Arte[faktua] 250: Beñat Sarasolaren ‘Coca-Cola bat zurekin’, artea eta maitasuna bi lerro paralelotan

Arte[faktua] 250: Beñat Sarasolaren ‘Coca-Cola bat zurekin’ –

Amaitzear dagoen 2024ko azken saio honetan, Beñat Sarasola idazle donostiarraren bigarren eleberriaz mintzatuko dira. Izan ere, Sarasola, Donostiako San Telmo Museoan elkartuko da Ilaski Serrano aurkezlearekin Coca-Cola bat zurekin (Susa) nobelaz mintzatzeko. Chillida, Oteiza, arte garaikidea, MOMA, eta batez ere Frank O’Hara poeta estatubatuarra dira Sarasolaren bigarren eleberri honetako pertsonaia nagusiak. Sarasola O’Hararen poesia zalea zen gaztetandik, eta poema horietako baten oihartzunari tiraka hasi zen eraikitzen eleberria. Frank O’Hara poeta izateaz gain, MOMAko arte komisarioa ere bazen eta bera izan zen, besteak beste,  Oteiza eta Chillidaren erakusketa antolatu zuena 1960ko udan New Yorken. Sarasolak hori guztia girotzeko eta testuinguruan ipintzeko, dokumentazio lan eskerga egin du, eleberrian ageri den bezala, baina badu kontakizunak beste hari bat, eta hori O’Hararen eta Vincent Warren dantzariaren arteko amodiozko istorio sutsua da, Sarasolak hein handi batean fikzionatu egin duena. Hala, hasiera batean saiakera izango zena eleberri bihurtu du egileak idazketa prozesuan. Beñat Sarasola, poeta, idazlea eta Filosofia eta Literatur Teoria eta Literatura Konparatuan lizentziatua da, baita Doktorea ere. Egun EHUn irakaslea da.

Aritz Zestona gonbidatuko du saiora. Zestona Donostian ezagutu zuen, Garoa liburu dendako saltzailea zela, eta geroztik adiskidetasuna mantendu dute. Zestona ‘Lin Ton Taun’ taldeko musikaria izandakoa da.

Artegilea atalean, Aintzane Galardi Portu, poeta oiartzuarra ezagutuko dugu gertutik, bere herriko lorategi batean izango baita saioa berarekin.

Nora Iribar, barazki saltzaileak gogoko duen liburu baten berri emango digu San Martin Merkatuko bere postutik. Herbert M. Shelton idazlearen La combinación de los alimentos liburua izango da bere aukera.

Booktubearen atalari dagokionez, Maddi Reka gazte nafarrak Agatha Christie idazlearen Roger Acroyden hilketa liburua aukeratu du bere bideoa egiteko.

Hori guztia, saioa osatzen duten beste atalekin batera, larunbatean, arratsaldeko 12:50ean, ETB1en.

artefaktua

aurreko saioan…

Arte[faktua] 249: Uxue Alberdiren ‘Hetero’, literatur ariketa bat gaiaren konplexutasuna erakusteko

Arte[faktua] 250: Beñat Sarasolaren ‘Coca-Cola bat zurekin’, artea eta maitasuna bi lerro paralelotan

Arte[faktua] literatur saioa ETBn

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude