Mintza eta praktika

Mintza eta praktika –

Mintza eta praktika
Arg: EKE

Praktikatzea ez da beti praktikoa Iparraldeko Siberia-Xiberoan, baina baliabide baliagarriak badira borondate baldin bada, barauari bihurtzeko bibostez! Euskara gure mintzairaz ari natzaizuela asmatu dukezue. Bitoriano Gandiaga poeta begi beltz bezain zorrotzak, laburbildu zuen gurearen pilda tristea zer den: «Hemen euskaraz ez dakienak berak jakingo du zergatik ez dakien. Baina hemen euskaraz ez dakienak ez digu uzten euskaraz egiten. Baina eta hemen euskaraz jakin arren euskaraz mintzatzen ez denak ere ez digu uzten euskaraz egiten». Dena errana, baina dena egiteko geratzen. Andozeko ibarraren sargian gaude, Orhi gaina ikusmiran… Zer gora, zer urrun! Nondik has? Hemendik, gauden lekutik, Gotaineko basamortuko mintzapraktikatik gure kasuan. Ibilaldi guztiak lehen urratsetik hasten dira (nahiz eta zazpi urte den horretan hasi ginela, hastapen eternala…). Mintza eta praktika.

«Erdaldunek ez gaituzte ezagutzen gure hizkuntzan» zioen Josean Artzek. Eta nabaritzen da gure taldettoan zer-nolako plazera den, zer-nolako aurkikuntza, erranaldi soil bat entelegatuz, beste soilago bat erranez, kantu soil bat xaramelatuz poeta herrikoi soilaren gogoan sartuz, nola euskararen baitan sar daitekeen. ‘Soil’ horiek guztiek sare polita osatzen dute azkenean. Den mendren urrats egiten duzunean euskararen baitan, ohartzen zara nola luhertza zabalduz doakizun, nola zure etxea kolorez aldatzen den, nola zu ere eraldatzen zaren ororen buru. Baina egarri hau ez baduzu aitzinetik zintzurrean sentitzen, hor bai zaila duzu partida. Gure gelako berina gibelean eskola frantseseko (bai-bai, oraino badaude!) haurrak pausan dira jolasean eta ez dute, ezin dezakete gure ikara sendi, ez gaituztelakoz ezagutzen gure hitzen barnetik. Behar bada bakan bat handitu eta, eskasia sentiturik, hegazti erraria bezala gau eskolako berinera hurbilduko da, eta gero mintza praktikara, nork daki?

Ustekabe ederrak badira hala ere: haur denboratik ezagutu neska gazte bat hurbildu zait berriki, txirula ikasi nahian. Baina hurbildu da… euskaraz! AEK-ko ikastaldi trinkoa egin eta urtearen buruan, gurearen baitan sartu da, «gutan» sartuz azkenean, aterik jo gabe! Orain ber etxean gara, ‘Euskararenean’ kolok, gure hitzen egoitzan. Gandiagaren hitza eguneratu duke, bera ezagutu batere gabe oraindik! Zerk egin du hein horretaratu den, noiz egarri su horrek bultzatu du, berak badakike, baina emaitza hor da, ez estatistika, bai dinamika, mintza, praktika, hitz eta aitzina pika. Eta bizia horretan balitz? Hastapen horretan jarrai dezagun, eternitatea luze baita alabaina, bukaera bereziki…

Ipar Euskal Herriko Hitzan argitaratua

Mintza eta praktika

Gotaineko haize epailea

Zer duzu buruan “Mintza eta praktika”-ri buruz

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude