Langabeziagatiko subsidioa, 52 urtetik gorakoentzat
Langabeziagatiko subsidioa 52 urtetik gorakoentzat –
2024/12/06
Gizarte Segurantzaren Lege Orokorreko 280. artikulua
Subsidio hau langabezia (prestazioa edota subsidioa) agortu duten 52 urtetik gorako lagunei bideratuta dago. Hainbat berezitasun dauzka, ohiko langabeziagatiko subsidioekin konparatzen badugu. Izan ere, denok ondo dakigunez, halako adinarekin langabezian geratuz gero, bereziki zaila izaten da beste lan bat lortzea. Hori dela eta, enplegu berri bat topatu ezean, subsidio hau erretiro adina heldu arte jaso daiteke.
Honetaz gain, subsidio honek erretirorako kotizatzen du. Abantaila hau daukan bakarra da. Honek esan nahi du subsidioa jasotzen duzun bitartean, jubilaziorako kotizatzen egongo zarela. Hau geroxeago zehaztuko dugu hobeto.
52 urtetik gorakoentzako laguntza ekonomikoa da. Subsidio hau jasotzeko, ezinbestekoa da pentsio kontributiborako behar beste kotizatu izana eta diru-sarrera nahikorik ez izatea. Subsidio hau kobratzen den bitartean, erretirorako kotizatzen jarraitzen da.
Ze egoeratan eskatu ahal duzu?
— Esan dugunez, subsidio hau eska dezakezu, baldin eta langabeziagatiko prestazioa agortu baduzu. Hau da, langabezian geratu bazara, lehenengo eta behin, prestazioa eskatu beharko zenuke. Langabeziagatiko prestazioaren denbora agortzen denean, 52 urte badauzkazu, subsidio hau eska zenezake.
? ADI! Subsidioen erreformaren ostean, ez da beharrezkoa hilabete itxarotea subsidioa eskatzeko. Esna nahi baita, lehen hilabete pasatu behar zen prestazioa agortzen zenetik, subsidioa eskatu arte. Orain, segidan egin daiteke.
— Bestetik, langabezian geratu bazara, baina ez badaukazu kotizazio nahikorik langabeziagatiko prestazioa eskatzeko eta, hortaz, ezin izan baduzu prestazioa jaso, hala ere, subsidio hau eska zenezake, baldin eta, gutxienez, 90 egunez kotizatu baduzu.
— Beste subsidio bat jasotzen ari zaren bitartean, 52 urte betetzen badituzu, 52 urtetik gorakoentzako subsidioa eskatu ahal duzu. Honelakoetan, azken subsidio hau jasotzen hasiko zinateke. Honako subsidioren bat izan behar da: prestazioa agortzeagatiko subsidioa, subsidioa kotizazio nahikorik ezean, Estatura itzulitako migranteentzako subsidioa edo genero zein sexu indarkeriaren biktimentzako subsidioa.
— Edozein subsidio jasotzen ari bazara eta berriztea tokatzen bazaizu, 52 urtetik gorakoentzako subsidioa eskatu ahal duzu, baldin eta adin hori bete baduzu.
Aldez aurretiko kotizazioak
Erretiroa
Subsidio hau eskatzeko, erretirorako besteko kotizazioak izan behar dituzu. Hau da, zure bizi laboral osoan zehar, gutxienez, 15 kotizazio-urte pilatu behar izan dituzu, Gizarte Segurantzaren edozein erregimenetan (orokorra, autonomoak, etxeko lana…). 15 urte hauetatik bi, gutxienez, azken 15 urteetan zehar izan behar dira.
Bete beharreko baldintza hauek erretirorako eskatzen diren berberak dira. Izan ere, esan dugunez, subsidio hau erretiro adinera heldu arte jaso daiteke eta, gainera, jasotzen dugun bitartean erretirorako kotizatzen egongo gara. Hori dela eta, subsidioa eskatzen den momentuan erretiro-pentsioa eskatu ahal izateko baldintzetan egon behar gara. Bestela esanda, subsidioaren kotizazioek pentsioa hobetzeko balioko digute, baina ez pentsiorako eskubidea sortzeko.
Langabezia
Zure bizi laboral osoan zehar, gutxienez, sei urte kotizatu behar izan duzu langabeziagatik.
Adi! autonomoa edo etxeko langilea bazara: autonomoetan ez da langabeziagatik kotizatzen, jarduera amaieragatik baino; etxeko langileen kasuan, 2022ko urrira arte ezin izan da langabeziagatik kotizatu. Alegia, etxeko langilea izan bazara, nahiz eta 15 urte erretirorako kotizaturik izan, ez bazara egon sekula erregimen orokorrean, subsidio hau ukatuko zaizu, langabezian kotizatu beharreko sei urteak falta dituzu eta (gehienez, 2022ko urritik honako hilabeteak izango dituzu langabeziagatik kotizatuta).
Diru-sarreren gabezia eta hauen aitorpena
Beste artikuluetan azaldu dizuegun bezala, subsidioen erreformaren ostean, errenten gabezia modu probetxugarriagoan kalkulatzen da, familia erantzukizunak izanez gero. Honi begirada bat bota nahi badiozu, hemen daukazu ondo argituta:
Hala eta guztiz ere, 52 urtetik gorakoentzako subsidioaren kasuan, familia erantzukizunak ez dira kontuan hartzen. Eskatzaileak diru-sarrera propioen gabezia egiaztatu behar du. Zer esan nahi du honek? Zure diru-sarrerak ezin direla izan lanbidearteko gutxieneko soldataren %75 baino altuagoak (850,50€ hilean 2024. urtean).
Beraz, subsidio honen kasuan ez dira aintzat hartuko familia unitatearen gainontzeko kideen diru-sarrerak, ez subsidioa eskatzean, ez eta subsidioak irauten duen bitartean ere.
Diru-sarrera hauek edozelakoak izan daitezke: nekazaritza jarduerengatik, jarduera artistikoengatik, lokalen bat alokatuta edukitzeagatik, bestelako prestazio publikoren bat jasotzeagatik, loteriak, pentsio-planak… SEPEren ORRIALDE HONETAN zehatzago daukazu azalduta zer jotzen den errentatzat edo diru-sarreratzat.
Diru-sarreren gabezia hau bete behar da, bai subsidioa eskatzen denean, bai eta jasotzen den denbora guztian zehar ere. Hau egiaztatzeko, 12 hilabetero urteko errenten aitorpena aurkeztu beharko duzu.
Errenten aitorpen honetaz gehiago jakiteko
Errenten aitorpenerako dokumentua
Errenten aitorpena online egiteko (sarbidea eta azalpenak)
Edozelan, hitzordua eskatu eta SEPEren egoitzara hurbiltzen bazara, bertako langileek erraz-erraz egingo dizute (diru-sarreren inguruko dokumentazioa aurkeztu baino ez duzu egin behar –normalean, PFEZren aitorpena-).
Zenbat jasotzen da?
Gainontzeko subsidioen zenbatekoa handitu da erreformaren ostean. Hala ere, hau ez zaio aplikatzen 52 urtetik gorakoentzako subsidioari. Subsidio hau jasotzen hasten zarenetik, amaitu arte, beti izango da zenbateko berbera: IPREMaren %80.
Honela, hilabetean 480€ izango lirateke, IPREM adierazlea 600 euro baino ez direnez gero. Zenbateko hau 2024. Urteari dagokio, baina, IPREM ez da igotzen lanbidearteko gutxieneko soldatak egiten duen erritmoan; aitzitik, ia-ia izoztuta egoten da urterik urte, nahita. Izan ere, adierazle hau PSOEren gobernuak asmatu zuen 2004. urtean, prestazio sozialak jaisteko eta gogortzeko. Honetaz gehiago jakin nahi baduzu, bota begirada bat hurrengo artikuluari:
Subsidioa eta erretiroa
Jadanik esan dugunez, subsidio hau jaso daiteke erretiro adinera heldu arte eta, gainera, jasotzen dugun bitartean, erretirorako kotizatzen jarraituko dugu edo, bestela esanda, SEPEk bere gain hartuko ditu eta ordainduko ditu erretirorako kotizazio horiek.
ADI! Nahiz eta jasotzen den kopurua 480€ baino ez izan, kotizazioa askoz altuagoa da: momentu bakoitzean indarrean dagoen gutxieneko kotizazio oinarriaren %125engatik kotizatuko da. Honela, 2024ean gutxieneko kotizazio oinarria 1.323 euro direnez, 1.653,75 euroko oinarri batengatik kotizatuko da. Kopuru hauek igotzen joango dira, lanbidearteko gutxieneko soldata igotzen den heinean.
Edozein kasutan, erretiroagatiko kotizazioa osatu nahi baduzu (igo nahi baduzu), Gizarte Segurantzarekin hitzarmen berezia sinatu ahal duzu.
Subsidioa jasotzen ari bazara, erretirorako adina heltzen zaizunean, pentsioa jasotzen hasiko zara. Ez da zerbait automatikoa, Gizarte Segurantzan eskatu behar da, lanean ari garenean bezalaxe.
Subsidioa kobratzen ari bazara, aldez aurretik erretiratu ahal zara?
Lehenengo eta behin, oso presente izan behar dugu aldez aurretik erretiratzeko, 35 urte kotizaturik izan behar dituzula.
Kotizazio ibilbide luze horiek ez dira posible jende askorentzat, jakina. Edozelan, demagun 35 urte horiek kotizaturik dauzkazula eta, hortaz, aukera bi daukazula: dagokizun adinarekin erretiratu edo aldez aurretik (gehienez, urte bi lehenago) erretiratu. Honelakoetan, garrantzitsuena kalkuluak egitea izango da.
Izan ere, subsidioaren zenbatekoa hain da baxua, ezen duintasunaz bizi ahal izatea izugarri zailtzen baitu. Pentsioagatik geratuko zaigun zenbatekoa altuagoa izango da edozein kasutan eta honek arnas apur bat eman ahal digu. Baina, esan bezala, kalkuluak egin behar dira. Aldez aurretik jubilatzen bagara, ondo dakizunez, koefiziente murriztaileak aplikatzen dira gure pentsioaren zenbatekoaren gainean.
Koefiziente hauek ezberdinak izango dira aldagai biren arabera: zenbat hilabete lehenago erretiratu nahi duzun eta zenbat urte dauzkazun kotizaturik.
Adibidez, erretiroa 24 hilabete lehenago eskatzen baduzu eta 38,5 urte baino gutxiago kotizaturik badaukazu, pentsioa %21 murriztuko da; 38,5 urte eta 41,5 urte artean kotizatu baduzu, pentsioa %19 jaitsiko da, eta 41,5 eta 44,5 urte artean kotizatu baduzu, murriztapena %13 izango da.
Taula osoa eta aldez aurretiko borondatezko erretiroaren inguruko detaile guztiak, hurrengo artikuluan:
Zein da eskatzeko epea?
Gainontzeko subsidioak eskatzeko, sei hilabeteko epe muga daukazu. Hau da, gertaera eragiletik sei hilabete pasatuko balira, subsidioa eskatu arren eta baldintzak bete arren, ukatuko litzaizuke. 52 urtetik gorakoentzako subsidioan, hala ere, ez dago halako epe mugarik.
Gogoratu, lehen aipatu dugunez, hilabeteko itxaronaldia deuseztatu dela eta, hortaz, langabeziagatiko prestazioa kobratzen egon bazara, adibidez, segidan eskatu ahal izango duzula, hilabete pasatzen utzi behar barik.
Dokumentazioa
— Eskaera-orria
HEMENDIK jaitsi ahal duzu eskaera-orri ofiziala. Bertan erantzukizunpeko adierazpena ere bete ahal izango duzu, errenten gabezia egiaztatzeko. Nahikoa da zure diru-sarrerak eta, familia erantzukizunak izanez gero, zure senideenenak ere hor islatzea. Administrazioak, gerora, konprobatu egingo ditu.
— Identifikazio dokumentuak (ez da kopiarik behar, erakutsi baino ez duzu egin beharko): NAN, TIE edo Europako Batasuneko herritarren erregistroaren ziurtagiria. Familia erantzukizunak badauzkazu, senide horien identifikazio dokumentuak ere erakutsi beharko dituzu.
— Zure kontu korrontea islatzen duen bankuaren edozein dokumentu (subsidioa jasotzeko kontu korrontea eman behar duzu, dirua bertan sar diezazuten).
— Azken urteko PFEZ aitorpena (errenta aitorpena).
Eskaera
- Aurrez aurre
Horra hor SEPEren egoitzak:
— ARABA
— BIZKAIA
— GIPUZKOA
— NAFARROA
Gogoratu aldez aurretik hitzordua eskatu behar duzula derrigor. Hau internetez egin ahal duzu, ORRIALDE HONETATIK edo telefonoz: 91 926 79 70
- Online
Subsidioa online ere eskatu ahal duzu, ORRIALDE HONETATIK.
Edozein zalantza daukazula, SEPEk arreta eta informazio telefonikorako zenbaki berria dauka martxan: 060
Azken albiste, abisu eta eguneraketak mugikorrean jaso ahal dituzu zuzenean!
Harpidetu gure telegram kanalera eta izan Bizilankidea!