2024ko 30 telesailik onenak

2024ko 30 telesailik onenak –

Gaizka Izagirre, Gaztezulon.


Ehunka, milaka telesail estreinatu dira aurten; guztiak ikustea ezinezkoa dela aspaldi onartu nuen, baina pantaila txikiak eskaintzen dituen jakien artetik ahalik eta gehien dastatzea dut gustuko. Aurtengoan maila bereziki altua egon dela sumatu dut, zinematografikoki oso aberatsak eta berritzaileak diren edukiak ikusi ditugu.

Aitortuko dizuet ahalegin ikaragarria izan dela soilik hauek aukeratzea, horregatik iragazki bat jartzea erabaki dut: aurten estreinatu diren miniserie edo telesailen aukeraketa da, denboraldi bat baino gehiago dituztenak kanpo utzi ditut.

2024ko 30 telesailik onenak

30- ‘The Day of the Jackal’ (Skyshowtime)

Eddie Redmayne aktore ezagunak jokatu du The Jackal (Txakala) pertsonaiaren rola: sikario iheskor eta bakartia da, areriorik gabea. Azken hilketaren ondoren, ordea, gauzak okertu egingo zaizkio: Britainia Handiko Inteligentzia Zerbitzu Sekretuko agente bat, Bianca (Lashana Lynch), atzetik dabilkio.  Hortik aurrera, Europan zeharreko jazarpen zirraragarri batean murgilduko dira. Katuaren eta saguaren arteko jolasaren eskema klasikoaz baliatuz, gaur egungo paisaia soziopolitikoarekin zuzenean lotzen da polizia thriller hau.  Argazki zuzendaritzak, eta arlo estetikoak, oro har, protagonistaren izaerarekin bat datorren hoztasun etengabea jariatzen du. Ekintza ugari ezlekuetan gertatzen dira (hotelak, aparkalekuak, geltokiak…) eta The Jackal-en bi errealitate paraleloen arteko zubi gisa funtzionatzen dute.

Hamar atal ditu guztira, eta, egiari zor, batzuetan gehiegi luzatu duten irudipena dut. Hala ere, oso maila oneko ekoizpena da, eta bikainki zukutzen ditu era honetako istorioek eskaintzen dituzten erreminta guztiak.

29- ‘Une Amie Dévouée’ (MAX)

Christelle ‘Chris’ Blandin -en istorioa azalduko du: 2015eko azaroko Pariseko erasoetan -zehazki Bataclan antzokian gertatu zirenak- bere ustezko bikotea, Vincent, zauritu larrien artean zegoela zioen emakumea. Aurrerago, gainera, kontakizunean bera ere eraso horietatik bizirik atera zela ere gehituko zuen. Guztia gezurra zen, asmaturiko istorio bat.  Gezur sare horren eraikuntzan, Vincent-en sare sozialak sortu zituen, harreman birtualak landu eta biktimen elkarteko kide garrantzitsua izaten amaitu zuen.  Zergatik? Zertarako? Guztiok buruan bueltaka dauzkagun galderak dira. Fikzioaren bidez iristen zaiguna argia da: protagonistak ez du soilik besteen errukia bilatzen, bere bizitzari zentzua emango dion egitura bat aurkitzea baizik. Komunitate baten kide izatearen nahiaz eta oinazearen erdian pertsonek balioetsiak izateko beharraz hausnartzen du.

Protagonistaren rola Laure Calamy aktore frantziarrak jokatu du; Christelle ‘Chris’ Blandin rockaren eta punkaren zale amorratua den paristarra da eta itxuraz konexio emozionalak aurkitzeko arazoak dituena. Ez nuke esango protagonista iruzurgile tipikoa denik; ez doa (soilik) etekin ekonomikoaren atzetik,  gogobetetze intimoago baten atzetik baizik, lorpen emozional batekin zerikusia duena, talde batean integratuta sentitzearekin eta bere lanagatik aitortua izatearekin lotura zuzenago duena. Calamy-k pertsonaia konplexu horrek behar dituen ñabardura guztiak eransten ditu.

Drama eta thriller psikologikoaren artean mugitzen den proposamena da, trauma kolektiboek dituzten oihartzunei buruzko ikuspegi oso interesgarria eskaintzen duen telesaila.

28- ‘Black Doves’ (Netflix)

Telesaileko protagonista bizitza bikoitza duen Helen Webb (Keira Knightley) da: Erresuma Batuko defentsa ministroaren emaztea da, baina baita senarraren sekretu profesionalak argitzen dituen espioia ere. Black Doves (Uso beltzak) Londresen Gabonetan girotutako thrillerra da eta umore dosi txikiekin bustia dago: egunotan ikusteko proposamen paregabea da, eta gainera, euskarazko azpitituluekin iritsi da.  Aitortu behar da egiantzik gabeko kontakizuna dela, hainbat egoera ezin sinetsizkoak direlako, baina ikus-entzunezko batekin katigatzeko gogoz bazabiltza, Black Doves paregabea da.  Generoan barruan ezer berritzailerik eskaintzen ez duen arren, protagonisten antzezpen lan bikainei eta pantailaratzea biribilari esker, ezin hobeto funtzionatzen du. Generoaren klixe guztiak topatuko dituzue, baina oso eraginkorra eta bizia da.

27- ‘Fallout’ (PrimeVideo)

Vaul-Tec konpainiak, gerra nuklear batek planeta suntsituko duelakoan, zenbait babesleku sortu ditu; bertan gutxi batzuk soilik bizi daitezke, dirudunak gehienak, gainerakoak lurrazalean biziraun beharko dute. Apokalipsi nuklear bat gertatu eta 200 urtetara girotzen da istorioa, 2296-ean zehazki. Lucyk, bilaketa zehatz bati ekiteko asmoz, babesleku horietako batetik lehenengoz kanpora atera behar duenean abiatzen da ekintza nagusia. Ingurune gogorra, arriskutsua, ezin deskribatuzko pertsona, izaki eta tribuak dituena. Estetika erretrofuturistaz lagunduta- zehazki Steampunkaren aldaera den Atompunka- hiru protagonista nagusi aurkezten ditu telesailak, paraleloki txandakatuz doazen eta batzuetan eszena berean bat egiten duten hiru ikuspunturekin batera: aipaturiko Lucy, Maximus eta nekrofagoa deritzona.

Atalak luzeak diren arren -ordubetekoak batez beste- ikuserraza iruditu zait, cliffhanger dosiak dituelako, baina batez ere erabili duten tonuagatik. Drama badago, basakeria, misterio apur bat ere bai, akzioa zer esanik ez, baina kontakizun osoa tonu ganberro eta umoretsuz bustia dago, baita satira sozial apur batez ere. Westword eta The Boys telesailak uztartuko bagenitu bezala.

26- ‘Dream Productions’ (Disney +)

Inside Out filmen unibertso berean garatzen da telesaila da, baina emozioak alde batera utzi eta mundu onirikoan jartzen du arreta. Ametsak dira orain komedia honen ardatza eta filmetakoa baino publiko gazteagoari zuzenduta dago.  Film horien spin-off moduko bat da, lehen eta bigarren filmen artean girotua, eta Riley-ren -filmetako neskato protagonista- ametsei forma emateaz arduratzen den zinema estudio moduko baten egunerokoa azaltzen du:  Dream Productions . Protagonista nagusia estudio horretako zuzendari sarituenetako bat izango da Paula Persimmon.  Arazo bati aurre egin beharko dio: Riley hazten ari da eta lehengo ametsek ez dute emaitza bera. Testuinguru horretan. ametsak eraikitzeko moduaren irudikapen satirikoa sortu dute; zinemaren munduari, Hollywoodeko estudio baten hierarkiari eta sorkuntza artistikoaren rol profesionalei buruzko erreferentziak etengabeak dira. Film luzeen eta seriearen arteko desberdintasunik handiena istorioa kontatzeko modua da; dokumental faltsuaren estiloa erabiliz grabatua dago -“The Office” telesailaren tankerakoa- eta horrek ukitu fresko eta oso dibertigarria eransten dio narrazioari.  Ikuslearen eta pertsonaien arteko konexioa sendoagoa eta une umoretsua gehiago sortzen dira.

Lau ataletan -motzegia da- nortasun propioa eta une gogoangarriak dituen obra trinko bat eraiki dute. Sormen prozesuaren zaurgarritasunaz edota zinema ulertzeko moduaz diharduen proposamen oso atsegina, maitagarria eta dibertigarria da.

jarraitu irakurtzen…

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude