Elon Musk eta Sobietar kosmistak
Elon Musk eta Sobietar kosmistak –
Gaur egun, teknologiaren eta zientziaren aurrerapen azkarren eraginez, gizartearen norabidea eta etorkizunaren inguruko eztabaidak gero eta sakonagoak dira. Bi mugimendu nagusik hartu dute protagonismoa espazioari buruzko ikuspegietan: kosmismoak eta transhumanismoak. Nahiz eta biak aurrerapen teknologikoaren eta gizakiaren ahalmenen hedapenean oinarritu, haien jatorria, helburuak eta balioak sakonki desberdinak dira. Batzuetan, kosmismotzat ulertu beharko genukeena transhumanismotzat hartzen da komunikabideetan. Gaur egungo munduan transhumanismoa nagusitu den bitartean, kosmismoa ia ahaztuta geratu da; hala ere, zer gertatuko litzateke kosmismoak transhumanismoaren lekua hartu izan balu?
Kosmismoa XIX. mendearen amaieran Errusian sortutako mugimendu filosofiko eta espiritual bat da, eta bere jarraitzaileek, hala nola Nikolai Fedorov eta Konstantin Tsiolkovski, gizateria unibertsoarekin harmonian bizitzera eta bizitza kosmikoaren hedapena sustatzera bultzatzen zuten. Filosofia kosmistak giza elkarlanaren eta etika unibertsalaren alde egiten zuen, eta espazio esplorazioa ez zuen negozio edo norbanakoen irabazien bide gisa ikusten, baizik eta gizateriaren aurrerapen etiko eta espirituala lortzeko tresna gisa.
Nikolai Fedoroven lanek bereziki azpimarratzen zuten gizateriaren elkarlana eta helburu partekatuak. Fedorovek defendatu zuen hildakoak berpiztea gizateriaren betebehar moral gisa, ez soilik norbanakoen bizitza luzatzeko, baizik eta belaunaldien arteko lotura indartzeko eta gizadiaren esker ona bermatzeko. Konstantin Tsiolkovski, bestalde, espazio esplorazioaren lehen pentsalari eta aitzindarietako bat izan zen. Tsiolkovskik espazioa ez zuen konkista edo kolonizazio gisa ulertzen, baizik eta gizakiaren betebehar kosmikoa betetzeko bide gisa: bizitzaren hedapena eta unibertsoan gizakiaren lekua ulertzea.
Honen kontrapuntu gisa, transhumanismoak teknologia aurreratuak erabiltzea du helburu, gizakiaren ahalmen fisiko eta mentalak gainditzeko. Transhumanismoaren jatorria XX. mendearen erdialdean kokatzen da, nahiz eta haren ideiak lehenago ere agertu. Julian Huxley (Aldous Huxleyren anaia) biologo britainiarra izan zen “transhumanismoa” terminoa lehen aldiz erabili zuena 1957an, gizakiak bere ahalmenak teknologiaren bidez hobetzeko aukera filosofiko eta praktikoa deskribatuz. Huxleyren ustez, transhumanismoa gizateriaren eboluzio naturalaren jarraipena zen, baina zientziaren eta teknologiaren esku-hartzearekin azkartua. Geroago, mugimenduaren garapenean eragin handia izan zuten pentsalariek, hala nola FM-2030k, “postgizaki” kontzeptua eta gizateriaren mugak gainditzearen ideia sakondu zituen futurista eta idazleak. Beste aitzindari batzuk dira Max More, transhumanismo modernoaren printzipioak zehaztu zituena eta Extropy Institute sortu zuena, eta Hans Moravec, gizakiaren kontzientzia digitalizatzeko eta makina adimentsuekin uztartzeko aukerari buruzko lanengatik ezaguna. Hauek guztiek transhumanismoaren oinarriak ezarri zituzten, teknologiaren bidez gizakiaren gaitasunak hobetzeko nahia azpimarratuz, eta aldi berean, mugimenduaren ikuspegi filosofikoa eta etikoa garatuz.
Gaur egungo espazio esplorazioa transhumanismoaren eraginpean dagoela esan daiteke. Espazio sektorea pribatizatu egin da, eta enpresa handien eskuetan geratu da, hala nola Elon Musk-en SpaceX edo Jeff Bezos-en Blue Origin. Enpresa hauek espazioa kolonizatzeko eta ustiatzeko bidean jarri dira, espazioa baliabide ekonomikoen iturri berri gisa ulertuz. Honen ondorioz, espazio esplorazioak ikuspegi utilitarista eta epe motzekoa hartu du, non ekonomia eta boterea balio nagusi bihurtu diren, eta giza balio unibertsalagoak eta ikuspegi etikoak bigarren mailan geratu diren.
Zer nolako historia izango genuke kosmismoa nagusitu balitz? Kosmismoaren balioetan oinarritutako mundu batean, espazio esplorazioa ez litzateke izango elite ekonomikoek soilik kontrolatzen duten jarduera bat. Espazioa gizateriaren ondare komun gisa tratatuko litzateke, eta haren esplorazioa elkarlanaren, etikaren eta unibertsoarekiko errespetuaren printzipioetan oinarrituko litzateke. Kosmismoaren ikuspegitik, espazio esplorazioaren helburua ez litzateke baliabideen ustiapena edo kolonizazioa izango; aitzitik, gizateriaren aurrerapen intelektual eta espirituala sustatzea litzateke lehentasuna.
Kosmismoak aukera emango luke zientzia eta espiritualtasuna elkarrengandik hurbilago jartzeko, harmonia batean. Zientzia ez litzateke izango gizakiaren indibidualismoa edo merkatuaren interesak sustatzeko tresna bat, baizik eta unibertsoan bizitzaren presentzia eta gizarte kohesioa sustatzeko bide bat. Adibidez, ingurumenaren zaintza eta planetaren beroketaren aurkako borroka izango lirateke lehen helburuak. Era berean, espazio esplorazioak, baliabideen banaketa bidezko baten eta epe luzeko iraunkortasunaren ikuspegitik egina, gizateriaren batasunaren adibide izango lirateke.
Hainbat galdera planteatzen ditu honek: nolakoa litzateke espazioaren inguruko erabakiak unibertsala eta demokratikoak izango liratekeen gizarte batean? Nola eragin zezakeen kosmismoak gizartearen eboluzioan eta bere balioetan? Erantzunak argi uzten du: kosmismoak aukera emango luke etorkizun humanistago eta jasangarriago bat irudikatzeko.
Amaitzeko, kosmismoaren eta transhumanismoaren arteko eztabaida ez da soilik teknologia eta filosofia kontu bat; gure balio eta helburuen inguruko hausnarketa sakona eskatzen du. Transhumanismoaren ikuspegiak, nahiz eta zientzia eta teknologiaren garapenean ekarpen handiak egin, indibidualismoa eta ekonomia lehenesten ditu. Kosmismoak, aldiz, gizateriaren batasuna eta etika unibertsalago bat proposatzen ditu. Etorkizuna gure esku dago; kosmismoaren balioak berreskuratzea izan liteke gure planetaren eta unibertsoaren aldeko konpromiso berritua eraikitzeko lehen urratsa.