2025ean arretaz eta patxadaz

2025ean arretaz eta patxadaz –

2025ean arretaz eta patxadaz

Gorka Urbizuren fana naiz, eta bere bakarkako lana gustatu zait. Eta hori beste, haren mezua: “Hau patxadaz egindako diskoa da eta, beharbada, patxadaz entzutekoa ere bai” (Argia, 2857). Izan ere, noiztik ez dugu disko bat patxadaz entzuten? Noiztik ez dugu pelikula bat osorik ikusten telefonoari begiratu gabe?

Gaur egun, multiatazaz funtzionatzen dugu, eta ez gara gai gauza bat bakarrik egiteko. Horrek eragina du gure kultur jardunean. Ziur zutabe hau irakurtzen duzun bitartean, musika izango duzula lagun, eta mugikorretik bazaude, hamaika jakinarazpen. Eta ez badut zure arreta berehala mantentzen, beste leiho batera jauzi egingo duzu; edozein aplikaziotara.

Presaka jarduten dugu. Obrak kontsumitzen ditugu, bata bestearen atzetik; antsiaz irentsi, pilatu edota baztertu. Pelikula bat bukatu eta beste gauza batera jartzen gara, utzi digun sentsazioa gozatu gabe. Liburuak apur bat aspertzen bagaitu, apalera itzuliko da, eta musikarekin zer esan, noiztik ez diogu kanta bati arreta osoa eskaini?

Estimuluak behar ditugu, etengabe, bata bestearen atzean, abiada bizian; eta kulturak patxada eta arreta, ordea. Gabonetan gaude, urte bukaeran, eta urte berriko asmoak aipatzeko garaia heldu da. Dagoeneko gimnasiora noanez, nirea hau da: multiataza albo batera uztea. Koaderno bat ere erosiko dut ideiak apuntatzeko, eta, auskalo, agian baten bat orriotara helduko da.

Bien bitartean, ondo ibili eta urte berri on!

2025ean arretaz eta patxadaz

APURKA APURKA Iritzi xelebreak, gogoeta alderebesak etabar. 1988an sortua eta 1989an jaioa. Ikasketez giza-zientziak eta komunikazioan lizenziatuta. Egun Berbaizu Euskara Elkartean lanean, bihar batek jakin.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude