Euskaraldia egunerokotzen hasteko
Euskaraldia egunerokotzen hasteko –
Eman dezagun, zure inguruan ekimen euskaltzale bat abiatu nahi duzula. Agian bizi zaren herrian ez dago euskaraz funtzionatzen duen koro bat, dauden bizpahirutan euskaldunak gehiengoa izan arren. Edota euskaldunak nagusi ez garen hiri handi batean bizi zara, zure seme-alabek kirola euskaraz egin dezaten nahi zenuke, baina ez dago euskaraz funtzionatzen duen klubik. Euskara nagusi izango den barrutiak sortu nahian zabiltza, arlo batean edo bestean, egoera soziolinguistiko batean edo bestean. Ekinbide horretan, lehen urratsa, zu bezalako lagun gehiago aurkitzea da noski, lagun ugari bilduta sor baitaitezke horrelakoak. Nola aurkitu ordea? Orduan Euskaraldia datorkizu gogora, eta pentsatzen duzu zure herrian izena eman duten ehundaka edo milaka ahobizien artetik zailtasun handirik gabe osa litekeela ekimenak behar duen taldea. Jotzen duzu ahobizien errolda egin duen zure herriko euskara taldera laguntza eske eta hara!, ezin dizute lagundu, datu-babesaren legeak debekatzen dielako behar duzun informazioa zuri ematea.
Euskaraldian urte hauetan burututako lan itzelari esker, lehen aldiz osatu da euskaldunen errolda. Euskaraz bizi eta euskaraz kezkatzen diren euskaldunen errolda, euskaraz ere badakiten erdaldunekin nahastu gabea. Inkesta soziolinguistikoek aldarrikatzen dituzten 450.000 inguruko ametsezko kopurutik urrun gaudela erakusten diguna, baina nahasi gabea den heinean balio izugarria duena. Eta zer egiten dugu errolda horrekin? Ezer ez. Edozein ekinbiderako oinarri eta ezin besteko lehen urratsa izan beharko lukeen informazio altxorra, bitrina batean dugu antzututa. Hori da hori kapitala xahutzea.
Zorionez ordea, oso erraza da egoera hau aldatzea eta informazio altxor hori ekimen euskaltzaleen mesedetarako erabiltzea. Nahikoa da hurrengo Euskaraldiaren prestatze lanak hasterakoan, Ahobizi bakoitzaren datuak biltzerakoan, galdetzea ea baimena ematen duten haien datuak luzatzeko ekimen euskaltzaleak antolatzen dabiltzanei. Edota ea nahi duten, abian diren ekimen euskaltzaleen informazioa jaso, nahi izanez gero haietan parte hartzeko. Era batean edo bestean, euskaldunak saretzeko eta gotortzeko bideak ireki, gaurko antzutasun egoera atzean utzita., eta Euskaraldia eguneroko bihurtzeko tresna sortu.
2025eko Euskaraldia maiatzean izango da eta horri lotuta, tokiko euskara taldeen batzarrak deituko dira, urtarriletik hasita. Batzar horietan onartu beharko da, Ahobizien errolda egiterakoan, baimen eske horiek galdeketan sartzea, errolda hori lanerako tresna bihur dadin. Proposamena onirizten baduzu, eramazu bazkide zaren zure herriko euskara taldera.
Euskaraldia egunerokotzen hasteko
Arrazoi duzu, Juan Inazio. Errolda hori, bertan ageri direnen baimenarekin, tresna bikaina litzateke euskalgintzan (aurrera) urratsak emateko. Zeren zain daude/daude?
Orain dela bizpahiru hamarkada, hiri bateko Euskara talde batean neronek proposatu nuen euskaldunen errolda egitea, taldeak antolatzen zituen ekimenetan parte har zezaten haiengana heltzeko bitarteko gisa erabiltzeko. Ez hori bakarrik; zernolako jendea ziren euskaldunok hiri hartan, eta ongi ezagutzeko “zenbat garen”, nolakoak garen, ideiak zabaltzeko, konpromisoak hartzeko, elkarren artean loturak eraikitzeko, ekimenak aukeratzeko eta bideratzeko… administrazioen aurrean plataforma gisa jokatzeko, administrazioen zerbitzuak baliatzeko orduan geure hizkuntza tartean jartzeko… estrategia baten barnean… epe luzeago batean, hiuzkuntzaren aldetiko botere bat sortzeko, azpiegitura, lobi… baina taldeko jendeak ez zuen ulertu.
Are gehiago, neroni hasi nintzen errolda hori egiten, eskura nituen datuak bilduz, taldeak argitaratzen zuen buletineko harpidedunetatik hasita. Bost mila inguru izen bildu nituen, baina ez nuen gero baliatzerik izan. Eta bertan behera geratu zen kontua.
Geroago, udal Euskara-teknikariren batek bere herrikoa egin zuela jakin dut, bere zereginetan erabiltzekoa.
Nire aburuz, euskaldunak antolatu ezean eta boluntarismo (eskas) batean gelditzen garen bitartean, serio jokatu gabe, jai dugu.
Eta datuen kontua dela eta, ez da hobeagoa egun horietan euskatzaleentzako ekimenak prestatzea (kontzertuak, antzerkia, haurrentzako jolasak, poteoak…) partaideek ekimen horietan elkar ezagutzeko aukera izan dezaten?
Bestalde, gaur egun, interneti esker, ez da haien zaila jendea saretzea.
Osagarri interesgarria litzateke dudarik gabe Hego, baina ezin hobea iritzi Euskaraldiaren aldi laburraren baitan mugatzen den ezeri. Eta interneta berriz oso tresna ahula da euskaldun guztiak saretzeko. Nahiago nuke horrela ez balitz, lana erraztuko lukeelako, baina datuak hor daude. Plaza honetako iazko estatistikak erkatu Ahobizien kopuruarekin.