Nork-nori-berea

Nork-nori-berea – 

Karmele Jaiori bere amak bezala, guri aitak esaten zigun, erabili ezean euskara hil egingo zela. Alabaina, bere aldarri hori ez zen nahikoa izaten, inguru erdaldundu batean bizi baikinen artean, eta neba-arreba gehienok kostata bihurtu ginen euskaldun (praktikante), ez guztiak hala ere.

Karmeleri bezala, niri ere iruditzen zait euskara bere testuinguru soziologiko-politiko-historikorik gabe irakasten dela kasu askotan, hizkuntza normalizatu bat izango bailitzan (agintari arrotzen diskurtso ankerraren eta bertoko agintarien diskurtso politikoki xuxenaren ondorioz), edota hizkuntza arrotz bat balitz bezala, ziurtagiria bai, baina euskara maite ez duten irakasleen eskutik zenbait kasutan.

Duela berrogeita hamar urte euskara(z) irakasten zutenen eta egungo askoren (ez denen) arteko aldeak agerikoak baitira, Garaikoetxea, Etxenike, Labaien eta enparauen Jaurlaritzaren eta osteko Jaurlaritzen arteko aldeak bezala adibidez, salbuespenak salbu.

Jaiok bezala, nik ere uste dut hain egoera zaurgarrira ekarri duten hizkuntza zapaldu bat ezin dela irakatsi militantzia eta ahalegin berezi baten beharra transmititu gabe, eta irakatsi behar dela euskara ez dela espainola, ez eta frantsesa ere. Geurea, euskara (euskaldunak) jazarria eta zapaldua dela egundaino, espainola eta frantsesa bortxaz inposatzen zaizkigun bitartean.

Eta bai, erabili ezean euskara galdu egingo dela (ari zaigu galtzen) gogorarazi behar da etengabe, lehenik eta behin arduradun politikoei, ardura eta eragin mailak eta mailak baitaude.

EAJri esan behar zaio, adibidez, baietz, kontuak eskatuko dizkiegula, baliabide publikoak kudeatzen dituzten guztiei bezala. Euskaldunok ez dugula agente euskarafoboz jositako Ertzaintza hau, PSOErekin adostutako Hezkuntza Lege erdaltzalerik edota espainola lehenesten duen EiTBrik merezi. EHBilduri esan behar zaion bezala bere euskaltzaletasuna ikaragarri epeldu dela, eta ezin duela alderdi euskarafobo baten (PSOEren) aurrean belauniko eta babesa ematen jarraitu.

Baina esan baino, aurre egin behar diegu alderdi, sindikatu eta bestelako eragile espainiar eta frantses arrazistei -euskarafobia arrazakeria mota bat baita- euskararen kantua eta euskaldunon herria desagertuko ez bagara.

Nork eta nori, berea.

Nork-nori-berea

Oinezkoa

5 pentsamendu “Nork-nori-berea”-ri buruz

  • 1.-Ingeles goiztiarra
    2.-Gaztetxoak digitalizazioan murgildu
    3.-Metodologia laxoak edo permisiboak
    Hori dago ikastola eta eskola askotan eta ez du ematen atzera egiteko asmo handirik dagoenik

  • Euskal kontzientzia landu gabe, ez dago euskal hiztun “praktikante” lortzerik. Egun euskalduntasuna eta abertzaletasuna zeharo lotuta daude. PNV-k zein EH Bildu-k aspaldi euren lehentasunak aldatu dituzte, eta euskal aberri kontzientzia, tamalez, ez dago hoien artean. Beraz, gizarte zibilak lekukoa hartu dezala eta XX. mende amaierako izpiritua berreskuratu dezagun.

  • Zehatzak izateko, euskarafobia, arrazakeria baino, xenofobia dela esango nuke. Baina bai, bada garaia gureganako tratuari bere izenaz deitzen hasteko.

  • Nire ustez, euskarafobian agertzen diren ezaugarriak, bai xenofobian eta baita arrazakerian ere oinarritzen dira. Alde batetik ezjakintasunean oinarritzen da. Euskaraz etxean ikasi ez dutelako, ezezagutza horrek ematen dien beldurra eta itxitasuna; euskara eta euskaldunak kanpokotzat hartu eta euren erdara puztutako harrokeriaz hartzeraino. Eta bestalde. erdararen nagusitasun-ideia dago oinarritua nabarmen. Nagusitasun-ideia honek ostera ez du batere beldurrik. Lotsagabe eta harrokeriaz jarduten du euskaldunon eta euskararen aurka inpunitate osoz, gainera.
    Beraz, artikuluak argitzen duen legez, euskaldunok bereziki jabetu eta prestatu behar gara, lehenik eta behin, bizkar ematen diguten horiek zeintzuk diren antzematen, eta era berean, lan egin beharra daukagu intentzio osoarekin jardun euskarafoboan dabiltzanen amorruaren aurka: halanola ezagutza hedatuz, edonon izanda ere; zein erdarari nagusitasuna ematen dien esparruetan nagusitasun gaixo hori ezabatuz; eta baita, euskaldunok geure buruaz harro izateko estrategietan ere.

  • Harri Tutti 2025-01-09 15:30

    Ertzain batek (euskaraz) herritar euskaldun bati:
    – Beharra daukazu gazteleraz egitea. Zergatik? Zure nortasun agirian “España” jartzen duelako.
    Ederra EAJk utzi digun polizia!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude