Ez itaundu zer egingo duten instituzioek (alderdiek) euskararen alde

Ez itaundu zer egingo duten instituzioek (alderdiek) euskararen alde –

Ez itaundu zer egingo duten instituzioek (alderdiek) euskararen aldeEAJren Euzkadi Buru Batzarreko kideek euskararen egunean esanak:

“Entzun, euskaldunok! Onartu dezagun geure erantzukizuna: ez dezagun egotzi erantzukizuna besteen lepora. Ez dezagun itaundu ea zer egingo duten instituzioek euskararen alde. Egin dezagun euskaraz. Ez diezaiogun inori konturik eskatu…”

“Gure artean euskaraz jardun dugu, bai familian, bai lagunartean. Eremu horietan ez dago atzerri-herrietako botereen eraginik. Euskaldunok euskaraz badihardugu geure artean, guri bost bestek zer dioen”

“Euskaraz jardun beharrean, euskaraz jakin arren, erdaraz badihardugu, euskara ezkutatu, ostendu, lekutu, desagertu egiten dugu, kanpoko inoren eragin barik. Guk geuk bakarrik baztertzen dugu euskara, erdaraz dihardugun bakoitzean…”

Ez dezagun itaundu, ez baitu erantzun errazik / jatorrik.
Nola azaldu EiTBko Zuzendari Nagusi izateko erdaldun bat izendatu zuela EAJ-k?
Eta eitb.eus eta “social media” zuzentzeko beste zuzendari erdaldun bat izendatu dutela oraintsu?
Ez da erraz azaltzen zergatik dagoen gero eta ertzain / udaltzain euskarafobo gehiago; zergatik diren %90 españolez EAJren hedabideak, zergatik sustatzen diren españolezko kate publikoak (ETB2, Radio Euskadi…) eta baztertzen euskarazkoak, zergatik bere ordezkariek ematen dioten erabateko lehentasuna españolari, nola Madrilgo Kongresu eta Senatuan, baita Gasteizko eta Iruñeko legebiltzarretan, hiriburuetako udaletan, eta abar…

Ulergarria da ez galdetzeko eskatzea, bai.
Baina ulertzen zailagoa, harrigarria, boterean hainbeste urte eman eta gero ere, oraindik ez jakitea “atzerriko (eta bertoko) botereek” zuzenean eragiten dutela, txarrerako normalean, familiarteko eta lagunarteko hizkuntz erabileran. ETB2k, Radio Euskadik, Noticias taldeak eta erdarazko dozenaka hedabideek, adibidez. Hamaika adibide eman genitzake, galdetu zuen inguruko euskaltzaleei.
Euskaraz jardun beharrean, erdaraz badiharduzue, euskara ezkutatu, ostendu, lekutu, desagerrarazi egiten duzue. Hori egia da. Eta horrek balio du zuentzat eta beste edozein alderditako ordezkarientzat. Horregatik, hain zuzen, PPk, Voxek edota PSOEk ez dute euskara ezertarako erabiltzen, eta oso gutxi Sumarrek, Podemosek eta enparauek.

Horregatik guztiagatik, Itaun diezaiegun publikoki instituzioei, alderdi politikoei eta bestelako gizarte-eragileei zer egiten duten euskaldunon (euskararen) alde, gure hizkuntz eskubide oinarrizkoenak errespetatzen ote dituzten, horietako asko euskarafoboak nahi gabe ala nahita diren, eta abar.
Izan ere, menpeko bakarrik ez, otzan eta mutu nahi baikaituzte.

Ez itaundu zer egingo duten instituzioek (alderdiek) euskararen alde

Oinezkoa

6 pentsamendu “Ez itaundu zer egingo duten instituzioek (alderdiek) euskararen alde”-ri buruz

  • Juan Inazio Hartsuaga Atzo

    Sabino Aranak fundatu zuen une beretik PNVk gaztelania hobetsi du komunikazio orokorrerako, eta euskara sinbolismoaren alorrean utzi du, zokoratuta, mugatuta. Hizkuntzen arteko lan banaketa hori ez da geroztik inoiz aldatu eta ez du ematen etorkizunean ere aldatzeko tankera duenik. Mende eta laurdeneko aldia ez al da ba nahiko luze zer dagoen baitaratu eta harritzeari behingoz uzteko?

  • JJ Agirre Atzo

    Ez gara bere jardunaz harritzen, ohituta baikaude. Harritzen gaitu, koxka bat gehiago egin eta eurei konturik ez eskatzeko galdatu izanak. Larrua…

  • Ziriñe Atzo

    Botere(txo)an hainbeste urte eman eta gero, PNVk ondo daki “atzerriko (eta bertoko) botereek” zuzenean eragiten dutela, txarrerako normalean, familiarteko eta lagunarteko hizkuntz erabileran. Baina PNVk politika egiten du, ez soziolinguistika, noiz eta euskararen egunean horrelakoak esatean.

    PNV euskaldunon lepo jartzen ari da euskararen egoeraren errua, erdaldunek egiten duten bezala (“Euskera pa qué, si no se habla!”), bere politika euskarazida zuritzeko.

    Alegia, hiltzen utzi, hiltzera bultzatu, eta errua hiztunei bota.

  • Izo Atzo

    Baina ez da horrenbesterako eta!
    Jendeak ez badu euskaraz egiten jendearen errua da. Ez dagoela euskaraz jarduteko baldintza egokirik? Tira, tira, nahi denean ahal da, alfer ostiyok!
    Eta gazteek ez badute etxea alokatu edo erosten, gazteen errua da. Lantegiak ixten badira, langileena, eta itsasoa kutsatuta badago, arrainena!
    EAJko burukideak ez daude gure apetak asetzeko… eurenak baizik!

  • Jone Atzo

    Burukide hauek denak Euskaraldian lehen lerroan jarriko dira argazkietan, kopetaprest.

  • Iparre Atzo

    Politika ikuspegi bakezale eta gizarte sano bat egiteko bidean ari denak ez du dena zilegi. Demokraziak oposizioa; bestea, behar du besteak beste. Zaindu eta begirunea izan behar dio jendeari. Horrexegatik ez sortu zenean, eta ezta egun ere, ez du lekurik ETB2 deritsoten telebista-kate horrek. ETB1 bezalakoak zaindu beharrekoak dira. Beste bide asko direlako erdaraz jarduteko. Eta horrela beste hainbeste adibide daude. Baina politika egin behar! Eta politika ziztrin horretan jarduteko horrela jardun behar. Politika egitea libre da antza. Horrenbestez, galdera da: politikan jende multzo bat beste baten kontra aritzea (suntsitzeko asmoz), eta desberdina suntsitu arte aritzeko bidean jendea bata bestearen kontra ipintzea, zilegi ahal da?

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude