Euskal nazioaren eginkizuna
Euskal nazioaren eginkizuna –
Unai Apaolazak, euskararen nazioarteko egunaren biharamunean, “Nazioaren betiereko itzuleraz” artikulua argitaratu du. Bertan, “herria”-ren nozioa defendatzen du, euskal emantzipazioaren borrokarako erreferentzia gisa, “nazio”-aren aurrean.
Apaolazaren iritzia zehazten lagun dezaketen bi erreferentzia gogoraraziko ditut, onerako edo txarrerako horri buruz bere garaian gure artean eztabaidatua izan zena hona ekarriz. Izan ere, 1967ko urtarrilean, “Zeruko Argia”-n, Joxe Azurmendik galdera bat jarri zuen bere artikulu batean: “Zergatik eta zertarako euskaldun?”. Iskanbila sortu zen horren harira; Azurmendiren aburuz, euskaldun izateko ez da aski Euskal Herrian sortua izatea, horrek hautua eta jarduna eskatzen baititu ezinbestean; kontzientzia izatea, alegia. Horrezaz gain, Txillardegik ere zeresan handia eman zuen urte bertsuan “Jakin”-en argitaratutako “Gure eginkizuna” izeneko artikuluan. Bietatik “herri” eta “nazio” kontzeptuen arteko desberdintasun politikoak ondoriozta daitezke. Honatx:
Herria, funtsean, talde soziala da, identitate politiko komunaren kontzientziaren ondorioz estatu propio edo independente batean islatzeko helburuarekin kide guztien artean lotura kolektiboak garatu ditzakeena.
Nazioa, berriz, prozesu historiko komun baten ondorioz, kideen artean integrazio kulturala lortzen ari den kolektibitatea, nazioarteko beste kolektiboekin harremanak izateko gaitasuna duena eta barne autonomia funtzionala duena izango litzateke.
Estaturik gabeko herriek edo nazioek estatuekiko dituzten harremanak desberdinak dira, hala nola herri batek estatu bat lortzeko nahia izan dezake, baina ez du zertan hala izan.
Nazio bat, aldiz, bere estatua izan gabe existitu daiteke, baina ekintza kolektiborako eta independentziarako gaitasun handiagoa izaten du.
Bi kontzeptuon osagai nagusien arabera, herriak ez du derrigorrez lurralde bat behar existitzeko, baina nazioak, lurralde jakin batean bizitzeaz gain, integrazio kultural handiagoa eta esperientzia historiko komuna inplikatzen ditu.
Subiranotasunaren bidean, teoria politikoan behintzat, herria subiranotasun nazional edo herritarraren subjektutzat hartzen da, eta nazioa, ostera, “estatu bat gobernatzen duen herria” bezala ulertu ohi da.
Bi kontzeptuen gauzatze eta bilakaera historikoa ulertzeko esan dezakegu herria nazio bihur daitekeela harreman politiko eta ekonomikoak gainditzen dituzten integrazio kulturaleko loturak sortzen dituenean, baina nazioa historiak eta kulturak sortutako entitate gisa ikusten da, ez zerbait naturala.
Herriak oinarrizko loturetan oinarritzen ditu nortasuna eta partaidetza. Nazioak, aldiz, norbanakoaren eta kolektiboaren arteko identifikazio sakonagoa dakar ezinbestean.
Laburbilduz, herriak nolabaiteko identitate politiko komuna duen oinarri soziala irudikatzen duen bitartean, nazioak integrazio kultural, historiko eta funtzional maila aurreratuagoa inplikatzen du, ekintza kolektiborako eta independentziarako gaitasun handiagoarekin. Gurean, behintzat, emantzipaziorako bide egonkorragoa, ene ustetan.
Goian aipatu bi artikuluen egileei traidore, erreakzionario, burges… denetik leporatu zieten orduan.
Unai Apaolazak dioenez, “Nazioaren betiereko itzulera” izango da…