Norentzat egiten dugu hau?
Norentzat egiten dugu hau? –
Kazetaritza oso lanbide berezia da edo hala iruditzen zait niri, behintzat. Ez naiz objektiboa (nor da objektiboa?), zerbait oso “neurea” baita kazetaritza, ez baitut alferrik bizitzaren erdia baino gehiago eman inguru-maria honetan, ia denetarik egiten. Ezagutzen ditudan jakin-min handieneko pertsonak topatu ditut kazetaritzaren munduan, informazioa aurkitzeko eta prozesatzeko trebetasuna ikaragarria erakutsi dutenak, eta pentsamolde eszeptikoa garatzeko gaitasun handiaz munduaz dakidana erakutsi didatenak. Ezagutu ditut, noski, bestelakoak ere: hurrengo egunean aurrekoan egin zuten berbera egitearekin konformatzen direnak ere asko dira, eta hori arazo larria da, audientziaren zati handi batek ez baitu aurreko egunean argitaratutakoaz batere interesik. Orduan, norentzat egiten dugu egiten duguna?
Reutersen azken ikerketak berriro erakutsi du argazkiaren gordintasuna: munduan hamar herritarretatik bostek Youtubera jotzen du eguneroko albisteen bila, hamarretik bi Whatsappen bidez informatzen da eta aurten lehen aldiz Tik Tok gailendu zaio Twitteri (esaiozu X). Egin zure matematika eta ikusiko duzu, erraz, zein gutxi diren hedabideen kontsumo zuzenetik elikatzen diren irakurleak: hamarretik bi eta 2018. urtetik hona, gainera, 10 puntutan jaitsi da kopuru hori, (beraz, hau irakurtzen ari bazara, eskerrik asko).
Plataformatan ikusleek iritzi-egileengan bilatzen dute informazioa, eta gero eta gehiago, influencer eta sortzaile gazteengan zentratzen dira. Hedabide tradizionalek posizioari eusten diote Facebook eta X bezalako sareetan, hots, gainbeherarik handiena duten tokietan. Hau da marka.
2025. urtean adimen artifizialaren eraginez gehiago kezkatu beharko dugula ohartarazi du ikerketak, informazio-espazioa eraldatzeko gaitasuna baitu mundu osoan aldakortasun politiko eta ekonomiko handiko garaian erronka berriak plazaratuz. Informazioaren fidagarritasunerako eta komunikabide nagusien iraunkortasunerako inplikazio sakonak izango ditu, eta ez da ahaztu behar jokoan dagoena ez dela soilik industriaren geroa: demokraziaren beraren iraunkortasuna jokoan dagoela esatea askotxo iruditzen bazaizu, irakurle, gogoratu urtarrilaren 20an nork hartuko duen AEBeko etxe nagusiko giltza. 2026. urterako Interneten bidez jasotzen ditugun eduki gehienak gizaki-ukiturik gabeak izango direla dioen ikerketak zer pentsa eman beharko liguke.
Irakurleei galdetuta, nabarmen igo da albiste faltsuen inguruko kezka: hamarretik sei inguruk diote ez dutela trebetasun edo ezagutza nahikorik egiazko albistea eta albiste faltsuak detektatzeko.
Ez dakigu zer sinistu eta hori horrela izanik, komunikabide tradizionalenganako konfiantza-tasarik baxueneatakoetan gaude. Finlandia da munduan hedabideekiko sinesgarritasun-tasarik altuena duen herrialdea eta baxuenak, berriz, Grezia eta Hungaria. Gazteen artean da nabarmen konfiantzarik eza, eta emakume eszeptikoen kopuruak ere gora egin du.
Ikerketa horretan ez da Euskal Herria agertzen eta beraz, zure esku dago, irakurle, apustua egitea. Pista bat emango dizut: aurten Reutersek galdera egin duenean, hamarretik lauk aitortu dute maiz albisteak saihesten dituztela: aurreko urteko batez bestekoa baino ehuneko 3 puntu gehiago da hori, eta hazkunderik handienak Brasilen, Espainian eta Alemanian izan dira. Albiste kopuruarekin “gogaituta” sentitzen direnen proportzioa nabarmen igo da (+11 ehuneko-puntu) 2019an kontsulta azkenekoz egin zenetik.
Ofizio honetan, ofizio guztietan bezalaxe, denetarik dago, noski, baina ez dut uste oro bat profesionalen bizkar soiletan jarri behar dugunik azken bolada luzean kazetaritzak bizi duen krisia. Hala ere, badugu zer egina, gutxienez, gure buruari galdetuta norentzat eta zertarako egiten dugun egiten duguna. Beste behin ere, galderei erantzutea da gure lana. 2017. urtean, The Washington Post egunkari estatubatuarrak lelo ofiziala onartu zuen, bere historian lehen aldiz. Geroztik, Interneteko atarian eta paperean ageri da, argi egiten duen gogoetarako abiaburuarekin: «Demokrazia iluntasunean hiltzen da». Argi luzeak piztu behar ditugu.