EHU eta Israelen genozidioa

EHU eta Israelen genozidioa –

Palestinan genozidio bat egiten ari da Israelgo estatua, eta harekin —eta harekin batera diharduten enpresa eta erakunde guztiekin— harreman oro eteteko asmoz sortu zen EHU Palestina sarea. Israelen inpunitatea Europan eta Estatu Batuetan dituen harreman politiko, militar, ekonomiko, zientifiko zein akademikoetatik dator. Horregatik, EHUko komunitateko parte aktibo garen ikasle, irakasle zein langileok gure unibertsitatera ekarri nahi izan dugu BDZ Boikot, Desinbertsio eta Zigorren nazioarteko kanpainak aspalditik proposatzen duena: EHU konplizitate hauen kargu egin, eta lotura horietatik askatzea. Halako kanpainak eraginkorrak izan ziren, besteak beste, Hegoafrikako apartheidaren kontra.

EHU eta Israelen genozidioa

EHUk orain arte eman dituen aurrerapausoak epelak eta berantiarrak izan dira. Palestinako egoeraren larritasunak eta nazioartean zein auzo eta hirietan egindako mobilizazioek bultzatu dute mugitzera: gurean, ikasleek egindako kanpaldiak, sailetan onartu ziren mozioak edota estatuko beste unibertsitateekin batera egindako ekitaldi eta elkarretaratzeak izan dira.

EHUko Gobernu Kontseiluak apirilaren 24an adierazpen bat egin zuen. Orduan salatu genuen bezala, adierazpen horrek termino okerretan kokatzen zuen arazoa, eta adierazpenak zehaztapen gutxi zuen.  Gainera, ez zuen inolako neurririk proposatzen, EHUko hornitzaile diren eta genozidioan eta apartheidean parte hartzen ari diren enpresen kasuan, eta ez zuten aintzat hartu EHU Palestina saretik horri guztiari zehaztapenak emateko batzordebat sortzeko eskaera.

Harreman hauek guztiak behatu eta zein izaera duten ezagutu eta argitara emateko batzorde garden, eraginkor eta lotesle bat eratzea proposatzen dugu. Batzorde horrek unibertsitateko kide ezberdinak ordezkatu beharko lituzke, baita gai honetan lanean ari diren kideak ere. Batzordearen helburuak horrela laburbildu daitezke:

  • EHUren esparruan genozidioaren legitimazio eta babes-sarea aktiboki haustea.
  • Israelgo Estatuarekin elkarlanean ari diren enpresa eta erakundeekin harremanak edo kontratazioak eten eta berririk ez sinatzea, bereziki genozidioan eta apartheidean paper aktiboa jokatzen ari direnekin.
  • HP enpresarekin dauzkan harremanak haustea eta aurrerantzean ez dela CAF bezalako enpresekin harremanik izango ziurtatzea.
  • Israelgo unibertsitateekin dituen mugikortasun, elkarlan, lankidetza eta ikerketa-programak eta hitzarmenak eten eta berririk ez sinatzea.
  • Palestinar komunitate akademikoa indartzeko egitasmoak martxan jartzea.

Batzordearen sorrera bultzatzeko sinadura bilketa bat abiatu genuen, besteak beste, Errektoretza hauteskundeetako bi hautagaitzei presio publikoa egiteko, eta dagoeneko 1.000 sinadura baino gehiago jaso ditugu. Kanpainan zehar, bi hautagaitzei gure proposamena helarazi genien, batzordearen sorrera aintzat hartu eta berau posible egiteko aurrerapauso, konpromiso eta erabaki irmoak har ditzaten.

Eva Ferreiraren hautagaitzak momentuz ez du batzordea eratzeko konpromisorik hartu. Esan behar dugu hautagaitza horretako kideekin izan dugula bilkura, baina egungo errektorea orain arte ez dela gurekin bildu, aspalditik proposatu badiogu ere. Joxerra Bengoetxearen hautagaitzak batzordea sortzeko konpromisoa hartu zuen, baina ez zuen gure proposamen osoarekin bat egin.

Arlo horretan, azpimarratu nahiko genuke batzordeak ezin duela izan posizio anbiguoak justifikatzeko; benetako eragina izatea ezinbestekoa da, eta ondorioz formulak bilatu beharko lirateke batzordearen proposamen guztiak aurrera eraman daitezen.

EHU apartheidetik eta genozidiotik libre dagoenunibertsitate bihurtu nahi dugu. Palestinarekiko elkartasuna eta genozidioaren eta okupazioaren aurkako ekintzak egitea eta instituzioek betearaztea presio kolektiboaren esku dago. Mendebaldeko herrialdeetan daude Israelek nazioartean duen konplizitatearen erantzule nagusiak, eta komunitate akademikoa Israelen ekintzekiko adostasun inplizitu hau hausteko tresna bilakatu daiteke. EHUko hauteskundeetatik aterako den errektore talde berriak batzordea eratzeko proposamenari men egiteko, ezinbestekoa da mobilizatzen jarraitzea.

Aritz Tutor Anton, Ainhoa Bilbatua, Marta Luxán Serrano eta Eneka Tamayo Zamorano

EHU eta Israelen genozidioa  EHU eta Israelen genozidioa

EHU Palestina sarea

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude