Egia-ostearen lokatzetan

Egia-ostearen lokatzetan –

Diru aski egonez gero posible da hedabide sozial handiena erostea iritziak aldarazteko, zilegi bihurtu da zernahi erratea eta gezurrak lotsarik gabe botatzea. Mesfidantza globala areagotu den testuinguru honetan, instituzionalizatu diren iritzi aurrerakoiek ez dute indarrik: beren helburua ez betetzeaz gain, elitistatzat jotzen ditu elite global berriak, kontraesanen beldurrik gabe. Lokatz horietatik ateratzea ez da errexa izanen.

Egia-ostearen lokatzetan
Egia edo ondorioak

Oroitzen naiz 2013ko urriaren 6az, igande hartan Baionan bultzatzen genuen Alternatiba, klimaren aldeko mugimendua bilakatuko zena. Egun hartako bukaerako hitzaldiaren hasieratik bertatik klimatologoek ziotena oroitarazten genuen, egoeraren larritasuna azpimarratzeko asmoz. Ordutik bi urtera igaroko zen 2015eko COP21aren negoziazioetan gizarte zibilaren eraginaren parte izan nahi genuen, eta ikuspegi laburreko politikariak ez bezala herritar arruntek zientzia ulertu eta funts gehiagorekin ondorioak ulertzen zituztela erakutsi nahi genuen ere. Adituek diotena fidagarritzat eta argudio nagusitzat genuen, oinarritzat genuen. Hazi ginen munduan, garrantzitsutzat genituen gauza frogatuak, zientziaren edota inbestigazio zintzo eta zorrotzen emaitzak. Eskolan ikasi genuen argudiatzen, demostratzen. Bertzela erranik, elkarren arteko egia egiaztatua zen denen arteko munduaren oinarria. Ez ginen prest 2016an zabalduko zen egia-ostea deituriko garairako, egiaren gainditze, ezkutaketa, ezabaketa, garrantzia kentze horretarako. Ildo horren hainbat narratiba hain zentzugabeak izanki, ez zen nondik erantzuterik, eta askorentzat kasu egitea ere ez zuen pena merezi, «gu, gurera» zen jokaera. Dena den, klimaren aldeko mugimendua ez zen horregatik gelditu, eta gu gure xokotik baino maila askoz handiagoan abiatu zen Greta Thunbergek bultzaturiko Fridays For Future mugimendua. Horrek etenaldi bat izan zuen 2020an noski, jarduera guziek bezala.

Mesfidantzaren gorakada, noren mesedetan?

Baina 2020-2022 urteetan bertzelako zurrumurruak entzuten hasi ginen, batez ere mezularitzetan eta sare sozialetan. Jada, adituen hitzek ez zuten lehen bezalako balioa, mesfidantza zabaltzen hasi zen. Adituak eta instituzioak, multzo berean sartzen hasi ziren, eta instituzioen ganako mesfidantza zabaldu zen adituen gana. Hasieran osasun kontuetan, baina laster ere pandemiarekin zerikusirik ez zuten klima kontuetan ere mezu etsigarri batzuk ageri ziren.

«Adituak eta instituzioak, multzo berean sartzen hasi ziren, eta instituzioen ganako mesfidantza zabaldu zen adituen gana.»

Hamar urte lehenago betirako gezurtatutzat genituen hainbat narratiba («erdiaroan beroagoa zen», «eguzki zikloengatik da» eta halako) lurperatuak ziren tokitik berriz altxa ziren zonbien gisan, eztabaida antzuetan denbora galarazteko. Zalantzak izatea eta hortik abiatuz gauzak aztertzea eta eztabaidatzea ongi da beti, zientzia hala aitzinatzen baita. Baina kasu gehiegitan hori ezinezkoa bihurtu zen, mundua ulertzeko denen arteko oinarri gutiegi gelditzen zelako. Horren ildotik, anekdota bat bereziki deigarria izan zitzaidan: 2021ean nere lankide batek (ozeonagrafoa ofizioz, dantzaria afizioz eta ezkerreko militantea) bere auzolagun batekin (ezkerrekoa ere) solasten ari zen covid kontuetaz. Auzolagunak «baina zu zientzialaria zara, orduan sistema defendatuko duzu» erran zion arte. Lankidea aho bete hortz. «Sistema alda dezagun, ez klima!» lemarekin bat egiten duen bati «sistema defendatzea» leporatzeak gaizki ulertze sakon bat erakusten zuen, polarizazio berri bat. Auzolagun horri, kutsu akademiko edo ofizial edo instituzionala zuen guziak mesfidantza sortzen zion, teknokratiko eta elitistatzat jotzen zuen, eta susmo hori agertuz gero ez zuen gehiago entzuteko gogorik. Lankidearentzat, aldiz, zientzia da etorkizun hobe bat eraikitzeko tresnetarik bat, eta ikuspegi laburreko politikariei zientziaren emaitzen inplikazioak aintzat harraraztea gure garai honetako erronka handia da. Nola elkar ulertarazi zientzialari-militantea eta ezkertiar mesfidatia? Iritzi hurbilak izan behar lituzketen bi pertsona horien arteko arrakala nondik heldu da?

Hedabideak zer bilakatu diren

Zabaldu den mesfidantza horretan hedabideek ardura handia dute. Hedabideetan ere polarizazioa areagotu da azken urteotan. Batzuek adituak elkarrizketatzen dituzte baina ez dira ausartzen ikuspegi laburreko politikariei gauza handirik leporatzera, edo egitekotan leunki eta doinu adeitsu batekin. Kontu horietan doinuak badu garrantzia, eta adeitasun horri alergia diotenentzat, horrek denak sistemaren usain gehiegi du. Bertze multzo batek ahots kritikoagoa du, doinua haserre edo mingotsagoa, «politikoki zuzena» gaitzesten duena. Hor dago koska, «politikoki zuzena» delakoaren aurkako borroka eskuin muturrak bereganatu baitu aspaldi, eta gaur egungo tresnek sekulako oihartzuna ematen diote. ARGIAko Larrun 300. alean Gorka Peñagarikanok arras ongi laburbiltzen duen bezala, garai postmodernootan eskuin muturrak «alternatiba» eskaintzen du Europan. Feminismoaren bandera inoiz baino instituzionalizatuago dago, baita ekologismoarena ere, praktikan eztabaidatu bagenezake ere zenbateraino balio duen… Bada, instituzionalizatuta dauden iritzi aurrerakoi horien aurka egitea da eskuin muturrak eskaintzen duena, «askatzailea» dena. Baina eskuin muturraren «eskaintza» hori ez da soilik termino politikoetakoa, baizik eta eskaintzeko moduak ere badu berebiziko garrantzia. Ultraeskuina ez da soilik hedabide konbentzionaletan agertzen, edo ez ditu horiek soilik erabiltzen. Bere estrategia izan da ekosistema propio bat eratzea. […] Estrategia horren eta eskuin muturrak gazteengan duen eraginaren zergatia ulertzeko, datu hauek gurutzatu behar dira: munduko 46 herrialdetako 18 eta 24 urte arteko herritarrei galdetuta, ia erdiak bakar-bakarrik sare sozialak erabiltzen ditu ustez informatuta egoteko.

Hasieran sare sozialak zirenak hedabide sozialak bilakatu ziren, eta gero algoritmoetan oinarrituriko hedabideak, baina egia axola ez zaizkienak. The Guardian aldizkarian Carole Cadwalladrek berriki idazten zuen bezala, hedabide sozialak gaur egun hedabide nagusiak dira, bertan munduko jende gehienek berriak ikusten dituztelako. Baina dena den nori axola zaizkio berriak? Bertan denek aurkitzen dituzte memeak eta txisteak, eta etengabe aldatzen diren tendentziak kontsumitu. Ahantzi «internet kultura», internet bera da kultura, eta bertan borrokatu eta irabazi zen [AEBtako] hauteskundea, bozkak hasi baino askoz lehenago. «Tech-bro» horiek badakite. Ez dute gehiago kazetarien beldurrik. Oraindik goiti kaztetariek ikasiko dute horien beldur izaten. Jada hori oligarkia baita. Hori da estatuaren eta botere komertzialaren fusioa, buruzagitza duen elite batean.

«Munduko 46 herrialdetako 18 eta 24 urte arteko herritarrei galdetuta, ia erdiak bakar-bakarrik sare sozialak erabiltzen ditu ustez informatuta egoteko.»

Elite horrentzat hedabideak kontrolatzea luzaz izan da xede, Joseba Gabilondok bere blogean oroitarazi bezala: Musk, Murdoch edo Thiel bezalako eliteko bilionariak komunikabideak kontrolatzen saiatu dira (Fox News, Twitter/X…), aldiberean, beste komunikabide batzuen jabe bilionari liberalagoak bortxatuz (Bezos-Amazon, Zuckerberg-Meta-Facebook, Cook-Apple). Helburua hiritargoarengan Estatuarekiko eta gobernuarekiko mesfidantza sortzea da eta, hedapenez, baita elite neoliberal aurrerakoiekiko.

Elite globala eta alderantzizkatze semantikoak

Hor dago koska (bat gehiago): elite neoliberal aurrerakoiarekiko mesfidantza zabalduz, elite «tech-bro» kapitalista atzerakoia sartzen da boterearen muinera. Horrela mila milioidun batek hainbat milioi jenderi sinestarazi diezaieke «elitetik kanpo» dela, sistemari hordago egiten diola, eta bere dirutzarra burmuin denbora librea (1) kolonizatzeko erabiliz, hilabete batzuk geroago munduko estatu boteretsuenaren gobernuaren muinean egon.

«Milamilioidun batek hainbat milioi jenderi sinestarazi diezaieke «elitetik kanpo» dela, sistemari hordago egiten diola.»

Halako alderantzizkatze semantikoak ohikoak dira, eta gehiegi funtzionatzen ikusi ditugu adibidez ekologismoaren kontrako erretorikan: «desinformazioa» salatzeko aitzakiaren pean gezurretan ibili; erregai fosilen sektoreak (lobby izigarri indartsuan antolatua dena) asmaturiko lobbyen eragina salatzen; «pentsamendu bakarraren aurka» ari direla sozialki eta ekonomikoki pribilegiatuetan pribilegiatuenak izanik; «viva la libertad, carajo!» oihuka ari zenaren lehen neurriak emakumeen askatasunen aurka izatea; eta abar.

Gezurraren garaipena ote?

Simone Weil filosofoak idatzi zuen giza arimaren behar sakratuena sugestionatzearen eta akatsaren aurkako babesa zela. Zer erranen luke gaur biziko balitz, lokatz hain sakon horren aurrean? FutureZone zientzia aldizkarian Florian Aigner fisikariak idatzi berri du: Gezurrak ez dira gehiago lotsagarriak.Trumpen presidenteordeak hori deblaukierran du: «historiak asmatu» behar balitu hedabideen arreta lortzeko, eginen lukeela erran du JD Vancek. Hori da azken urteotan murgildu gaituen haustura kultural itogarria: ez datza gezurrean bertan, baizik eta idatzi gabeko lege baten suntsipenean, inork inoiz kolokan jarri ez zuen lege bat: berez, gezurretan aritzea gaizki dela. Beti lehenetsi behar genituzkeela jende zintzoak ospe txarreko gezurtiak baino. Oinarrizko gizarte-kontsentsu hori hausten bada, gauza asko zalantzan daude: nola izan daiteke oraindik erabaki demokratikorik? Nola sartzen ahalko genuke egitate zientifikorik eztabaida politikoetan? Nola pentsamendu arrazionalak bere burua errespetarazi lema harroputzen aurrean?

Hori ere burujabetza kontua da, eta kolektiboki kontu honetan oso berandu gabiltza. Naomi Kleinek populismo ekologiko baten beharra aipatzen du, gaia bertzaldi baterako utziko dugu.

(1) 2004an TF1 telebista katearen zuzendariak erran zuen « ce que nous vendons à Coca-Cola, c’est du temps de cerveau humain disponible »

Egia-ostearen lokatzetan  Egia-ostearen lokatzetan  Egia-ostearen lokatzetan  Egia-ostearen lokatzetan  Egia-ostearen lokatzetan  Egia-ostearen lokatzetan  Egia-ostearen lokatzetan  Egia-ostearen lokatzetan  Egia-ostearen lokatzetan  Egia-ostearen lokatzetan  Egia-ostearen lokatzetan  Egia-ostearen lokatzetan  Egia-ostearen lokatzetan

Ikertzailea, Bizi!ko kidea, baratzezaina eta irrati kronikalaria

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude