Autonomia, urrats berria
Autonomia urrats berria –
EHBaik Autonomia estatutu baterako proposamena prestatu du, gure nazioaren burujabetza osorako bidean etapa gisa.
Ipar Euskal Herriarentzat Autonomia estatutuaren aldarrikapena historia luze batean errotua da. 1947an Jean Etcheverry-Aintchart diputatuak lege proiektu bat aurkeztu zuen. Ondotik, mugimendu abertzaleak urtetan zehar beste proposamen batzuk egin ditu: 1978ko legegileetako hauteskundeetan EHAS mugimenduak defendaturikoa; 1983an Iparretarrak erakundeak Autonomia kontzeptua helburu eta borroka ezberdinen bateratze gisa jarri zuen mahai gainean. 1993an autonomia estatutuaren proposamen zehatza plazaratu zuen; 1994an «Autonomia Eraiki» kolektiboaren autonomia proiektua ezagutu zen; eta 2007an Batasunak autonomia proposamena aurkeztu zuen.
2012an, EHBaik eskumen zabaleko Lurralde kolektibitate autonomo baten alde egin zuen. Alta, 2022ko udazkenean egin lehen kongresuan, autonomia estatutu berri baten oinarri politikoak definitzea erabaki zuen. Bi urteko gogoeten ondotik, heldu da momentua.
Momentuaren garrantzia
EHBairen delibero hori egoera jakin batean kokatzen da. Frantses Estatuan diren estaturik gabeko nazio ezberdinetan mugimendu abertzaleen eta independentisten eragina emendatzen ari da. Ondorioz, estatutu politikoen bilakaeraz solastatzera bultzatua izan da Paris bereziki Polinesian, Kanakyan edota Korsikan. Frantses estatu zentralizatuaren eta estaturik gabeko nazioen artean «modus vivendi» berri bat beharrezkoa da. Horregatik, EHBaik ezinbestekotzat ikusten du Ipar Euskal Herria ere aldarri horri lotzea.
Ipar Euskal Herria bere burua antolatzeko eta gobernatzeko prozesu batean da Euskal Elkargoa sortu zenetik. Lehen aitortza politiko bat lortu da, lurralde mailako zenbait politika publiko plantan ezartzeko aukerarekin. Hala ere, Elkargoak bere mugak erakutsi ditu, lurraldean ditugun erronkei buru egiteko erabaki ahalmen eta eskumen urriak dituelako. Aitortzari begira, beste ziklo politiko bat irekitzeko premia dugu. Hortara, beste estatutu politiko baten perspektiba Ipar Euskal Herriko agertoki politikoan mahai gaineratzeko beharra agerikoa da. Are gehiago, Hego Euskal Herrian ere estatutu politikoen eztabaida irekia delarik, geroari herri ikuspuntu batetik begiratzen ahal diogun honetan.
Anbiziozko erronka
Autonomia Europan aspalditik onartua den kontzeptua da, kontinenteko panoraman, nehondik ere anakronikoa ez dena. Alderantziz, ikuspuntu jakobinoa da zaharkitua dena. Ipar Euskal Herrian autonomia estatutu batera iristeko, EHBaik bi urrats proposatuko ditu: frantses estatuarekin Euskal Herriaren oinarrizko berezitasunak kontuan hartuko dituen akordio politiko bat formalizatzea eta horren baitan, frantses konstituzioan Euskal Herriaren aipamen berezitua egitea, Kanakyren kasuan bezala. Autonomia estatutua eraginkorra izateko, ahalmen legegileak, fiskalak eta eskumenak ere bilduko ditu. EHBaik etapa instituzional berri bat irekitzeko tenorea dela uste duen honetan, herritarrei eta eragileei anbiziozko erronka hau aurkeztuko die abenduaren 14an, denen arteko iritziekin lurraldearentzat proiektu berri bat sor dezagun.