Indar politiko berria: “Soberanía y Trabajo”
Indar politiko berria: “Soberanía y Trabajo” –
Indar politiko berria sortzen ari da Estatu mailan, “Subiranotasuna eta lana” (Soberanía y trabajo”). Bere eragina Euskal Herriraino iritsiko denez, interesgarria iruditu zait horren lehen berriak hemen azaltzea. 12 puntu dituen lehen dokumentua zabaldu dute. Jarraian, 12 atal horien izenburuak eta ideia batzuk nabarmendu ditut. Interneten ez dut agiria topatu. Hortaz, bukaeran ekimen honen aurkezpena edota balorazioa eskaintzen duten esteka batzuk jarri ditut.
1. EZKER SISTEMIKOEN INGURUAN.
“Ezker” sistemiko wokeak globalismoaren hatzaparretan erori dira.
2. EZKER SISTEMIKOEK HERRITARREN BEHARRAK BAZTERTU EGIN DITUZTE.
“Ezker light” hauek, EB politikak ezarriz, langile-klaseak babesik gabe utzi dituzte. Oligarkiak eta bera ordezkatzen duen eskuinak atzerapen handia eragin dute gure askatasun eta eskubideetan.
3. SISTEMAREN USTELKERIA.
Erregimena ustelkeriak jota dago. Estatuarentzat errepublika eskatzen du. Politikarien finantzen kontrola erreklamatzen du.
4. KLASE-KONTZIENTZIA BAZTERTUA.
AEBetatik etorri den globalismoak “ezker liberal” harroputza eta gezurtia sortu du eta potentzia anglo-amerikarren zerbitzuan ipini.
5. ESPAINIAREN SUBIRANOTASUNA BERRESKURATU.
Espainia ez da bere buruaren jabe. NATOk eta EBk finkatzen dituzte Espainiaren politikak.
6. PATRONALEK KONTROLATZEN DUTE EKONOMIA.
Sindikatuak kontrolatuta daude. Autonomoak jota. Soldata, lan eta pentsio duinak ziurtatu behar dira. Sektore publiko indartsua behar da.
7. ETXEBIZITZA.
Etxebizitzarena Konstituzioak bermatzen duen eskubidea da baina ez da aplikatzen. Ehunka mila etxebizitza publiko eraiki behar da eta turistikoak debekatu.
8. INDUSTRIA ETA NEKAZARITZA.
Indartu egin behar dira. Plan estrategikoak behar dira. NPB Nekazaritza Politika Bateratua aberatsen aldeko tresna da. Agenda 2030en aurka azaltzen da.
9. INPERIALISMOAREN ETA BERE GUDA OLDARKORREN AURKA.
NATOtik ateratzea bultzatzen du. Ukrainako gudari amaiera negoziatuaren alde agertzen da. Palestinak bere estatua izan dezan. Saharari independentziarako eskubidea aitortzen dio. Harremanak estutu Hego Globalarekin.
10. MIGRAZIO-POLITIKAK.
Asilo eskubidearen alde agertzen da. Etorkinei giza-eskubideak bermatu egin behar zaizkie.
11. FAXISMOAREN ETA DESBERDINTASUNEN AURKAKO BORROKA.
Gizon-emakumeen arteko berdintasunaren alde agertzen da. “Ezker” woke eta liberalei langileen borrokaren tradizioa baztertu izana leporatzen die. “Ezker” harroek kapitalismoaren injustizien aurka ez borrokatzeagatik indartu da faxismoa. Klaseen arteko borroka alboratua dute.
12. POLITIKA PUBLIKOEN BERRESKURAPENA.
Autonomiak kaltegarriak dira. Estatua demokratizatzeko prozesu konstituziogile bat behar da. Udal autonomia eta udalak indartu egin behar dira.
Amaitzeko, proiektuaren sustatzaileek salaketatik ekintzara igaro behar dela diote eta egiazko politika egiteko konpromisoa azaltzen dute. Halaber, argi utzi nahi dute ez dutela zerikusirik globalismoarekin, wokearekin edota kulteranismo posmodernoarekin.
Nire lehen iritzia bi puntutan laburtuko nuke:
a) Honelako ideiak bultzatuko dituzten ezkerrak Europan oso beharrezkoak dira. Wokismoak ezker guztiak jan ditu eta ezkerrarentzat lanerako orduan betidanik ardatz nagusia izan den klase-borroka guztiz baztertuta utzi dute. Herritarren arazo ekonomikoek izan beharko lukete garrantzitsuenak ezkerreko indarrentzat eta gaur ez da hala.
b) Euskal Herrian indar honek ez dakit arrakasta handia izanen duen. Gehiago zehaztu beharko du Estatuaren egituraketaren eredua. Lehen irakurketa batean ez du konfiantza handirik ematen.
- elcomun.es/2024/11/presentacion-de-soberania-y-trabajo
- kaosenlared.net/presentacion-de-la-propuesta-politica-soberania-y-trabajo
- www.youtube.com/watch=EKAICenter
- www.mediavida.com/foro/politica/vuelta-izquierda-clasica-soberania-trabajo
Autonomiak kaltegarriak dira. Estatua demokratizatzeko prozesu konstituziogile bat behar da. Udal autonomia eta udalak indartu egin behar dira.
Joan Mari: konfiantza? Ezta pixarrik ere. Garbiago ez zezaketdn azaldu. Voxek ere firmatuko luke hori!
Ezkerraren enegarren mikroalderdia. Divide et impera. Espainiar eta frantzesak haien basatza politikoan dabiltzan bitartean geuk batasunera jo beharko genuke, baina… quo vadis Vasconia.
Alemaniako Sahra Wagenknecht Aliantzaren (BSW) ajea ote? BSWk politologoak zur eta lur utzi du, Die Linkeren gainetik pasatu baita %13,5ekin, Die Linke zeharo “woke” bihurtu omen dela eta.
“Woke-aren kontra”, Alemanian, laburrean esanda, “Genero-autodeterminazio” legeen kontra daudela eta AEBetako Demokratengandik iritsi den “identitate-politika” delakoarekin oso kritikoak direla: hiyab-a komunitate baten ezaugarri kultural errespetagarria dela uste izatea, adibidez. Niri bikain iruditzen zait, “trans legeria” horiek erokeria hutsa baitira, maila askotan. Akaso ezkerreko politikari batzuk ohartzen ari dira ideologia batzuek ez dietela hainbesteko emaitzarik ematen bozetan. Beharbada, olatua iritsi zen bezain bizkor joanen da.
Autonomia erkidegoena… Uste dut alderdi nahikotxo badaudela Espainia aldean horrelako proposamenekin: El Jacobino-ren inguruan eratu zen alderdi bat, Izquierda Española; Frente Obrero ere hor omen dabil… Denak antzeko gauzak esaten.
Zer tema,wokeen kontra. Bateragarria da NATOren kontra egotea eta emakumeen, LGTBI kolektiboen, pertsona razializatuen… eskubideen alde.
Argi dagoena behintzat honakoa da: “emakumeen, LGTBI kolektiboen, pertsona razializatuen… eskubideen alde”ko aktibismo ezkerroso pozointsu herri nortasun eta batasunen disolbatzaile hori ez dela Euskal Herriarekin bateragarria, ez eta Europarekin ere.
Horixe bateragarria dela NATOren kontra egotea eta, aldi berean, sektore desberdinen aldarrikapen zentzudunen alde.
Kontua da zehaztea zein diren “eskubide” usteko horiek. Esaterako, “LGTBI kolektibo” deitzen zaion horren agendaren oinarritzat Yogyakartako Printzipio izenekoak hartzen ari direlarik, talka eta kontraesan franko egon daitezke gainerako eskubide unibertsalekin. Behintzat hori zehatz eta zorrotz salatu dute feminista askok, ezker usteko koadro gehienek entzungor egin dieten arren.
Migrazioari dagokionez, egia da eskuineko demagogia galanki dabilela eta langile jende askok bere frustrazioa ahulenekin oraintzeko joera duela. Edonola ere, herrialde guzti-guztiek behar dute migrazio-politika bat, denek ezartzen dituzte herritartasuna lortzeko baldintzak, denetan dago jendearen bizilekuaren gainean nolabaiteko gestioa eta kontrola… Honenbestez, noizbait gobernatzeko asmoa duen ezkerreko programa batek esan beharko du zeozer migrazio-politikaz. Edozer gauza, baina zerbait.
Wokismoa eskubide kolektiboak ez borrokatzeko tresna gisa asmatu zuten AEBetan demokraten atzean dauden elite ekonomikoek. Ustezko eskubide indibidualak lehenesten dituzte (demagun “pertsona naiz, eta ez mutila eta ez neska”), eskubide kolektiboak bazterrean utzita. Ezkerraren lanaren motorra historikoki klase-borroka izan da. Wokismoak aipatu ere ez du egiten patronalaren aurka etengabe egin beharreko borroka, langileen eta klase herritarren defentsarako hain garrantzitsua dena. Ekonomiaren inguruan ematen dira kontraesan handienak gizartean eta ez ustezko eskubide indibidual txoro horietan (adibidez, “umeak handia denean aukeratuko du generoa”; kontxo, bitarteko urte horietan zer da, ba? Ez mutila eta ez neska?) Europako ezker osoa wokismoan erorita dago eta bada esnatzeko garaia. Ezker berria behar da aberatsei (globalistei, neoliberalei, multinazionalei, nahi den bezala deitu) aurre egiteko eta herria mobilizatzeko. Gaurko ezkerrak liluratuegi daude instituzioetako moketarekin eta berari lotuta dagoen dirutzarekin, eta ez dirudi birziklagarriak direnik.
Ezkerraren motor historikoa gudu zibilaren sustaketa baino ez da izan. Orain pairatzen ari duguna prozesu zatikatzaile oso baten azken disoluzio fasea besterik ez da, eta batzuek proposatzen duzuena burmuineko minbizia biriketakoarekin ordezkatzea da, nonbait deuseztaturiko gorputza osatuko delakoan. Sentitzen dut baina gauzek ez dute horrela funtzionatzen: ezkerra deritzoguna mendebaldeko pentsamenduak sorturiko minbizia da eta mendebaldeko herriekin amaiturikoan amaituko da bera ere. Horren alde hona? XXII mendeko Eurabian ez dela Woke bakar bat ere geratuko
Hauek inperialista espainol petoak dira, ezker-eskuin espainiar guztiak bezala. Sahararentzat independentzia, Euskal Herria, Kataluina… eta besteentzat menpekotasuna.
Indar honek inoiz Euskal Herrian arrakastarik baldin badu, indar abertzaleen utzikeria eragiten ari den abertzaletasunaren gainbeheren ondorioz izango da, ez gure herriarentzako proiekturik daukatelako.
Espainia demokratizatzeko ipuina. Guri Espainia bost axola.
Nabarrako Estatu baskoiko lurraldeetatik beren okupazio indar armatuak eta “desarmatuak” erretiratuko balituzte, beraiek demokratizatuko lirateke. Esandakoa, maitagarrien ipuin bat.
Gauza bera gertatzen da inperialismoaren erakundeetan (Frantzia, Espainia edo Europar “batasuna”) parte hartzera bultzatzen gaituztenean, bozketen bidez, hortik gure aldeko gauzak irauli daitezkeen justifikazioarekin.
Ezkutatzen digute -gure historian zehar beti agertzen diren traidore autoktonoak- etsaiak ez digula inoiz tresnarik jarriko haiei aurre egiteko.
Askatasunik gabeko nazio bati dagokiona zera da, inori baimenik eskatu gabe eta bere aliantzak dagokionarekin atzerrian ehunduz, indar usurpatzaileak bere lurraldeetatik kanporatzea eta bere legezkotasuna berrezartzea. Hortik abiatuta, nazioari gehien komeni zaizkion harreman politikoen barneko zein kanpoko eredua deseinatzen da.