Urumea zabortegi gisa erabiltzeagatik Donostiako Udalak 2022an ezarritako salaketa zertan den jakin nahi du Eguzkik

Urumea zabortegi gisa erabiltzeagatik –

Hiru urte pasatu dira Eguzkik salatu zuenetik Urumean, Maria Kristina eta Mundaizko zubien artean, sekulako hondakin-pila zegoela. Somierrak, komunak, bizikletak, garbigailuak… Guztira, 7 tona baino gehiago. Memoria freskatzeko, ikus bideoa:

 

Salaketak hedabideetan lortu zuen oihartzun handiari esker, Udalak neurriak hartu behar izan zituen, nahiz eta hasieran erantzukizuna nola edo hala saihesten saiatu zen. Izan ere, lehendabizi argudiatu zuen uholdeek eragindako hondakin-pilaketa zela; gero, berriz, garbiketaren ardura Urarena edo Kosta Zerbitzuarena zela. Baina, esan bezala, azkenean, talde bat bidali zuen hondakinak kentzera, hori bai, hiru hilabete geroago. Talde hark zortzi lan-egun behar izan zituen hondakin-pila hura erriotik ateratzeko: 7 tona.

Istorio hark atal berri bat izan zuen 2023ko apirilean, Udaltzaingoak ezagutarazi zuenean gizon bat atxilotu zuela, Urumean hondakinak pixkanaka baina etengabe botata, pilaketa harrigarri haren eragilea zelakoan. “Ingurumenaren aurkako delituagatik, Justiziak irmo jokatuko duela espero dut”, adierazi zuen Marisol Garmendiak, une hartan Donostiako Ekologia zinegotzia zenak.

Urumea zabortegi gisa erabiltzeagatik
Garbiketa-taldeak, zortzi egunetan, zazpi tona hondakin atera zituzten erriotik.

Geroztik, ordea, hogei hilabete baino gehiago pasatu dira, eta Udalak pertsona haren aurka jarritako salaketa zertan gelditu zen edo zertan den ez dakigu. Horregatik, honako informazio hau eskatzen dugu:

1. Zein da egoera? Salaketak aurrera egin du? Epaiketa egin da?

2. Egin bada, zein izan da emaitza?

3. Epaileak zigorra ezarri badu, zer zigor ezarri du?

Herritarrok informazio hori jasotzeko eskubidea dugula uste dugu, are gehiago gertatutakoaren neurria eta larria kontuan izanda.

Udalak informazio hori herritarron esku jartzen duen bitartean, Eguzkitik esan behar dugu pozik gaudela horrelako isurketak ez direlako berriro gertatu, eremu horretan behintzat. Baina, aldi berean, jarraitzen dugu aldarrikatzen udalek baliabideak jarri behar dituztela beraien udalerriak zeharkatzen dituzten erreka eta ibaiak, tarteka, garbitzeko, besteak beste, hondakinak itsasora irits daitezen saihesteko. Garbiketa horiek talde profesionalek egin behar dituzte. Noizean behin, “kontzientziazioaren” aitzakian, eskolumeekin edo boluntarioekin garbiketa-egun bat edo beste antolatzea ez zaigu onargarria iruditzen, baldin eta ibaia defendatzeko plangintza zabalago baten logikan txertatuta ez badago, behintzat. Zorionez, gero eta udal gehiago datoz bat ideia horrekin. Donostiakoa noiz izango da horietako bat?

Urumea zabortegi gisa erabiltzeagatik

Euskal Herriko talde ekologista eta antinuklearra

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude