Argitasun esperantzagarriak – Kontseiluari oharra (eta 2)
Argitasun esperantzagarriak (eta 2) –
Atzokoan ez nuen denborarik izan 2021eko Inkesta Soziolinguistikoko 14. irudiko emaitzak iruzkintzeko, eta uste dut garrantzizkoa dela, maiz egiten delako halako datuen interpretazio okerra (baita ere aitzakia dudan Kontseiluko adierazpenean) ere.
Irudiaren itxuran balirudike 2021ean ‘Euskaraz errazago’ eta ‘Euskaraz zein erdaraz berdin’ egiten duten 16-24 urte bitarteko euskaldun gazteak askoz gutxiago direla (% 44,5 –% 23,4 + % 21,2–), ‘askoz’ euskaldun hobe eta osoago liratekeen > 65 urtetik gorakoak baino (% 68,5, 24 puntu beteren aldea –% 37,8 + % 30,5–). Eta euskaldun oso eta hobeen eskala hori galtzen doala adinean behera egiten dugun neurrian.
Hala dio Kontseiluaren adierazpenak: «Euskal Herri osoko joera d[a] euskaraz erdaretan baino errazago moldatzen diren hiztunak gero eta gutxiago izatea». Eta hala iradokitzen dute 2021eko Inkesta Soziolinguistikoko iruzkinek ere (26-28 orr.): «Euskaldunen erraztasuna aldatu egin da 1991tik hona. / Duela hogeita hamar urte, euskal elebidunen eta erdal elebidunen ehunekoa nahiko antzekoa zen (% 34,6 versus % 37,8). / Gaur egun, ordea, erdal elebidunen ehunekoa 18,8 puntu handiagoa da euskal elebidunena baino (% 26,3 versus % 45,1)». …
Eta ordea, ez da hala. Ze proportzio horiek euskaldunen artekoak dira, eta nola euskaldunen kopurua erabat handitzea lortu dugun azken hogeita hamar urteotan, ‘Euskaraz errazago’ eta ‘Euskaraz zein erdaraz berdin’ moldatzen garen euskaldunon proportzioak ikaragarri igo ditugu populazio osoaren aurreko datuetan, eta askoz gehiago gara orain 1991ean baino, eta areago zenbat eta populazio tarte gazteagoa kontuan. Hori dierazten dugu hurrengo taulan:
Denera 1991n biztanleon % 13,87 moldatzen ginen euskaraz errazago edo erdaretan bezain ongi. 2021 %16,58 gara. 2 puntu eta erdiren irabazia. Baina 115.588 euskaldun gehiagorena (444.328 2021ean, 1991ko 328.740ren aldean, % 35,16 gehiago).
Irabazi nabarmenenak adin tarte gazteetan da nabarmena. 1991n 35-49 urte bitartekoan belaunaldian soilik biztanleen % 11,12 moldatzen ginen euskaraz errazago edo erdaretan bezain ongi. 2021ean % 16,78 (5 puntu eta erdiko aldea). 25-34 urte bitartekoen artean, 1991n % 10,29 eta 2021ean % 21,39, bikoitzaz goiti. Eta 16-24 urte bitartekoen artean 1991n % 10,62, eta 2021ean % 25,77, bia aldi eta erdiz goitik. Eta horiek gaurko eta etorki<zuneko irabazi netoak ditugu, nahiz Inkesta Soziolinguistikoko irudiek bestela iradoki… Kontua da irabazi horiez gain, aldi berean irabazi ditugula 30 urteotan 281.060 euskaldun gehiago (2021eko 809.341, 1991ko 528.281en aldean, % 53,2 gehiago). Nondik itxurako nahasteak.
Gure egoeraren itxurazko diagnostikoak egiteko, egin duguna aztertzeko, eta egin behar dugunean asmatzeko, zinbestekoa da ditugun datuak behar bezala interpretatzea…
Inkesta Soziolunguistikoko irudi eta taula: