Milaka lagun Palestinarekiko elkartasunez
Milaka lagun Palestinarekiko elkartasunez –
Milaka lagun elkartu dira Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan, Palestinarekiko elkartasunez eta Israelekin harreman oro etetearen alde
Gaurko eguna Palestinarekiko Nazioarteko Elkartasun egun gisa ezaguna den arren, 1947an NBEk 181. ebazpena onartu zueneko urteurrena da. Palestinarekin Elkartasuna ekimenaren esanetan, “palestinarrentzat zatiketaren eguna da gaurkoa, ebazpen horren bidez Palestinaren Zatiketa eta Israelgo estatuaren sorrera onartu baitzen eta horrekin batera, Palestinaren kolonizazioari ateak ireki zitzazkion”. Diotenez, “sorreran, bezala, gaur egun ere Israelek ezingo luke azken urteko sarraskia aurrera eraman mendebaldeko herrialdeen babes komertzial, militar eta diplomatikorik gabe.” Hasieratik babestu dute Israelen desegitea eta palestinaren deskolonizaziotik pasatzen dela palestinarren askatasuna. Horrekin loturan, azpimarratu dute “Euskal Herritik dugun egitekoa mendebaldeko inperialismoa seinalatzea” dela, eta estatu terroristaren desagerpenerako baldintzak hemen jartzen hasi behar” garela. Horretarako, “Euskal Herrian bertan estatu sionista bizirik mantentzen laguntzen duten harremanak seinalatu eta borrokatu behar ditugu” adierazi dute, eta harreman asko daudela azpimarratu.
IRAKURKETA:
Gaur duela 77 urte, Nazio Batuen Erakundeak ‘181. ebazpena’ onartu zuen, zatiketa plana alegia, palestinaren lurralde erdia sionistei oparituz. Horrek ateak ireki zizkion palestinarren kanporaketari eta lurren kolonizazioari, eta beraz, Israelgo Estatuaren sorrera ahalbidetu eta zilegiztatu zuen. Gerora, Nazio Batuen Erakundeak berak, hipokrisia osoz, egun hau Palestinarekio nazioarteko elkartasun egun izendatu zuen. Data honek ongi azalerazten du zein den entitate sionistaren jatorria, zein bere izana eta horretan guztian mendebaldeko indar inperialistek hasiera-hasieratik izandako erabateko erantzukizuna eta interesa. Izan ere, “Israel’ ez zen ezerezetik jaio. Mendebaldearen erraietatik jaiotako proiektu kolonialista artifizial bat da, bertako indar inperialisten interesentzat ezinbesteko makulu izan dena eta izaten jarraitzen duena.
Bere sorrera bezala, azken urte honetako erasoaldia ere ez litzateke posible izango NATOren blokearen babesik gabe. Israel hemen hasten da, mendebaldeko herrialde kapitalista eta inperialistetan. Geroz eta agerikoagoa da hori, genozidio honen aurrean ez baitute Israelen aurkako inolako neurri eraginkorrik hartu; kontrara, handitu egin dute Israelekiko harreman, babes eta konplizitate sare guztia. Aitzitik, Palestinar erresistentziak zutik dirau, eta gure babes osoa helarazi nahi diegu, bai eta eskualde osoan sionismoaren aurka borrokan ari diren guztiei ere, Libanoko erresistentzia kasu, zeinak Israelek bere helburuak ez egikaritzea lortu duen.
Teorian neutralak diren erakunde internazionalak ere Israel babesten dutela agerian geratu da. Aurreko astean Netanyahu atxilotzeko agindua igorri dela jakin dugu: guztiz desakreditaturik daudela ikusirik, haien burua legitimatu nahi dute antza. Gutxi iraun die ipuinak, Hungria edo Frantziak esan dute jada ez dutela agindua beteko. Ez gaitezen nahastu, justizia epaitegi internazionalek ez digute justiziarik egingo, epaitegi horiek enpresa eta burgesia internazionalen azpitik daude, haien interesen menpe, eta langileontzako, eta noski, palestinar herri langilearentzako, miseriaren betikotzea ekarriko dute.
Palestina askatzeko Israel desegin behar da, eta norabide horretan, Euskal Herritik dugun egitekoa gure bloke inperialista seinalatzea da: Estatu terroristaren desagerpenerako baldintzak hemendik jartzen hasi behar gara. Horretarako, Euskal Herrian bertan estatu sionista bizirik mantentzen laguntzen duten harremanak seinalatu eta borrokatu behar ditugu. Harreman guztiak. Izan ere, asko dira gure inguruan Israelekin salerosketan ibiltzen diren enpresak, genozidioari esker aberastu eta Israelen finantzazioa bermatzen dutenak; bere industria militarra zuzenean edo zeharka hornitzen dutenak; bere irudia indartzen duten kirol eta kultur ekitaldiak; eta baita Israelgo estatuarekin harreman komertzial eta diplomatikoak mantentzen dituzten gobernu, diputazio eta alderdiak. Une honetan, horiek guztiak jo puntuan jartzea da palestinar herriari egin diezaiokegun ekarpen nagusia.
Horregatik, hurrengo hilabeteetan Euskal Herriko agintari, enpresari eta bestelako agenteek Israelekin dituzten harremanak agerian utzi eta horien aurkako borrokak abiaraziko ditugu, eta dei egiten diogu euskal langileriari gurekin batera mobilizatu eta borrokatzera. Jarrai dezagun Palestinar herriari eta bere erresistentziari elkartasuna adierazten, baita sionismoaren aurka borrokatzen duten herri langileei ere. Eta seinalatu eta borrokatu ditzagun sionismoren adierazpen eta konplize guztiak.
ISRAEL DESEGITERA BIDEAN, HARREMAN ORO ETEN!