Mugalde bizipenak Eugenio Trías eta Marià Corbí-ren ikusian

Mugalde bizipenak Eugenio Trías eta Marià Corbí-ren ikusian –

Mugalde bizipenak Eugenio Trías eta Marià Corbí-ren ikusianGure mundu-gizartea egun jada den horretara etsirik gaudenean, jada beretik gehiagorik ezin emanda lirudikeen horretan, mugalde-bizipenetan aurki genezake aterabide bakarra. Aurrekoan esanda moduan, Eugenio Trías jo genezake arlo hau, gaurko kategorietara egokituta, zehazkienik jorratu zuen filosofoetariko bat. Berak, giza ezagutzaren kartografia modutxoko bat egin asmoz, berorretan bi esparru, bi itxitura, aipatu-deskribatu zituen; bateko, “agertzearen itxitura”, alegia, ezarria eta eraikia dagoen horren guztiarena (gizartea, gure nazioa, mundua, gu geu… pentsamendu bakarpean dena?); eta, besteko, “itxitura hermetikoa”, giza ezagutzak sailkatu eta ordenatua ez duen errealitate baztergabearen bizipenetik ernatzen dena. Bi itxiturak elkarren mugakideak dira, baina jada aurrekoan esanda bezala, intersekzio moduko bat ere ematen da euren artean, deitu izan dudan mugalde-bizipen horri kontu egingo liokena zuzen onez. Errealitatea “bere horretan uzte” (“experiencia de suspensión”) nolabaiteko batetik segitzen da “itxitura hermetiko” delako hori, Tríasen esanetan. Esperientzia horretan, errealitatearen “limitea” hauteman-aitortu ostean, aurretiaz ahots, kategoria, kakulu, balioeste zein juzku oro bertan behera utzita, “den horren” guztiaren aurrez aurre, berau bere zabal-baztergabean sentituko dugu tupustean eta labainkiro.

Ezagutzaren esperientziaren baitan ematen diren bi itxitura hauei dagokienean, oso iradokigarria geneukake Marià Corbi-k azpimarratzen duena ere. Bere esanetan, “agertzearen itxituran” (gure eguneroko bizipen ukigarri eta faktikoen esperientziaren esparru barruan) beharrek eta motibazio interesatuek agintzen dute, kalkuluek eta balioesteek; beste itxituran, aldiz, doakotasunaren berezkotasuna mintzo zaigu. Bigarren honetan beharraz harago eta eraiki dugun mundu honetaz harago hautematerik izango dugu. Lehenengoa irudikatze-ezagutzazkoa da eta, bigarrenean izan zuen hastapen hasierako batean, halako moldez, non ezagutuaren ezagutuaz, berez bere biluzian zegoen errealitatetik (“nuda realidad”, Zubirirekin esanda) urrunduz joan baikinen eta, nolabait edo besteko distantziatik, berau eraikiz eta objektibatuz joan baikinen. Bigarrenari aldiz, “itxitura hermetikoa”, “isiliko ezagutzazko” ere dei geniezaioke. Aitortzazkoa dugu bigarren hau, harridurazko aitortzazko ezagutzarekin lotuta. Doakotasunetik sortutako testigantza senti dezakegu geure larrutan “esparru hermetikoan”. Oraindik deus eraiki eta irudikatu gabe, eraikitze linguistiko guztiez haraindi (edo honaindi), “dena delako horretara” bere zabalean hurreratu izanetik segitzen da aipatu bizipen hermetiko hau. Zinezko eta ezin sakonagoko buru-argitasuna hor du sorburu, harridurazko buru argitasuna hor du oinarri. Geroztik, “esparru hermetikoan” bizitako izendaezin horretatik guztitik izango dugu zer ekarririk “agertzearen esparrura”, egunereoko esparru faktikora, norbanako mailan zein gizarte edo talde mailan. Egunerokoaren eskakizunek zein beroriei erantzuteko ekin moldeek biziraute maila soil eta huts batera era itogarri batean lerrarazi gaituztela dirudien honetan, bi esparru hauen arteko “sartu-irten”-en bidez bestez ez dugu biziraute soil hau bizitza bete bilakaraziko.

Mugalde bizipenak Eugenio Trías eta Marià Corbí-ren ikusian

Teologia ikasitakoa. Gai filosofiko eta espiritualetan jardunda.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude