Olentzero Zanpantzar ote?

Olentzero Zanpantzar ote? –

Dantzan.eus ataritik jasoa.

Olentzero Zanpantzar ote?
Biarritzeko inauterietan Zanpantzar, 1928.

Gabonetan Euskal Herrian agertzen den Olentzero eta inauterietan Iparraldeko hainbat herritan erretzen den Zanpantzar pertsonaien antzekotasunak nabarmendu ditu Mikel Aranburu Urtasunek. Soinuberri 14 aldizkarian (409-435 orr.) Olentzeroren inguruko hainbat kontu jaso ditu, eta iradokitzen du ez ote diren Olentzero eta Zanpantzar pertsonaia berak.

Hasteko, Olentzerorena ez dela haurren jaia azpimarratu du, gazteena baizik; helduarora bidean, nolabaiteko autonomiaz antolatu eta gozatzeko festa. Bukaeran, berdina dio Zanpantzarrez.

Zanpantzarren auzia, Uztaritze, 2008.

.

Olentzero enbor zein gizaki

Neguko solstizioaren bueltan badirela hainbat ezaugarri unibertsal dio Aranburuk; gehiegizko jatorduak edota etxeko suaren inguruko errituak, esaterako. Zabalduena eta gaur egunera arte iraun duena Gabonetako enborrarena da: sukilero, la tronca, el tió, la toza, el tronc, la choca, la rabasa… Euskaraz gehien erabilitako izendapenak subilero, sukilero, baztarreko, olentzero-enborra edo onantzaro mokorra izan dira. Enborrak Olentzerorekin duen lotura nabarmena da.

Bestalde, Olentzero antropomorfoaren edo gizaki itxurakoaren aspaldiko testigantzak Nafarroako ipar-mendebaldean agertzen dira: Lesaka, Goizueta, Larraun, Arakil… eta Gipuzkoan Zarautz eta Irun artean.

.

Eta Zanpantzar?

Pio Barojak eginiko Olentzeroren deskribapenei erreparatzen die Aranburuk. Aditzera ematen du Olentzeroren nortasun primitiboa kristautasunaren aurrekoa dela eta atentzioa ematen dio Barojak Olentzeroren jatorrizko herrialdetzat Frantzia duela. Baroja Ipar Euskal Herriaz ari da eta lastozko erraldoiari buruz dihardu; The Golden Bough: A Study in Magic and Religion (Urrezko Adarra: magia eta erlijioaren azterketa) (1890) lanean Frazer-ek jaso zuenez, solstizioetan eta udaberrian Europan zehar erretzen den panpinaz. Gabonetako eta inauterietako jaiak neguko solstizioari lotuta leudeke beraz, neguaren eta udaberriaren arteko tentsioa planteatuz. Gazteen puska-biltzeak nabarmentzen dira garai horretan, tartean, Olentzerorena.

Olentzero Zanpantzar ote?
Zanpantzar, Baiona, 1930eko hamarkada.

Thierry Truffaut folklore ikerlariak Lapurdiko inauterietako tradizioei buruzko ikerketa publikatu zuen 2011n. 40 herritako testigantzak jaso zituen, jaia, musika, eta jantziei dagozkien datuak ere bai, argazki eta bideoekin lagunduta. XVI. mendetik dokumentatua dago Saint-Pansard edo Zanpantzar (Santu tripaundia) paseatu, epaitu eta sutara kondenatzen dela; oparotasun garaiaren amaieraren eta abstinentziaren hasieraren sinbolo gisa, hau da, garizuma hasiko da segidan.

Festa antolatzeko ardura mutil gazte ezkongabeek zuten, Truffaut-ek igarotze erritu moduan ikusten du. Bere lana irakurrita aise ikusten du Aranburuk Olentzeroren eta Zanpantzarren arteko antzekotasuna bai formari, bai identitateari dagokionez.

.

Artikulua: Olentzero, síntesis y sugerencia (Mikel Aranburu Urtasun, Soinuberri 14, 409-435 orr.)

Laburpena: ¿Olentzero es Saint-Pansard /Zanpantzar? (Mikel Aranburu Urtasun, Euskonews, 756 Zenbakia, 2020-12-17 / 2021-01-20)

Olentzero Zanpantzar ote?

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude