Oasiaren ondorena

Oasiaren ondorena –

Nobedadea izan ohi da Durangoko Azokari loturiko hitz entzunenetako bat. Nobedadea han, eta nobedadea hemen. Zenbaitetan, ordea, lehengokoari beste itxura ematea aski izaten da etiketa hori itsasteko. Mahai gainean izan ditugu, besteak beste, talentu berriztagarriz birmasterizatutako CDak zein berrargitalpenak.

Gainerako esparruetan lez, musikaren industrian ere gero eta korapilatsuagoa da entzulearen interesa nola lortu asmatzea; musikak, bere horretan, ez baitu sortzaileen poltsikorik gizentzen. Zaila da nabarmentzea produktuak jaio orduko hiltzen diren garaiotan, baina, nire arreta Izukari taldeak bereganatu du aurten; ez bideoklip zirikatzailerik argitaratu dutelako, ezta janzkera deigarria daramatelako, baizik eta Ikari lehena diskoa ez dagoelako Spotify eta Youtube plataformetan eskuragarri.

Joseba Baleztena eta Mikel Larratxe musikariek, Sexty Sexers-en elkarrekin ibilitakoek, oso hausnarketa mamitsuak eman dituzte gaiaren inguruan. Arantxa eta Nekaneren Arratsean saioan izan ziren diskoa aurkezten, eta biek ala biek zalantzan jarri dute zenbaterainoko kaltea edo mesedea egin lezakeen Spotifyn presentzia izateak. “Hor egoteak bermatzen al du lekurik munduan?” dio Baleztenak. Era berean, musikariek gogoetara bultzatzen dute bai, musikaria, bai entzulea zer nolako entzuleak sortzen ari garen galdeginda.

Hortaz, nola dei dakioke diskoetxe monopolizatzaileengandik ihesi abiatu, eta piztia are basatiagoaren atzaparretan erortzeari? Erantzuna Odei Barrosok eta Benizzek eman zuten Ahotsenean, Badok atariaren hamabosgarren urteurrenaren karietara. Ez dut nahi ustelik, jada ez dut usterik, urtetan ez nuen uste nik , geronen kontrola, geronen kaiola, geronek sortuko genuenik zioten emanaldian. Arrazoirik ez dute falta.

Pozgarria izangatik, ez dirudi kandelei indartsuegi putz egiteko arrazoi handiegirik dagoenik, oraindik ere Badok ez baita euskal musika entzuteko lehen aukera. Eskaintza ezagatik, bederen, ez da izango; izan ere, bertan topa ditzakezu 1.502 talde edo musikari, 2.896 bideoklip, 4.672 disko, eta 38.705 abesti. Hogeita hemezortzi mila zazpiehun eta bost. Baita taldeen inguruko albiste, elkarrizketa edota musika-zerrendak.ere. Joxean Artzek aurreratu zigun gisan, zer nahi, eta hura eman.

Entzuleok, badon eta badok, beraz, hautabidea. Bidea hautatzea soilik falta zaigu.

Oasiaren ondorena

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude