Hizkuntzak ez dira berez desagertzen

Hizkuntzak ez dira berez desagertzen –

Xabier Elosegi, Ipar Euskal Herriko Hitzan.


Ardura entzuten dugu euskara orain bezainbat lagundua ez dela sekula izan Ipar Euskal Herrian. Baita ez duela gure hizkuntzak lehen bezainbat etsai ere. Horrelakoek, alta, estaltzen dute (eta garbitzen) euskararen kontra historian zehar gertatu diren jazarpenek. Horietarik batzuk aipatuko ditugu, bai, Erregetzaren denboran eta baita Iraultzaren denboran gertatuak ere.

Hizkuntzak ez dira berez desagertzen

Frantziako erregea François I.a zelarik, 1539. urtean, gertatu zen hainbertze laudorio hartzen duen Villers-Cotterets deitu ordenantza. 110 eta 111. artikuluen arabera, frantsesa, eta soilik frantsesa, zen erabilgarria Justiziaren eta administrazioaren agiritan «erregistroak, ikerketak, kontratuak, testamentuak, baita Justiziaren edo haren mendeko beste zernahi ekintza eta jakinarazpen ere, izan bitez erranak, erregistratuak eta aldeei eskura emanak frantses ama hizkuntzan, eta ez beste inola». Erran behar da denbora haietan frantsesa zekitenak %10 baino gutiago zirela.

Bi mende eta erdi berantago (16 prairial II, hots, 1794/06/04), Frantziako Konbentzioan bozkatua eta onartua izan zen Gregoire izeneko txostena. Gregoire apezak (ondoren apezpikua izan zena) zioen herritarren gehiengo handi batek ez zuela frantsesa ezagutzen («frantsesetarik anitzek ez dakite»), eta frankofonoak ez zirela arras hiru milioi («hiztunak ez dira hiru milioi baino gehiago»). Biztanle guziak, 28 milioi. Datu horiek guziak eskuetan ukanik ere txostenaren izenak berak erakusten du zein zen Gregoireren xedea eta ondorioz boterearen xedea:

Premia eta Moldeak biltzen dituen txostena Eskualdeko Mintzairak Deuseztatzeko eta Frantsesaren Erabilpena Unibertsalizatzeko

Gauza ageria da frantsesaren garapena lotua zela bertze mintzairen suntsitzeari.

Geroztik arras errotua da ideia hori beren burua frantsestzat dutenen artean. Izan eskuindarrak ala ezkertiarrak, jakobinismoa deitzen den doktrina hori berea du gehiengo handi batek, hala nola Frantziaren «handitasuna», inperioaren ondorioa dena.

Geroztik frantsesa eta herri hizkuntzak, inperioa eta koloniak bezalatsu, menperatzaile/menperatuaren arteko erlazioan egon dira beti. Gauza ageria da botereak ez duela sekula hizkuntza suntsitzearen daturik eman.

1806. urtean egina izan zen jende kontaketan ondoko datuak ematen ziren: oil hizkuntza 16.408.000 jende (%58,5); okzitaniera, 8.461.000 (%25); franko-proventzera, 2.197.000 (%7,4); dialekto alemanak, 1.036.498 (%3,5); bretoiera, 985.558 (%3,3); korsikera, 174.702 (%0,6); flandriera, 156.973 (%0,5); katalana, 118.700 (%0,4); euskara, 109.306 (%0,4). Biztanleria osoa: 29.648.000.

Datu horiei hazkunde tasa emanez geroz, horra zein izan zitezkeen gaur egun hizkuntza horien mintzatzaileak: okzitaniera: 19 milioi; franko-proventzera, 4,9 milioi; alsaziera, 2,3 milioi; bretoiera, 2,2 milioi; korsikera, 390.000; flandriera, 251.000; katalana, 265.000; euskara, 244.000. Oharra: 109.306 kopurua ez zuzena izanik, proiekzioak eman behar luke 260.000 edo 270.000 mintzatzaile euskararentzat.

Dena den, gauza ageria da galtze biziki handiak agertzen direla edo bertze gisetara erranik Iraultzako asmo etnozidak bete egin direla neurri handi batean.

Azkenik, aipatu behar da suntsitze horietan parte hartze handia ukan dutela anitz errientek eta errientsek, nahiz badiren han-hemenka salbuespen guti batzuk.

Hizkuntzak ez dira berez desagertzen

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude