.EUS domeinuak 10. urteurreneko festa ospatu du

.EUS domeinuak 10. urteurreneko festa ospatu du –

.EUS DOMEINUAK 10. URTEURRENEKO FESTA OSPATU DU

  • Ospakizuna komunitatearekin eta Gure Zirkuan egin da.
  • Iñaki Goirizelaiak, 8 urtez PUNTUEUS Fundazioko lehendakari izan denak, bere agurra iragarri du eta omenaldi beroa jaso du.

.EUS domeinuak 10. urteurreneko festa ospatu du.EUS domeinuaren 10. urteurrena ospatu da Gure Zirkuan, Tolosan, euskal komunitatearen amets kolektiboa eta ingurune digitaleko arrakasta ospatzeko. Urteurren ekitaldian 350 lagun bildu dira, Interneteko erreferentziazko proiektu honen lorpenak elkarrekin aldarrikatzeko.

Sarrerak aspaldi agortu zituen ospakizunak askotariko jendea bildu du: erakundeetako ordezkariak, industria digitaleko profesionalak, euskalgintzako eragileak eta domeinuaren erabiltzaileak elkartu dira. Ekitaldia hasi aurretik, argazki instituzionala egin da eta bertan izan dira: Iñaki Goirizelaia, PUNTUEUS Fundazioko lehendakaria; Andu Martinez de Rituerto, Tolosako alkatea; Garbiñe Mendizabal, Gipuzkoako Foru Aldundiko Hizkuntza Berdintasuneko foro zuzendaria; Miren Josune Irabien, Eusko Jaurlaritzako Euskara Sustatzeko zuzendaria; Sabino San Vicente, Eusko Jaurlaritzako Administrazioa Berritzeko zuzendaria; Iñigo Robredo, Eusko Jaurlaritzako Estrategia Digitaleko zuzendaria; Elixabete Garcia, Eusko Jaurlaritzako Eraldaketa Digitaleko zuzendaria; eta Nerea Isasi, Gipuzkoako Foru Aldundiko Berdintasun zuzendaria.

Arratsaldeko unerik hunkigarriena, Iñaki Goirizelaia, PUNTUEUS Fundazioaren lehendakariak, egindako hitzartzea izan da. Goirizelaiak bere 8 urteko agintaldiaren amaiera iragarri du, eta azken 10 urteko ibilbidea errepasatzearekin batera .EUS domeinuak ingurune digitalean izan duen arrakasta azpimarratu du:

“Gaur pozik eta etorkizunera begira ilusioz beteta agertzen gara zuen aurrean. Lehen .EUS domeinuak erabiltzen hasi ginenetik hamar urte pasa dira jadanik eta proiektua egonkortu dela esan dezakegu beldur barik. 2007an eduki genuen ametsa egia bihurtu da. Gaur egun, .EUS fidagarria da, segurua, egonkorra eta erabiltzaileen hurbil dago beti. Euskal herritarron konfiantza lortu dugu. Baina gure ametsa egia bihurtzeak erakunde, enpresa eta pertsona askoren ametsei bide berria eman die Interneten. Gaur egun 15.700 amets kudeatzen ari gara, .EUS domeinu bakoitzaren atzean amets bat dagoelako, amets pertsonala, enpresariala, kulturala… Hau da, Interneteko plazan herri baten ametsa ahalbidetzen ari gara.”

Lehendakaritza utzi aurretik, Goirizelaiari omenaldi hunkigarria egin zaio. Eskertza-keinu gisa, Sua Enparantza dantzariak txapela jantzi dio, euskal kulturaren ikur gisa, eta Iratxe Esnaolak lore-sorta eman dio, bere lana eta ekarpena aitortzeko.

Bertaratutakoek arratsalde ederra pasa dute. Izan ere, Gure Zirkuaren ikuskizun berezia gozatu dute bertaratutako 350 lagunek, euskal kulturaren eta ingurune digitalaren arteko elkarlana sinbolizatuz.

PUNTUEUSi buruz

.EUS domeinua, 2014an sortua, euskal komunitatearen identitatea eta hizkuntza Interneten adierazten duen domeinua da. Ingurune digital ziberseguru eta euskaldun baten hautua egiten dutenen domeinua izanik, euskal kultura eta hizkuntzaren sustapenean erreferentzia bilakatu da.

Une honetan, .EUS domeinuak 15.700 erregistratutako domeinu baino gehiago kudeatzen ditu, eta horietako bakoitzaren atzean euskal komunitatearen nortasuna, ametsak eta proiektuak islatzen dira. Domeinu honek erabiltzaileei ingurune digital fidagarri, segurua eta hurbila eskaintzen die, eta, horri esker, teknologia eta kultura uztartuz, etorkizunera begirako aukera berriak zabaltzen dizkie erakundeei, enpresei eta pertsona guztiei. Herri baten amets kolektiboa egia bihurtzen jarraitzen duen proiektu bat da.

Proiektu hau PUNTUEUS Fundazioak kudeatzen du, eta bera da .EUS domeinuaren administrazioaren eta kudeaketaren ardura duen erakundea. Irabazi-asmorik gabeko erakunde pribatua den heinean, Fundazioak euskal komunitatearen identitatea eta hizkuntza babestu eta sustatzeko lan egiten du, ingurune digital seguru eta euskaldun baten alde eginez.

.EUS domeinuak 10. urteurreneko festa ospatu du

".eus" domeinua, Euskara eta Euskal Kulturaren Komunitatearen Interneteko lehen mailako domeinua da. Bere helburua euskara eta euskal kultura sustatu eta Euskara eta Euskal Kulturaren Komunitatea kohesionatzea da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude