Zer dio Koranak Jesus jaioberriari buruz

Zer dio Koranak Jesus jaioberriari buruz –

Nola ikusten du Jesus Koranak, eta, are interesgarriagoa dena Gabonetako egunak ditugun honetan, zer nola ikusten du Jesusen jaiotza, bere izaera, eta, batik bat, bere jaioberri izaera? Koranean murgildu, eta gai hauen gainean zertxobait aztertzeari intereseko iritzi diot. Labur-labur eginiko hurbilketa azkar bat baino ez da izango ziurrenik, onenean, zertzeladarik nagusienak baino hona ekarriko ez dituena, eta horien oinarri izango diren Koranaren aipuak, (hona ekarritako Suretako Aleiak) ekar zitezkeen ugarietatik bakan baten batzuk baino ez dira izango seguruena. Halere, iradokigarri iritzi diet eta betiere lagungarri Koraneko Jesus jaioberriaren irudira lehenbizikoz gerturatze aldera. Lerro hauekin abiatu baino lehen, bihoa aurrenik kontu honen inguruan harri-harri egin utz dezakeena; bateko, Koranek irmo-irmoki ukatzen du Jesusen jainkozko izaera, Allah bat eta ezinbestean bakartzat duen aldetik; baina, besteko, Jesus gizaki soil eta huts jotzen badu ere, soil-soilik giza izaera aitortzen badio ere, horrekin batera, eta deigarri eta kontraesankor badirudi ere, Jesusek, jaioberritan, artean sehaskan zegoelarik, mirari izugarriren batzuk obratzen zituen. Azken kontu hau nabari deigarri dugu, aintzat hartzen badugu ebanjelioetan Jesusen mirariak bere helduarora arte ez zirela ailegatu.

Koranak Jesus Jainkoaren profetatzat jotzen du eta halaxe deskribatzen du, jainko-mirari baten bidez Maria Ama Birjinarengandik jaioa.

Aingeruek esan zuten: Maryam! Berarengandik datorren hitz bat iragartzen dizu Allahk, zeinen izena Gantzutua izango baita, Isa, Maryamen semea; oso maila handia izango du bizitza honetan eta Azkenekoan, eta hurbiltasuna ukanen dutenetakoa izango da” (3. Sura, 45. Aleia)

Dena den, ez da inondik Jainkoaren semetzat jotzen. Areago, sutsu eta zorrozki ukatzen du Koranak Jesus Jainkoaren semea denik.

“Ez itzazue atera gauzak beren onetik zeuen Adorazioaren praktikan; ez esan Allahz egia ez den ezer ere. Gauza ziurra da Gantzutua, Maryamen semea, Allahren mezularia dela, Maryamengan kokatua izan den Haren hitza dela eta Harengandik espiritu bat. Sinetsi, beraz, Allahgan eta Haren Mezulariagan, eta ez esan “Hiru” direla; hobe da zuentzat amore eman dezazuen. Hau da egia: Jainko Bakarra dela Allah…” (4. Sura, 171. Aleia)

Allahk ez du ez seme-alabarik, ez laguntzaile-kiderik, eta zenbait eta zenbait lekutan errepikatzen eta ondo azpimarratzen du Koranak:

Allah, ez da Hura beste jainkorik; Biziduna, Euslea. Ez logurak, ez loak ez diote eragiten. Harena da zeruetan eta lurrean dagoen guztia. Nork erregutu diezaioke norbaiten alde; Haren baimenarekin ez bada?” (2. Sura, 255. Aleia)

Jainkoak seme bat eduki izanean sinestea idolatriatzat jotzen du Koranak. Honen aurrean, Jainkoaren bakartasuna aitortu ez ezik, argi gaitzesten du Jesusek izaera jainkotiarrekoa dela diotenen sinesmena. Hori sinestea Egia usteltzea litzateke, dio Koranak:

“Eta sinesgabetasunean erori dira zera diotenak: Hirueretan hirugarrena de Alalh, Allah berez bakarra delarik. Diotena esateari uzten ez badiote, sinesgabetasunean erori diren horiek zigor mongarria jasoko dute” (5. sura, 73. Aleia)

Hori dela eta, eta betiere Jesusen giza izaera hutsa ezin argiago uzte aldera, Jesus Maryamen semea zela behin eta berriz azpimarretzen du, oso era errepikakor batean behin eta berriz adierazten du:

Maryamen semea, Allahren mezularia dela, Maryamengan kokatua izan den Haren hitza” (4. Sura, 171. Aleia)

Hau guztia horrela izanda ere, hau da, Jesus giza izaerakoa dela behin eta berriz argi utzita ere, Koranaren ikusian Jesus ez da inondik ere gizaki arrunt hutsa, oso gizaki berezia baizik, eta profeta handien artean kokatu beharrekoa. Honen harira, zera esango zaigu, historian barrena aurrekoetan bezala, Jainkoak bidalitako beste profetariko bat dugula Jesus, Abraham, Ismael, Isaak, Jakob eta Mosiesi segida eman ziena; 4. Surako (An-Nisa) 163. Aleiak argi adierazten du Jesusek esku hartzen dueneko aipatu segida:

“… Halaber inspiratu genituen Ibrahim (Abraham), Ismail (Ismael), Isahq (Isaac) eta Yaqub (Jacob), Leinuak, Isa (Jesus), Ayyub (Job), Yunus (Jonas), eta Sulayman…”

Orain baina, hasierako sarreran aipatu dudan kontu itxuraz kontraesankorra, baina batik bat deigarria aintzat hartzera buelta nadin, alegia, Jesusen inguruan Koranak aitortzen dituen gertakari mirakulutsuak aintzat hartzera . Jesusi Koranek aitortzen dion aipatu profeta izaera ez ezik, badaude aitortzen zaizkion beste zenbait ezaugarri ere, Jesus den gizaki ezin bereziagoren berri eman nahi dutenak. Bateko, bere jaiotza mirari baten ondorena dela dio Koranak; besteko, jaio eta segi-segituan, Jesusek, jaioberri-berria artean zelarik, egiten zituen zenbait mirariren berri ematen digu Koranak.

Bere mirarizko jaiotzari dagokionean, besteetan beste, zera diosku Koranak, aingeruek Berri Ona iragarri ziotela Mariari, alegia, ezein gizonaren parte hartzerik gabe sema bat izatear zegoela:

“Aingeruek esan zuten: Maryam! Berarengandik datorren hitz bat iragartzen dizu Allahk, zeinen izena Gantzutua izango baita, Isa, Maryamen semea; oso maila handia izango du bizitza honetan eta Azkenekoan, eta hurbiltasuna ukanen dutenetakoa izango da” (3. Sura, 45. Aleiak)

Baina, besteko,  Jesus jaioberriak mirariren bat edo beste obratzeari bai iritzi behar zaio zinez deigarri. Izanez ere, Jesusen haurtzaroko ebanjelio apokriforen batzuetan ez bada, kristauak askoz apalagoak dira Jesusen ekintza mirakulutsuei dagokienean, eta guztitz mutuak bere haurtzarokoei dagokienean. Bada, Koranean, gizaki huts baino ez deritzon Jesusi, ohiz kanpoko, aparteko, botere-gaitasunak aitortzen zaizkio, eta horietatik baten bat Jesus artean jaioberri-berria zela, hala nola, sehaskatik bertatik mintzatu izan zenekoa. Halaxe dio Koranak, Jesus sehaskatik bertatik mintzo izan zela eta gertakari hau bere profeta izaeraren aurre-iragapenaren seinalea baino ez dela.

“Eta haurrak esan zuen: Allahren zerbitzaria naiz. Liburua eman dit Hark eta profeta egin nau” (19. Sura, 30. Aleia)

Igor Goitia

Zer dio Koranak Jesus jaioberriari buruz

Teologia ikasitakoa. Gai filosofiko eta espiritualetan jardunda.

10 pentsamendu “Zer dio Koranak Jesus jaioberriari buruz”-ri buruz

  • Halako babukeriak ezin ditut eraman. Jesus jaioberria, Guztiok izan gara Jaio berriak, eta zer? Baina ez gara nik dakidala, palomo baten seme-alaba. Eta bitartean Jose zertan ari zen, smarfortarekin Edo zer?

  • Igor goitia 2024-12-22 23:56

    Diozun horrek oraingoan ere ez gaitu inondik harritzen, Nagore. Halare , beste behin ere, onerako zein txarrerako, zeinek jakin, ohi bezain behartuki autentikoa agertugatik, mila esker!

  • Benat Castorene 2024-12-23 12:18

    Ene oroitzapenak ez badira makur, Jesusen heriotzari buruz ere Koranak badu teoria bat nahikoa berezia. Izan ere, ez badu anitzek bezala haren berpiztean sinesten, ez du sinesten ezta ere erromatarrek eta apaiz judu batzuekJesus kurutzean hil ahal izan zutenik, bere iduria baizik zutela hil. Beharbada Koranak pentsatzen baitu ezinezkoa dela Allahren mezularia hiltzea.
    Gisa guziz, eguberri on guztioi

  • Amonamantangorri 2024-12-23 14:26

    Koranean Jaiotzaren kontakizuna ere oso berezia da. Ez Belengo estalperik, ez asto eta idirik. Maria, aingeruak hari berria iragarri ondoren, aparteko leku batera doa, palmondo baten oinera. Erdiminak sentitzen dituenean, Jesusek sabeletik deitu dio, lasaitzeko, eta agindu palmondoaren enborra astindu eta eroritako datilak jan ditzala eta Jainkoak Mariaren oinetan sorrarazi duen errekastotik ura edan dezala. Halaber, agindu dio gertatutako guztiaz inori hitzik ez esateko. Maria etxera itzuli da Jesusekin, eta etxekoek kargu hartu diote haren jokabide lotsagarriagatik. Orduan, Jesus sehaskatik mintzatzen zaizkie eta bere misioaren berri ematen die.

    Horiek, noski, kristau komunitate jakin batzuen kontakizunak izango ziren, ebangelio apokrifo batekoak-edo. Beharbada, arabiar eta siriar giroko kristau komunitate batzuen istorioetan oinarritu ziren Koranaren egileak.

  • Amonamantangorri, horregatik esango zidan Erriberako ezagun musulman batek Korana Biblia baino perfektuagoa dela: beranduagokoa denez, Biblia kontuan hartu eta barnebiltzen baitu. Zehazki: Biblia Windows 6 litzateke, eta Korana Windowsen azkeneko modeloa, ezin perfektuagoa. Halatan, herri kristauetan hazitakoontzat bitxikiro, maizago ageri da Maria Koranean Biblian baino. 34 aldiz aipatzen du Koranak, 20 inguru Itun Berriak.

    Bestalde, Biblian ere, Itun Berrian, Jesusen jaiotzaren testuinguruan, ez da aipatzen ez astorik ez idirik. Isaiasek bai ordea Itun Zaharrean. Jainkoaren beraren ahotan erakusten ditu gainera astoa eta idia, bere liburuaren hasieran:

    Entzun, zeru-lurrok! Honela mintzo da Jauna: “Haurrak sortu ditut eta hazi, baina aurka altxatu zaizkit. Ezagutzen du idiak nagusia, bai eta astoak ere ugazabareneko aska; Israelek, ostera, ez du ezagutzen, nire herriak ez du aditzen”.

    Dirudienez, ebanjelistek Jesusen bizitza eta heriotza saldu nahi zuten Itun Zaharreko profetek aurreikusitakoaren gauzatze gisa. Errabinoa zen Jesus, Nazareteko errabinoa, judua goitik behera, benetan existitu bazen. Hain zuzen, Jesusen existentzia historikoaren ukatzaileek darabilten arrazoietako bat da oso artifiziala dela ebanjelisten enpeinua profeten igarpenak Jesusengan mamiturik ikusarazteko, sinbolikoegiak direla ebanjelioak bizitza erreal baten kontakizuna izateko.

  • Amonamantangorri 2024-12-24 15:52

    Horixe Islama askoz ere perfektuagoa dela!

    VII. mende aldean, kristauak tematuta zeuden elkar eskumikatzen eta baita tarteka elkar akabatzen ere, zergatik eta Aitaren, Semearen eta Izpiritu Santuaren ezaugarrien inguruko desadostasunengatik: Alegia, dakizuen bezala, Kristok bi natura dauzka, humanoa eta dibinoa, Gizona eta Jainkoa aldi berean. Batzuen ustez bi naturak batera baina konfunditu gabe bizi dira pertsona bakarrean, eta besteren ustez natura humanoa natura dibinoaren baitan xurgatua edo deseginda galdu da. Besteentzat, Kristok natura bakarra du, dibinoa eta humanoa batuta. Batzuentzat Aitak Semea sortu zuen; besterentzat, Aita eta Semea betidanik existitu izan dira…

    Islamak, aldiz, batasuna ekarri zuen, hatsarre gutxi eta erraz batzuen inguruan: Jainko bakarra, Muhammad haren mezularia, eta betebehar jakin batzuk.

  • Amonamantangorri 2024-12-24 16:02

    Idirik eta astoarik ez da ageri ebangelio kanonikoetan, baina bai bederen apokrifo batean, VI. mendeko batean, zehazki.

  • Igor goitia 2024-12-24 17:36

    Perfektua bainoago, Mahoma garaian Arabia aldean zerabiltzaten kristau idazkiak aspaldiko “kanonean” sarturikoak ez , eta apokrifo horietariko baten batzuk ziren, jada Amonamantagorrik esan duenez.
    Bestetik, perfekzio kontutik guztiz urrun, Jesusen haurtzaroko ebanjelio apokrifoek jendearen Jesusen inguruko jakinmina baino ez zuten bete nahi. Kontuan izan dezagun are Lukas eta Mateoren ebanjelio kanonikoetan ere, Jesusen jaiotzaren gaineko kontakizunak historikotasun batere gabekotzat jo zituen aspaldi azterketa historiko kritikoak eta gainera oso ekarpen pobreak ditugu. Horregatik, eta berriz ere Amonamantagorrik dioskun moduan, idiarena eta hainbat kontu haurtzaroko ebanjelio apokrifoetatik ateratako elementuak diren. Orain zehazki gogoan ez badut ere, gure jaiotzetako elementu gehienak pseudomateo eta pseudosantiagoren ebanjelio apokrifoetatik daude atereak direla esango nuke.

  • Mikel Haranburu 2024-12-24 18:31

    Windowsen perfekzioa zalantza izpirik gabekoa da; aski da gogoan hartzea zenbatetan erakusten zigun zeru urdin orbangabea…!! haren bila ibili gabe gainera…

  • Bai, hala izanen da. Baina oraindik ere ez didazu konfidantzazko deus ere esan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude