Ardi narruz jantzirik – 200 urte ostian berpiztutako gabon kantia

Ardi narruz jantzirik – 200 urte ostian berpiztutako gabon kantia –

Oier Gorosabelek Garagoittiko Orakulua blogean.

Aurreko baten, hitzaldi bat izan genduan Lekitton. Interesgarrija izan zan, arrazoi bikotxangaittik: batetik, berez hizlarijak (Jabier Kaltzakorta eta Ibon RG) kontatzeko eukenakaittik, eta bestetik, ustekabian, galdutzat geunkan kantu bat “hain galduta” ez eguala deskubridu gendualako.

Ardi narruz jantzirik - 200 urte ostian berpiztutako gabon kantiaHiribildua sortu zaneko 700 urteurrena dala eta, Udalak bultzatuten diharduan urte osoko ospakizunetako bat izan zan hitzaldi hau. Izenburua “Lekeitioko tradiziozko kantak” bazan be, Jabier Kaltzakortan kontakizuna Juan Antonio Aboitiz abade eta bertso barregarri egilliak sortutako kantetan zentra zan, eta bereziki “Ardi narruz jantzirik” izenekuan, Kaltzakortak berak Juan Bautista Eguzkitzan eta Julio Urkijon arteko gutunetatik berreskura barri dabena.

Kantu hau, ustez, galduta eguan. Hau da: oin dala 200 urte sortu eban Aboitizek; oin dala 100 urte Vicente Egilleor arrantzale zaharrari jaso eutson Eguzkitzak; eta Kaltzakortak historia osua bildu dabenerako, iñok ez (ei) eban ezagututen. Hori dala eta, hitzaldi honetarako, Ibon RG musikarijak apropos doiñu bat sortu eban. Kontu politta: gabonen atarijan, 100 urtian kanta ez dan Lekittoko gabon kanta bat berreskuratutia, herrittarren ahotara atzera ekarteko.

Eta halan egin eben: konta biharrekuak konta, “Ardi narruz jantzirik” bertsuak azaldu, Ibon RGk doiñua emon, eta ikusle guztiok kantuan ipiñi. Ekittaldi biribilla izango zan, halan amaittu ezkero; baiña orduantxe etorri, sorpresia.

Hara nun ikuslietako bat, 85 urtetako Juan Luis Goitia, hizlarijengana hurreratzen dan, zer eta bertsuotako bat ezagutzen dabela esateko. Baitta bertan jo-ta kanta be!!

Eta bai; Goitiak kantatako hori “Ardi narruz jantzirik” sortian 3garren bertsua da. Doiñua, ostera, nik ez neuke zihetz esango “Hiru errege datoz…” doiñu ezagunan aldaera bat ete dan (bideo honetan Beatriz emaztiak diñuan modura) edo beste doiñu orijinalen bat; adituak hobeto esango dabe hori. Izan be, Kaltzakortak argittutako modura, bertsuak zortziko txikiñak diraz eta beraz doiñu interkanbiable ugari dagoz; batek daki Aboitizek zeiñ doiñukin sortuko ete eban 1800 bueltan, eta Eguzkitzak zein doiñukin jaso eutsan Egilleorri 1900 inguruan! Edozelan be: hamen polittena kontu hau da, etnografian arrarua ez dan gertakarija: ikerlarijak hiltzat emoniko kantu bat bizirik (baiña ezkutuan) iraun dabela topatutia. Danok harrittuta, baiña danok pozik. Ai, halako ustekabe zoriontsu gehijago izango bagenduz!

Horretara, oin  “Ardi narruz jantzirik” gabon kanta politta zatika barik, oso-osorik daukogu. Eta doiñu bat ez, BI daukoguz aukeran Lekittoko kaletan berpiztu ahal izateko. Berotu abotsa eta… ekin kantatiari!

Ardi narruz jantzirik – 200 urte ostian berpiztutako gabon kantia

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude