Kertx, Mayotte

Kertx Mayotte –

Rikardo Arregi, Noticiasen.


Kertx Mayotte
Mayoteko biztanleak frantsesak dira, beraz europarrak, baina ez dakit gauza batzuetarako aski frantsesak eta europarrak diren, ikusiko dugu. EFE

Bi katastroferen berri izan dugu azken egunotan. Kertx-eko itsasartean, Krimean, bi petrolio-ontzi hondoratu dira ekaitzak jota; ondorioz, 3.000 tona petrolio inguru isuri dira Itsaso Beltza eta Azov-eko itsasoa lotzen dituen itsasarte horretan. Tass Errusiako albiste agentziak eman ditu datuok. Antza, lagun bat bakarrik hil da hondamendian. Garbiketa lanak hasi dira, petrolio errusiarra besteak bezain zikina izango da. Ekokatastrofe bat ez oso naturala, ekaitzak naturalak izan arren.

Beste katastrofea Mayotte uhartean, Indiako Ozeanoan, Madagaskar ondoan, gertatu da. Bai, gaurko zutabea mapa batekin irakurri beharko da. Chido deituriko zikloiak jo du bete-betean Mayotte, hondamendia handia da, eta oraindik ez dakite zenbat jende hil den bertan, ehunka agian. Katastrofe natural-naturala, zer egingo diogu, eta abar. Baina apur bat aztertuz gero, konturatu naiz Mayotte (Maoré, bertako hizkuntzan) Frantzia dela (kolonialismoaren eta deskolonizazio ezaren gauza bitxi horiek), are gehiago Frantziako departamendu bat, gure Pirinio Atlantikoak bezalakoa, eta, beraz, Europako Batasuna, are gehiago Europako Batasuneko Eskualde Ultraperiferikoetako bat, Kanariak bezalakoa. Mayotte Frantziako departamendurik txiroena da, (eta deforestatuena beste harribitxien artean), populazioaren % 83a pobrezia-atalasetik behera dago, txaboletan bizi da, infraetxeetan, orain esaten den bezala. Albisteen arabera Chido zikloiak txabola guzti-guztiak suntsitu ditu. Katastrofea, beraz, ez da uste bezain naturala izan, katastrofe naturalak ez baitira inoiz natural-naturalak. Katastrofea baino lehen jendearen egoera katastrofikoa zen.

Mayottekoak frantziarrak dira, beraz, europarrak, baina ez dakit nahikoa frantziar eta nahikoa europar diren kontu batzuetarako, ikusiko dugu.

Kertx, Mayotte, urrutiko bi leku gu gure arazotxoekin aritzen garen bitartean: transferentziak, Madrilgo epaitegiak, Gabonetako erosketak eta nahigabeak. Ezer berrik ez, iaz bezala, datorren urtean bezala.

Kertx Mayotte

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude