Behatokiak ez-nahikotzat jo du Nafarroako Gobernuak administrazioan profil elebidunak jartzen joateko egin duen proposamena
Nafarroako Gobernuak administrazioan profil elebidunak –
- Gobernuak proposatutako lanpostu kopuruak ez ditu bermatuko araudiak euskarazko informazio eta zerbitzuetarako ezartzen dituen gutxieneko bermeak.
- Herritarren eskubideak “demanda parametroen” arabera bermatzeak bereizkeria eragingo lukeela salatu du Behatokiak.
- Nafarroako Gobernuak albistea gaztelera hutsean argitaratu izana guzti honen adibide eta adierazgarria dela nabarmendu du
Pasa den astean, Nafarroako Gobernuak iragarri zuen departamendu guztietako lanpostuetako 246 plaza gehiagori perfil elebiduna (gaztelera eta euskara) jarriko zaiela, herritarrei euskaraz artatuak izateko eskubidea bermatzeko xedez. Guztira, Gobernuko 757 lanpostuk izango lukete euskara ezagutzeko eskakizuna, hezkuntzakoak zenbatu gabe. Hau da, administrazioan euskarazko zerbitzua berma dezaketen langileen ehunekoa %3,27tik %4,7ra igaroko da.
Hizkuntz Eskubideen Behatokiak erabat ez-nahikoa dela deritzo Nafarroako Gobernuan euskarazko profila ezartzen joateko egiten den lanpostu kopuruaren proposamena. Izan ere, egun Nafarroako araudiak euskarazko informazio eta zerbitzuekiko markatzen dituen minimoak bermatzen hasteko, kopuru horiekin erabat ezinezkoa litzateke.
Ondorioz, lanpostu horiek hurrengo hamarkadetan aurrerapausoak mugatzeko iruzurra baino ez direla adierazi du Behatokiak, lanpostu kopuruaz harago, kontuan hartu beharko liratekeen hainbat parametro ez baitira kontuan hartuko, besteak beste:
- Departamentuetako lanpostu gehienak legeak ezarritako eremu mistoan kokatuak egon arren, zerbitzu zentralak eskaintzen dituzte. Beraz, euskara ofiziala den eremuko herritarrentzat ere lan egiten duten heinean, lanpostu guzti horietan nahitaezkoa beharko luke euskararen ezagutzak, ez gutxi batzuetan bakarrik, herritarrek euskara erabiltzeko edo euskaraz zerbitzuak jasotzeko aukera bermatua izan dadin.
- Departamentu bakoitzean une zehatz batean telefonoa euskaraz hartuko duen norbait izateaz harago, euskaraz lan egiteko gaitasuna duten profesionalak behar dira: batez ere komunikazioko ataletan, osasungintza edo segurtasunari lotutakoetan, unibertsitate edo eraldaketa digitalekoan, kulturan, kirolean, gazterian eta abar. Atal guzti hauetan euskaraz lan egiteko gaitasuna duten profesionalak izatea Nafarroako sistema publikoaren funtsezko oinarrietako bat beharko luke, eta lanpostu bakan batzuk izateak ez die egun dauden ezintasunei behar bezala erantzungo.
- Egun ezartzen ez diren profilek etorkizuneko zerbitzuak ere mugatuko dituzte, eta, nola ez, Nafarroako hainbat zonaldetan euskararen berreskurapenerako galga izan daitezke.
Eskubideak ezin dira demandaren arabera mugatu
Bestalde, Behatokiak larritzat jo du hainbat aldetatik hizkuntza eskubideen bermea edo euskarazko zerbitzuak eskaintzea “demanda parametroetan” kokatu nahi izatea. Giza eskubideen errekonozimendua, babesa, erreparazioa eta bermea gizarte baten berezkoak beharko luketen oinarriak dira, eta herritarrek ez lukete behin eta berriro horien betetzea eskatzen ibili beharko. Gaztelaniaz Nafarroan normaltasunez bizitzeko aukerak dauden bezala, euskaraz normaltasunez bizitzeko aukerez ari gara, eta horiek bermatzeko gaitasuna erakutsi beharko lukete funtzio publikoko zerbitzari diren guztiek. Funtzio publikorako sarbidean zerbitzuak hizkuntza baten edo bestean eskaintzeko gaitasuna izatea edonork eskuratu dezakeen konpetentzia bat da, eta, beraz, diskriminazio faltsuaren mantra mahaigaineratzen dute “euskararen ezagutzak diskriminatzen duela” argudiatzen duten sektoreek.
Herritarrek edozein unetan eta edozein departamentutan euskara erabili edo euskaraz informazioa jasotzeko aukera berberak eduki beharko lituzkete, eta hori horrela onartzen ez den bitartean Nafarroako Gobernua bereizkeriaz jokatzen ari da, herritarrei euskara erabiltzea ukatuaz edo euskara erabiltzeagatik zerbitzu berdinak ez eskainiaz. Bukatzeko, Behatokiak gogorarazi du Nafarroako Gobernua gizartean erakusgarri bilakatu behar dela eta, beraz, eremu pribatua edo sozioekonomikoa euskalduntzen hasteko ere funtsezkoak direla zerbitzu publikoetan markatzen diren jarrerak.
Albistea, gaztelaniaz soilik
Azkenik, Behatokiak salatu du Nafarroako Gobernuak gaztelera hutsean argitaratu duela albistea bere webgunean, eta euskarazko bertsioa kontsultatu nahi izanez gero, gaztelaniazkora jotzera behartzen duela herritarra. Hemen ikus daiteke: www.navarra.es/prentsa-oharra/nafarroako-gobernuak-1-421-lanpostura-igo-du-2024rako-lan-eskaintza-publikoa (2024/12/17ko 11:00etan kontsultatua. web.archive.org).
Behatokiak ez-nahikotzat jo du Nafarroako Gobernuak administrazioan profil elebidunak jartzen joateko egin duen proposamena