Ezin ulertu
Ezin ulertu –
EZIN DUT ULERTU nola esan diezazuketen –zuk galdetu gabe– zarena baino zaharrago dirudizula; EZIN DUT ULERTU nola jar dakiokeen Behia izena okel platerak espezialitate dituen jatetxe bati; EZIN DUT ULERTU nola izan daitekeen La mafia se sienta a tu mesa jatetxe kate baten izena; EZIN DUT ULERTU nola jar daitekeen txerrikume polit baten irudia urdaitegiaren atean; EZIN DUT ULERTU gure zenbat eta zenbat herrikidek musutruk eman dion Ezker Abertzaleari erabateko konfiantza, gratis et amore, amodioz egin balute bezala urte luzez egin zutena; EZIN DUT ULERTU liburudenda eta liburutegiei ETAren sortzaile edo laguntzaileen izenak ematea; EZIN DUT ULERTU zergatik gertatzen zaigun gizakioi errazago etengabe hitz egitea pentsatzea baino, isilik eta lasai pentsatzea baino; EZIN DUT ULERTU nola normala iruditzen zaigun politikariek nahikoa ez deskantsatzea; EZIN DUT ULERTU nola gelditu den hainbeste jende Estatu Batuetan boturik eman gabe Trump aspalditik eta ondo ezagutu arren; EZIN DUT ULERTU nola hainbestek nahiago duen besterengan inbidia eragin maitasuna baino; EZIN DUT ULERTU nola, zahartu ahala, txatxuago bihurtzen garen eskuzabal baino; EZIN DUT ULERTU nondik azaldu diren gure kaleetan hainbeste, eta hainbeste, eta hainbeste saltoki manikurak egiteko, oinetako azkazalak margotzeko (benetan!); EZIN DUT ULERTU nola dagoen hainbeste jende, eskaparate bihurtutako ileapaindegietan, kaletik doanari bere burua erakusteko prest –tximak bustita, edo erdi margotuta, edo burua zilarrezko paperaz geruzaka estalita–; EZIN DUT ULERTU zergatik hauzo berrietako etxe berrietako gehienetan ezin den landarerik zintzilikatu balkoi eta leihoetatik; EZIN DUT ULERTU hizkuntza pertsonon nortasunaren osagai (ia) sakratutzat hartzen duten askok nola bultzatzen duten haurtxoak –ama hizkuntza bestea izanda ere– eskolatze lehen urteetatik euskaran murgiltzea guztiz; EZIN DUT ULERTU hainbestek aulki-uhala ez lotzea auto eta autobusetan, istripuak posible direla jakinda ere; EZIN DUT ULERTU zergatik ez diegun euskaldun berriei erakusten «tz» ondo ahoskatzen, nor-nori-nork paradigmaren lehenaldia baino askoz-askoz errazago denean hori lortzea; EZIN DUT ULERTU zer egiten duen nire Ricardo Darín mirestuak banku inportante baten publizitatea egiten (idolorik gabe ari naiz gelditzen); EZIN DUT ULERTU ez egotea agintaririk munduan drogak legeztatu eta dagokion zergak ordaintzea aldarrikatzen duenik; EZIN DUT ULERTU feminismoaren izenean batzuek (askok?) sexu harremanak maila fisikoan bakarrik gauzatzea «bekatutzat» hartzea, gure gaztetako mojek bezalaxe; EZIN DUT ULERTU nola dagoen jendea denda txikiak ixtea pena ematen diona, internetez edo bestela saltegi handietan erosten duen bitartean; EZIN DUT ULERTU den-dena txartelekin ordaindu nahi izatea, nahiz bankuen amoraltasunaz kexuka ibili; EZIN DUT ULERTU nola dagoen hainbeste jende zalantzarik gabe hitz egiten duena bizi dugunabezain errealitate konplexuaz; EZIN DUT ULERTU nola ia erabat utzi diogun elkarri deitzeari, ahotsak entzuteari, mezu idatzi eta marrazki ergelen mesedetan; EZIN DUT ULERTU nola gobernu nazionalistei hainbeste kostatzen zaien erakundeak Araban edukitzea edo zergatik dagoen hainbesterainoko konkurrentzia Euskadiko hiru probintzien artean; EZIN DUT ULERTU gizakion zaletasuna, beharrezko ez denean ere, egitura hierarkikoetan itsu-itsu agintari-menpeko eskemari amore emateko; EZIN DUT ULERTU nola egonkortu den, hotz egiten duenean ere, tabernetako terrazetan egoteko ohitura; EZIN DUT ULERTU bere zakurrak egindako kaka plastikozko xorroan bildu eta bertan uzten duena jaso gabe; EZIN DUT ULERTU zergatik zakurrarekin haserratzen diren jabe batzuk, uhalik gabe eraman eta zakurra errepidera ateratzen bada; EZIN DUT ULERTU zer presa duen edonork eta beti semaforo gorriaren aurrean; EZIN DUT ULERTU goizean goiz itsasertzetik edo basoan zehar aurikularrak jarrita ibiltzea; EZIN DUT ULERTU zergatik zaigun hain-hain zaila barkamena eskatzea. OHARRA: «ezin dut ulertu» baliabide erretorikotzat hartu, mesedez; aurreko lerroetako zehar-galdera zenbaiten arrazoi batzuen susmoa bederen ba dut.
…
Galde 47 negua/2025
Nik ezin garbiago entenditzen dut. Motza totala zara, abertzaleen kontrako erabatekoa, espainola esaten dena. Konprenitzen al duzu, botijo espainiar horrek?
Euskaldun berrienak bihotza hunkitu dit. Badakit Euskadi Irratian prosodian eta halako ostiakeriatan , esan dezagun teknikari aholkulari edo babukeria horietako baten bat izan zarela. Aditu dizut hizketan, zerorrek ez dakizu “z* nafarbaren moduan ahoskatzen, Bizkaitarrek eta Arabarrek ezta arrastorik ere. Barka. Ulertzen dut hori 2024ko ergelkerien zerrendan sartuko da sindudarikgabe