Israel desegitera bidean, harreman oro eten!

Israel desegitera bidean, harreman oro eten! –

Israel desegitera bidean, harreman oro eten!Hamarkada luzetako zapalkuntzari aurre egiteko palestinar erresistentziak urriaren 7an emandako aurrerapauso estrategikoaren ondotik, Israel hil ala biziko gurutzadan sartua dago, palestinarrak eta sionismoaren aurrean makurtzen ez diren gainerako herri langileak behin betiko garaitu nahian. Izan ere, hori da gerrak dakarkion ezegonkortasun ekonomiko eta politikoarekin, zein bere irudia nazioartean izaten ari den desgastearekin ahalik eta lasterren bukatzeko bide bakarra.

Testuinguru horretan, urrian indartutako ofentsiba odoltsua are gehiago bizkortu du Israelek azken asteetan. Erasoaldia bizkortzen eta herrialde gehiagotara zabaltzen ari da: Gazako iparraldea erabat garbitzeko saiakerak; Zisjordanian kolonia berrien eraikuntza; hiriguneetan erasoaldiak eta anexiorako prestaketa; Libanoren aurkako inbasioa; Siria, Yemen eta Iranen aurkako bonbardaketak; estatu sionistaren aurka ari diren taldeetako liderren hilketak… Mendebaldeko Asian Israel egiten ari denak kapitalismoak eragiten dituen suntsipenaren eta deshumanizazioaren aurpegirik gordinena agerian uzten du.

Dena den, akats larria litzateke Israel burua galdu duten agintarien kontrolpeko estatu bat dela sinestea. 1947ko NBEren Partizio Planak erakusten digun moduan, ezin dugu pentsatu mendebaldeko bloke inperialistaren babesik gabe Israelen sorrera posible izango litzatekeenik. Era berean, Israelen hedapena eta indartzea ez lirateke posible izango Amerikako Estatu Batuen eta Europako potentzien babes zuzenik gabe. Eta jakina, azken urteko erasoaldia ere ez litzateke posible NATOren blokearen babes militar, komertzial eta diplomatikorik gabe. Mendebaldeko potentziek Israel sortu eta mantendu dute, bere interes geopolitiko naiz komertzialak babesteko. Hortaz, argi esan daiteke: Israel hemen hasten da, mendebaldeko herrialde kapitalista eta inperialistetan.

Ondorioz, Israel hemen hasten bada, Estatu terroristaren desagerpenerako baldintzak hemen jartzen hasi behar gara. Sarraskiaren irudiak inpotentziaz begiratzeari utzi eta, palestinar erresistentziak egin bezala, guk ere aurrerapauso bat eman behar dugu: gure egitekoa da Israeli arnasa ematen dioten harreman guztiak eteteko presioa biderkatzea. Euskal Herrian estatu sionista bizirik mantentzen laguntzen duten harremanak seinalatu eta borrokatu behar ditugu. Izan ere, asko dira gure inguruan Israelekin salerosketan ibiltzen diren enpresak, genozidioari esker aberastu eta Israelen finantzazioa bermatzen dutenak; asko dira bere industria militarra zuzenean edo zeharka hornitzen duten enpresak; bere irudia indartzen duten kirol eta kultur ekitaldiak; eta baita Israelgo estatuarekin harreman komertzial eta diplomatikoak mantentzen dituzten gobernu, diputazio eta alderdiak. Une honetan, horiek guztiak jo puntuan jartzea da palestinar herriari egin diezaiokegun ekarpen nagusia.

Pentsa genezake hori dela gobernu ezberdinak jorratzen ari diren bidea, baina oker geundeke. Gobernu espainiarraren edo Josep Borrell bezalakoen keinuak sinbolikoak dira, hau da, ez dute benetako borondaterik palestinar herriari laguntzeko edo Israel desegonkortzeko. Hau agerikoa da, askoz gehiago egin zezaketela pentsatzen bada, eskura dituzten baliabideak erabilita. Horren aurrean harreman ororen etetea da mahai gainean jarri behar duguna.

Horregatik, hurrengo hilabeteetan Euskal Herriko agintari, enpresari eta bestelako agenteek Israelekin dituzten harremanak agerian utzi eta horien aurkako borrokak abiatuko ditugula adierazteko batu gara gaur hemen. Lau multzotan banatzen ditugu harreman mota horiek. Lehenik eta behin, harreman militarrak. Zuzenean hornitzen baitute Israel bere sarraski planifikatua aurrera eramateko. Hornidura militar ororen salmentaz gain, produktu nahiz zerbitzu beliko-sekuritarioak erosteak ere industria militar sionista indartzen duela azpimarratu behar da. Bigarrenik, harreman diplomatikoak: hauen mantentzeak Israelgo estatuaren normalizazioa baitakar, maila internazional zein lokalean, agente legitimo gisa aitortuz eta bere jarduna errespetagarritzat aurkeztuz. Hirugarrenik, era guztietako harreman komertzialak: ezinbestekoa zaio Israeli kanpo komertzioa, beharrezko zaion askotariko hornidura lortzen baitu batetik, eta bere finantzazioa ahalbidetzen baitio bestetik, eta honek proiektu sionistak aurrera egitea ahalbidetzen du. Azkenik, ezin aipatu gabe utzi era guztietako kultur eta kirol harremanak: Israelgo estatuaren aurpegi zuriketan betetzen duten papera funtsezkoa baita.

Amaitzeko, dei egiten diogu euskal langileriari gurekin batera mobilizatu eta borrokatzera, bai eta gure inguruan dauden sionismoarekiko harremanen aurka borrokak abiatzera ere. Norabide horretan, datorren ostiralean, azaroaren 29an, Nazio Batuen Erakundeak onartutako Palestina zatitzeko planaren urtemugan, kalera aterako gara Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan, palestinar herriari gure elkartasuna adierazteko, Israel inperialismoaren agente gisa seinalatzeko eta bere desagerpenera bidean harreman guztien etetea aldarrikatzeko. Batu borrokara!

ISRAELEN DESEGITERA BIDEAN, HARREMAN ORO ETEN!

Israel desegitera bidean, harreman oro eten!

9 pentsamendu “Israel desegitera bidean, harreman oro eten!”-ri buruz

  • “urriaren 7an emandako aurrerapauso estrategikoaren ondotik”.
    Komentariorik gabe, lotsagarria.

  • Benat Castorene 2024-11-27 08:56

    Denik ere, urriaren 7koa aurrerapauso estrategikoa bat izan dela oraindik pentsatzen dutenak bat dira azkenean Gazako giza desmasietan Hamasa Netaniaourekin ko-arduraduna dela erraiten dutenekin.

  • Arazo nagusia da Mashsiaj-en etorrean oinarritzen dela guztia, sionistek maiatzaren ura bezala espero duten “salbatzailea”, duela 3.000 urte baina gehiagotik, eta tipoa ez da iristen.

    Gazako franjaren kontrola, non Asiako merkataritza guztia mendebalderantz desbideratzea ahalbidetuko dien kanal bat ireki nahi duten, funtsezkoa zaie beren lana burutzeko, Ukraina barne hartzen duen Israel Handia ezartzeko asmoz.

    Jazaroak dira eta ez semitak, ez dezagun ahaztu.
    Judaismoaren anti-tesia erabat.

  • Amonamantangorri 2024-11-27 17:17

    Erresistentziako talde armatuek Gazatik egindako erasoa mugarria izan da, ordura arte bai baitzirudien statu quo-ak halaxe iraungo zuela eta palestinarrek beren patuan erresignatzea beste aukerarik ez zutela.

    XX. mendeko gerra antikolonialetan (Vietnam, Angola, Aljeria, Kenia…) maiz desberdintasun nabarmena ikusi izan da kolonizatuek eman behar izan dituzten bizitzen eta mugiarazi behar izan duten ahaleginei dagokienez. Azkenean irabazten zuten, bai, baina prezio izugarri altua ordaindu ondoren. Nahiz eta hamar hildakotik bakarra izan zitekeen metropoliko soldadua edo kolono europarra, metropoliak ezin halako kopururik jasan. Halaxe, milaka aljeriar akabatu eta torturatu ondoren, Frantzia harroputzak Aljeriatik alde egin behar izan zuen, berekin milioi bat pied-noir inguru eramanez.

    Nire apustua da Israelek ez duela bere lehen mendehurrenik ospatuko.

  • Mikel Haranburu 2024-11-27 21:59

    Milkovskyk (alias Netanyahu) bazekien “urrats estrategikoaren” berri, demagun urriaren 6an. Kalkulua da gaizki atera zitzaiona, Gazatarrek uste baino eraso bortitzagoa egin ziotelako. Gorabehera asko gertatu ziren biharamunean. Zer zekiten Gazatarrek, Hamasek, Israelen asmoen inguruan? Guk ez dakigu, agian egunen batean jakinen dugu. Israel deituriko asmoa ez da atzo goizekoa; hamarkadak daramatzate inguruklo lurrak lapurtu nahian, eta batez ere Palestinaz jabetzen, bertakoak erauzten, etxeak, urak eta lurrak suntsitzen. Hamasek ez du horrelakorik egin, ez urriaren 7az gero, eta ez aurretik ere.
    “Israel Genozidioak” marka ederra dugu. Mendeurrena ospatuko duenetz… estatu ortopedikoak sobera daude planetan…

  • Amonamantangorri 2024-11-28 02:34

    Estatu ortopediko asko izango dituk munduan; gutiago, ordea:
    -inguruko estatuekin bere mugak orain arte adostu ez dituenik,
    -nazio-estatutik baztertzen dituen indigenak egunez egun gero eta gehiago dauzkanik,
    -nazio-estatuan onartzen dituen pertsonetarik, hainbeste atzerrian senideak eta bi-hiru pasaporte dituztenik…

    Esaidak, bakarra bada ere, antzeko egoera daukanik, gaur. XIX. eta XX. mendeko Amerikako eta Ozeaniako estatu batzuek bai, antzeko egoera eduki zezaketean, baina orain aborigenek dronak eta alimaleko pepinoak ditiztek. Eta orain bake-itun asko ez dituk egiten Washingtonen, ezta Madrilen ere, Beijingen baizik.

  • Amonamantangorri, Algerian Frantziak izan zuen jokabidea lotsagarria, nazkagarria etb… izan zen. Baina arabiarrek irabazi eta gero egin zuten garbiketa etnikoa babestea …. Gerla irabazi ondoren zurienganako sarraskiak egiten hasi ziren eta denek alde egin behar izan zuten. Hau bai dela arrazakeria, baina gizarte xelebre honetan zurien aurkako arrazakeria ez da arrazakeritzat hartzen, norbaitek esplika diezadala.
    Azkenik, independentziarekin askatasuna lortu omen zuten, nik inondik inora ikusten ez dudana. Baina hemen europarraren aurkako gorrotoa besterik ez dago, gustuko ez diren gauzak ez dira aipatzen

  • Amonamantangorri Atzo

    -Nik ez dut ezer justifikatu Aljerian europar jatorriko biztanleek eta baita bertakoek ere sufritu zutenari buruz, ezta justifikatuko ere.

    -Beharbada, Aljeriako historiaren momentu batean gauzak bideratu ahal izango ziren komunitateen arteko elkarbizitza eta integrazio bateruntz. Une batetik aurrera, ordea, inozokeria zen halakorik espero izatea.

    -Arrazista europarrak bere burua magrebarraren gainetik dauka. Aljeriarrak europarra gorroto du bere lurra kolonizatu eta bere herria mixerian azpiratua daukalako. Ez da “alderantzizko arrazismo” kasu bat, inon halakorik baldin bada.

    -Aljeriako arazoak aljeriarrek berek konpondu beharko dituzte.

  • Benat Castorene Atzo

    Algeriarren patua beste tragedia bat da. XIX. mende erditik turkoen ondotik frantsesek konkistatuak eta zapalduak izan ondoren, orain bada beste mende erdi bat aberastasun naturalak asko dauzkan haien estatu libreak zapalduak eta miserian mantenduak direla. Estatu despotiko eta diruak usteldu horrek mehatxatzen eta arrastatzen ditu berak bezala pentsatzen ez duten intelektualak. Ikus berrikitan Boalem Sansal edo Kamel Daoud.
    Algeriaren egoera oso eskasaren ardura frantsesen gainean etengabe jartzen duela, lotsaren lotsa, gazte gehienek kolinizatzaile ohien herrira joan nahi dute bizitzera.
    Baina urrundu garen artikulu hunen gaira berriz hurbiltze aldera, LFI partiduko Rima Hassan deputatu europar franko palestinarrak, Sirian sortuak, irri egin gabe, berrikitan deklaratu zuen:
    Algeria zela “Iraultzaileen eta libertatearen herri nagusia”.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude