Klasikoak
Klasikoak –
Elkarri gurarik onenak opa dizkiogu urte-sasoi honetan, gertakizun denak gure alde joka dezan. Gauerdian ez dugu patu berria estreinatuko, aurreko urtean —zuzen edo baldar— eraiki dugunaren puntu eta jarraia izango baita datorrena, zur bereko ezpala. Denborak eskuarki jauzi txikietan egiten du aurrera, olatuen segida lasaiaz, oso bakanak baitira egun batetik bestera den-dena aldatzen duten tsunamiak. Aurreranezinak diren aldaketa bortitz horiek definizioz ezkutuan zaizkigu, baina olatu txiki horien kadentziak norantz jotzen duen aldez aurretik behatu dezakegu, bidaia berria prestatzen lagungarria izan daiteke.
Heraklitok esan zuen aldaketa dela egonkorra den indar bakarra eta enpresa-munduan ederki ikasi dugu hori, luzea baita aterabide argirik ez duen bidegurutzean daramagun denbora: berrikuntza, iraunkortasuna eta moldagarritasuna konbinatu behar ditugula ongi dakigu, baina ezin asmatu zein den proportzio eta urgentzia zehatza. 2025. urteko hortz mugari begiratuta, galdera berberak ikusten ditugu, kontakizun klasikoaren harian harilkatu daitezkeenak bizpahiru iragarpenekin. Goazen!
Lehena. Ziurgabetasun ekonomiko globalak protekzionismoaren Sargazoen itsasora garamatza. Ozeano globalizatu zabalean politika protekzionistak Sargazoen itsasoa bezala azaleratzen dira, enpresa-nabigazioa motelduta eta oztopatuta. 2025erako aurreikusitako merkataritza-murrizketek eta tentsio geopolitikoek argonauta modernoen gisan marraztuko ditu enpresak, arintasunez eta erresilientziaz egokitzea beste erremediorik ez baitago. Hornidura-kateak dibertsifikatzea eta merkatu berriak esploratzea izango dira ur nahasi horiek saihesteko kandelak eta lemak. Gogor saiatu beharko dute, haizeak ez baitu alde joko.
Bigarrena. Adimen artifiziala finantza-merkatuen Prometeo berria izango dela diote, ia aho batez, adituek. Promesa futurista izateari utzi dio aurten eta nonahiko errealitate bihurtu denez gero, ez da oso bizkorra izan behar aurreikusteko arlo horretantxe aurki dezakeela teknologia berriak bere loraldia. Prometeok jainkoei lapurtu zien suaren parekoa da, botere izugarria eskaintzen duen abantaila eta finantza merkatuetako bazter ilunenak argitzeko gai izango dela ez dago dudarik. Inbertsio-merkatu globaletan algoritmoak jaun eta jabe dira aspalditik, baina datorren urtean inbertsiogile edo aurreztaile arruntaren mailaraino zabalduko da beren irismena. Banketxeko leihatilako langileak batuko ditu hipoteka emateko eskatu dizkiguten paperak, baina algoritmoa izango da erabakia hartuko duena, Orakulu orojakilearen gisan. Ikuskizun da oraindik zein ondorio izango dituen horrek, baina mitologia greziarrean bezala, hobe genuke tentu handiz ibiltzea, sua eskuratuta abantaila eta kalapita, biak ala biak, askatu daitezke eta.
Hirugarrena. Enpresek Itakarako itzulerako bidea hartuko dute, askotariko abenturak igaro eta gero. Ulisesek bere odisean ikusi eta pairatu zituenen parekoak ikusi eta sufritu dituzte enpresek eta orain, itzulerako bidaian praktika jasangarriagoak dituzte helburu. Ekonomia zirkularra araua izango den Itaka baten bila ari dira eta sirena-hotsak entzuten dira nabarmen, berrerabilpena eta murrizketa baitira norabidea gidatzen duten hotsak; ez amarrua egiteko, itxaropen- eta berrikuntza-doinuez baizik. 2025erako, inbertsio berdeek gorakada izango dute eta inpaktu-inbertsioaren loraldia iragartzen dute adituek. Hala bedi.
Iragarpenak zuzen edo okerrak izan daitezke, baina dudarik ez da 2025. urtea enpresa-epikaren beste kapitulu bat izango dela, gure narratiba garaikidea osatzera garamatzana. Joerek zer etor daitekeen esaten digute, baina kapitulua idaztea guri dagokigu. Klasikoen amaitzeko, gogoan izan Charles Dickens handiaren aipua: “Garairik onena zen, eta baita garairik txarrena ere. Jakinduriaren aldia, eta baita eromenarena ere. Argiaren eta iluntasunaren aroa zen”.
Halakoxea izan da 2024. urtea eta halakoxea izango da bihartik aurrera ere. Urte berri on.