Maniez
Maniez –
Oier Etxeberria, Bertsolari aldizkarian.
Aurrenengo aldiz burla haizez Monk deitu zidatenean, oraindik Adrian Monk detektibearen kapitulurik ikusi gabe nengoen. Orduan ere huskeriaren batekin egoskortuko nintzen, eta seguru asko izango zen motiborik maniatiko dei ziezadaten.
Oso luzea da urduri jartzen nauten gauzen zerrenda: beraien futbol taldeez lehen pertsonan hitz egiten duen jendeagandik hasi, eta irekitzerakoan zarata ateratzen duten leiho bisagretara. Errepidean mugikorrari begira doazen kopilotuak ez zaizkit gustatzen. Amorrua ematen dit ateak behar baino indar gehiagoz ixteak. Gehienbat, nire kotxearenak badira. Deserosoak iruditzen zaizkit gurpil birakariaren bitartez denbora erregulatzen zaien mikrouhin labeak, ez baitaukate ez prezisio, ez errepikakortasun. Ezin dut jasan nire koadernoko orrietan marrazkiak egin ditzaten, ez eta papera alanbreetatik puskatzea ere. Norbaitek baimena eskatu eta edukazioz bertan lasai idazteko esan arren, gezurra da. Ez egin krokisik besteren mahaiko orrietan mesedez. Gorroto ditut goma lasaituta duten galtzerdiak, 12 beharrean 24 orduko sisteman konfiguratutako eskumuturreko ordulari digitalak, bileteak tolestuta sartu beharreko diru-zorroak edo ogi barra eskuekin ebakitzea, besteak beste.
Gure bulegoko enkargatuak dio, diseinatzaile onaren lehen printzipioa simetria dela. Are hobea bi plano perpendikularrekiko simetria bilaterala denean. Beti iruditu izan zait ederra simetria, eraikuntzetan bezala arte obretan. Biderkagaien ordenak ez duela emaitza aldatzen, baina gauzen hurrenkera bat, beti da gainontzekoak baino zentzuzkoagoa.
Oraindik ez naiz hasi errepidea zebra-bideko marra zurien gainetik pasatzen. Ordea, ezinbestekoa iruditzen zait oinetakoak beti bi korapilorekin lotzea, azkazalak luzera egokian astero moztuta edukitzea, telefono zenbakiak izen abizenekin gordetzea (baita ezizena duten pertsonen kasuan ere), autobus geltokira ordua baino bost minutu lehenago iristea….
Dezente hitz egin izan da bertsoaren inguruko ohitura xelebre eta zinginarriez. Jardueraren sofistikazio psikologikoagatik edo, saio baten kasuan are nabarmenagoa da joera obsesiboa. Batez ere, noizbait emaitza positiboa izan dutela iruditutako errituen errepikapenarekin. Estatistikoki oso zaila da amuletoen erabilera, gorputzaldi onarekin korrelazioan mantentzea. Akaso horregatik, fede gehiago dut prozesuen kausalitatean. Bezperan eta egunean ahabiak jan, baita limoi ura eztiarekin hartu ere. Kirola egin intentsitatea ertainean. Areto, plaza, oholtzaren argazkiak ikusi; saioa den herriaren Wikipediako orria irakurri. Propoleo fraskoa eskura eta patrikan mentazko karameluak. Gainontzean poltsikoak hutsik, eskuak enbarazurik gabe sartu eta ateratzeko. Kotxean bakarrik eta irratia itzalita joatea. Kafea. Ahal dela, hasierako agurra izan dadila lehen ofizioaren metrika berdinekoa.
Nekeza da bereiztea zein puntutan bukatzen den metodoa, eta hasten nahasmendua. Norbere ohiturak beti dirudi zentzuzkoa, edo hala sinestera garamatza errepikapenak. Ez da beharrezkoa gainontzeko jendeak nire maniak ulertzea, errespetatu ditzan eskatu (exijitu) besterik ez dut egiten.