Aurrekontu hauei ikatza

Aurrekontu hauei ikatza –

Azken urteotan, irakasleen kolektiboak adierazi du nazkatuta dagoela Hezkuntza Departamentuaren egungo jokamoldearekin. Irakasleen lan baldintzak ez dira egokiak behar bezala eusteko kalitatezko hezkuntza sistemari, eta urteak daramatzate hori salatzen. Salatzen eta mobilizatzen, etengabe mobilizatu baitira azken urte hauetan. Horren aurrean, Nafarroako Gobernuak erantzun du ez dagoela deus egiteko aukerarik, esanez, behin baino gehiagotan, onartuta zeudela aurrekontuak, eta tarterik ez zegoela irakasleen aldarrikapenak aintzat hartzeko. Testuinguru horretan, lehengo ekainean, greba iragarri zuten irailerako hezkuntzako mahai sektorialeko sindikatu guztiek. Urrian bigarren greba egin zen, aurrekoa baino arrakastatsuagoa gainera. Bi grebetan irakasleen aldarrikapenak jasotzeko diru partidak eskatu zituzten. Aurretik, Parlamentuko taldeekin elkartu ziren eta, PSNk izan ezik, talde guztiek babestu zituzten sindikatuek proposatutako neurriak, baita aldarrikapen horiek 2025eko aurrekontuetan jasotzeko beharra ere.

Aurrekontu hauei ikatzaZoritxarrez, Gobernuko taldeek eta kanpotik eusten diotenek, ez dute aurreikusi behar adinako finantzaketarik hezkuntza sistema publikoa hobetzeko. Horrez gain, oposizioko taldeek ez dute zuzenketa bakar bat ere aurkeztu zentzu horretan. Beraz, esan liteke hezkuntza publikoa ez dela lehentasunezkoa Parlamentu honentzat, nahiz eta harrokeriaz defendatzen duten hezkuntza bera.

Irakasleen kolektiboak ez ditu hitz edo promesa hutsak nahi. Nafarroako Hezkuntza Publikoak inbertsio handiagoa behar du Europako gainerako estatuekin parekatzeko. Horrela bakarrik ezar daitezke sektoreak urteetan aldarrikatu dituen neurriak, zerbitzuaren benetako hobekuntzan eragiteko.

Gobernuearen eta parlamentarien konpromiso eza ikusita, aukera bakarra borrokan jarraitzea da. Gaur, hain zuzen, aurrekontuak onetsi dira, eta irakasleen aldarrikapenak baztertu dituzte, beste behin ere.

Irakasleen eskubideen eta kalitatezko hezkuntza publikoaren alde borrokatzen jarraitzen dute, eta jarraituko dute, arduradun politikoek, propagandetatik haratago, hezkuntzari merezi duen tokia eman arte, guztion oinarrizko eskubidea baita.

Adarjotze horri erantzuteko, ikatza dakarkigu Parlamentura, eta irakasle guztiak animatzen ditugu bat egitera urtarrilaren 30erako deitutako grebarekin.

Olentzero eta Mari Domingi

Aurrekontu hauei ikatza

Sindikatu Independentista eta Sozialista

Elkartasuna, eraldaketa eta justizia

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude