasunaren beraren existentziaren frogarik argiena. Gure ekintzak direla-eta, geure burua juzgatua ikusten dugulako lotsa-edo senti dezakegu, gure zabalkizun den askatasuna arriskupean dakusagulako beldurra senti dezakegu, eta geure geurezkotasun errepikaezinaren ohartun garelako arrotasun sentipena ernatzen da geure baitan.

Geure burua ikusia izan den aldetik, geure subjektibitateaz jabetzen gara. Eta subjektbitate horretatik objektibizazioa ere segi daiteke, inondik ere pasiboa ez den objektibizazioa. Eta hasierako eraso honek, erasotuak izan izanaren sentipen ezin ekidinezko honek ahalbidetu lezake, hurren, agian, bestea objektutzat, niretzako objektutzat, agertu ahal izatea. Horrela arituz gero, bestea nire buruaren silueta moduko bat bailitzan, nik mugatzen dudana litzateke, nire “bestea-ez-izateko proiekzioan”-edo (Izatea eta ezereza, cfr. 348-352 or.).

Hortaz, ikusita moduan, bizipen guztiz paradoxiko eta kontraesankorra dugu begiradarena. Bateko, objektibatu gaitzake, besteko, subjektu asketzat bermatzen gaitu. Hemen datza preseski intersubjektibitate sartrearra konpreni ahal izateko gakoa. Lagun hurkoarekiko harremana ez dator bi kontzientziaren arteko bat-egitezko fusiotik, ez da inondik hortik eratorritako ezer, bi askatasunen arteko talka bizitik baizik. Besteak, begiratzen digun aldiro, askatasuna muga diezaguke, baina, berebat, geure burua subjektu libretzat aitortzea ahalbidetuko digu. Bestea norberari dagokio guztiz, baina ez da inondik norberarengandik eratortzen; norbere izatea eratzen laguntzen du besteak, baina ez a priori moduan, baizik-eta betiro gure faktikotasunaren situazio enpirikoetan konkretuki eta “ontikoki” agitzen den beharrezko zerbaiten moduan (Izatea eta ezereza, cfr, 309. or.).

Alabaina, begiradak bestearen absentzian jo dezake goia. Deigarria badirudi ere, bestea ez dagoen horretan zaigu begirada inoizkorik pisutsuen. Sartreren ikusian, bestea ez egoteak, bestearen absentziak, ez dakar berekin begiradaren desagertzea, ezta urrik eman ere. Bestearekiko atergabeko hartu-emanean eratuz joaten da gizakia eta lotura delako horrek, behin ezarriz gero, bere horretan dirau are bestea”fisikoki” ez dagoenean ere. Bestea jada aurrez egon denean, hau da, behin bizitzan murgildurik gaudela beti eta beti, orduantxe bestearen balizko absentzia ez da inolaz zerbaiten faltarekin lot litekeen ezer, guztiz bestera baizik, beste hori ezagutu izan dutenen kontzientzietan ematen den bestelako presentzia suertea baizik. Bestearen absentzia ez da bere presentzia eraldatua baino, alegia, distantzia batetik ematen den presentzia. Distantziatik diharduen presentzia absente honek baina, bestearen begiradaren indarra ahuldu ez, baizik-eta, guztiz bestera, eta are indartu ere egin lezake.

Barnatutako behakoa izan liteke, hortaz, gogorrena, errukigabeena, kupidagabeena, are bakardade hutsa zinez ezin eramanezko egiteraino ere. Sartreren ikusian, inguratzen gaituen orok, izan gauzakiek, izan espazioek, izan ikusitako ekintzek… den-denak du bestearen begiradaren igurtzia, den-denak gogorarazten digu ikusiak izaten ari garela edota berandu baino lehen, ezinbestean, ikusiak izango garela. Bestearen begirada, bere absentzian, behin norbere baitan barnatuta, geure buruaren irudi bat bueltatzen digun ispilu bilakatzen da, objektibatzen eta definitzen gaituen irudi bat bueltatzen diguna.

Lagun urkoaren begirada errukigabea espero zenuen horretan-horretantxe,
zaizu alboz albo ezin axolakaitzagokiro pasa,
kasik begiratzen ere ez dizularik,
kasik begirada ere izateko gutxienekorik ez duelarik,
zaizu pasa, bere indiferentzia guztizkoan pasa ere,
Eta orduan dihardukizu ezin krudelagokiro
esperoan zenuen begiradak,
zure gaineko zeure begiradak.
…………………………………………
Bere absentzian benaz eta zinez eramangaitza zaizun begirada,
hori duzu zinez gainetik ezin kenduta daukazuna,
albotik, axolakaitz, arinki…
inoiz igarotzen ez zaituena,
zure gaineko zeure begirada…
………………………………………………
Jada besteen begiradak gainean ez ditudanean,
naiz konturatzen,
nire begirada,
neure buruaren gaineko begirada, neure begirada,
ezin dudala inoiz saihestu.
…………………………………………..
Begira guztiek jada begiratu dizutenean,
begirada guztiak jada pasa direnean,
begirada guztiez jada gogaitua zaudenean,
orduan topatuko duzu zure gaineko begirada,
bere begirada gainetik inoiz kentzen ez dizun begiradarekin.
……………………………………………………………
Zeuk zeure begiradari so eginez,
zeure begiradaren aurrez aurre estrainekoz
begirada berri bateranzko argi bat zaizu ernatzen.
……………………………………………………………
Bere absentzian da zinez gogorrena begirada!

 

Igor Goitia

Beti begiratzen digute (Sartre)

Teologia ikasitakoa. Gai filosofiko eta espiritualetan jardunda.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude