Ez dugu Osasunbidearen pribatizazioa baimenduko

Ez dugu Osasunbidearen pribatizazioa baimenduko –

Ez dugu Osasunbidearen pribatizazioa baimenduko, eta Nafarroako Gobernuari exijitzen diogu Osasun Lege berrian froga dezala osasun publikoaren aldeko apustua egiten duela

LAB sindikatuak elkarretaratzea egin du gaur Iruñean, dozenaka delegaturekin, baita osasun arloko profesionalekin ere, Vianako Printzea Kontsulta Zentroaren aitzinean, Gobernuak aurkezturiko Osasun Lege berriaren aurreproiektuak irekitzen duen bide pribatizatzailearen aurka protesta egiteko. Imanol Karrera sindikatuko bozeramaileak ohartarazi duenez, “LABek ez dio Nafarroako Gobernuari Nafarroako osasun publikoa pribatizatzen utziko” eta, aldi berean, “Osasun Lege berriarekin osasun publikoaren aldeko apustua erakusteko eskatzen dio, Osasunbidea zaintzea eta indartzea Nafarroako gizarte osoaren kezka eta lehentasun nagusietako bat baita”.

Geroa Bai buru duen Osasun Departamentuaren asmoek dakarten zentzugabekeriaren aurrean, lege aurreproiektua zuzentzeko eta hobetzeko zuzenketak eginen ditugula iragarri dugu; bertzeak bertze, Osasunbidea enpresa erakunde publiko bihurtze hori kentzeko eta eredu publikoa erdigunean jartzeko.

Mahai gainean dugun aukera benetan aprobetxatu nahi badu eta Nafarroako gehiengo sozialaren eta Osasunbideko langile guztien kezka eta lehentasunari erantzun nahi badio, lege berriak landu behardituen erronkak Osasun publikoa eta kalitatezko osasun arreta manten daitezela bermatzea dira. Hala ere, Osasun Departamentuak aurkezturiko aurreproiektua kontrako bidetik doa, eta hainbat arrisku eta ahulgune ditu horren inguruan. Hala, Euskal Autonomia Erkidegoko Gobernuak berak onartzen duenean Osakidetzaren ereduak aldaketa handiak behar dituela, Geroa Bai buru duen Osasun Departamentuak hemen ezarri nahi du eredu hori. Zentzugabekeria galanta.

LABen Osasun Foru Legearen aurreproiektu hau errefusatzen dugu, batez ere hiru arrazoirengatik:

  1. Osasunbidearen eta NOPLOIren izaera juridikoaren aldaketak enpresa erakunde publiko bihurtzen dituelako eta, haren bidez, osasun zerbitzuak pribatizatzen direlako, sistema publikoa itunpeko batera mugituz. Gainera, langile guztien lan eskubideak aldatzeaz batera, ez ditu behin-behinekotasun eta prekaritate egoerak zuzenduko.
  2. Navarrabiomeden deskapitalizazio prozesuarekin jarraitzen duelako.
  3. Lan osasunari dagokionez, ez dituelako zuzentzen Nafarroan dagoen lan istripuen kopuru handiaren atzean dauden kontrolik eta ikuskapenik ezaren faktoreak.

Era berean, eskatzen dugu lege hori gizartearekin partizipatua, sindikatuekin negoziatua eta zuzendua izan dadila, eredu publikoa Nafarroako osasun sistemaren ardatz egituratzaile gisa kokatuko duen ikuspegi estrategikoa markatuz. Lege hau beharrezko tresna izan arren, funtsezkoena falta baitzaio: zerbitzu publikoak blindatzea, lankidetza publiko-pribatua kontrolatzea, eta langileen arloko neurriak behin-behinekotasuna murrizteko eta hautaketa-prozesu sinplifikatu eta eraginkorrak ziurtatzeko; gainera, hizkuntza-normalizaziorantzako batere urratsik ez du ematen.

Dirudienez, Osasun Foru Legearen aurreproiektuak, pribatizazio eta negozio interesei bide zabala emateko asmoen deklarazio osoa baita, ez du behar adinako adostasun politiko eta sindikalik dagoen moduan aurrera egin ahal izateko. Osasun Legea pazienteak zentroan jarriko dituen eta langileen lan-baldintzak duinduko dituen oraingo eta etorkizuneko tresna gisa ulertzen bada, bere oraingo testua ez da onargarria, idatzita dagoen moduak zalantzak sortzen baititu konponbideak baino gehiago.

Erasoaldi atzerakoiaren aurka

Azken urteetan LABetik salaketa garrantzitsuak egin ditugu osasun zerbitzu publikoekin lotuta. Lehenik eta behin, mediku profesional batzuen praxi txarra (Administrazioaren utzikeriak eragindakoa) salatu genuen, bateragarri egiten baitzituzten beren funtzio publikoak eta negozio pribatuak, esklusibotasun osagarria kobratzeari uko egin gabe. Jose Luis Escriva Espainiako ministroak mutualitateen bidez osasun publikoa pribatizatzeko egin duen saiorik handiena azaleratzen zuen dokumentu bat ere egin genuen publiko. Eta azkenik, Osasun Departamentua ikerketa biomediko publikoa deskapitalizatzen ari zela -Opus Deiren alde- ere salatu genuen.

Sindikatu honek salatutako guztiak erakusten du badela sakoneko korronte bat osasun publikoa ahuldu nahi duena, halako egoeraz nazkatuta nafar gizarteak klinika pribatuen bidez edo, langileen kasuan mutualitateen bidez, osasun zerbitzuen pribatizazioa ontzat ematea bilatzen duena.

Estrategia pribatizatzaile horren aurrean, mobilizazio eta greba dinamika arrakastatsua jarri genituen abian, osasun publikoaren defentsan eta Osasunbideko profesional guztien lan baldintzak duintzearen alde. Horri esker, ofentsiba atzerakoi hori gelditzea lortu genuen, eta azken 16 urteetako lorpenik handiena ere erdietsi genuen: Osasunbideko osasun langile guztien lanbide karreraren aitortza.

Ez dugu Osasunbidearen pribatizazioa baimenduko

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude