Exodoa

Exodoa –

Gorka Bereziartuak Argia aldizkariko Boligrafo Gorria blogean.

Gerta zitekeen beste edozein momentutan, baina ez, orain tokatu da. Badirudi iritsi dela unea X uzteko –lehen Twitter gisa ezagutzen genuen trastea, alegia–. Ez dut lerrorik zarrasteldu nahi motiboak esplikatzen ze, beste askotan bezala, interesgarriena ez da zer –alegia, Elon Muskek Mein Kampf-en 2.0 bertsioa bihurtu duen saretik piratzeko arrazoi konkretuak–, nola baizik. Formak inportanteak dira. Formetan fijatzen zara, eta pixkanaka-pixkanaka erakusten dizkizute gauza batzuk, eduki esplizituan nekez agertzen direnak.

Exodoa

(Ondorengo lerroetan, beraz, X/Twitterretik alde egiteko moduekin entretenituko gara).

Egia esan, urteak dira tramankulu horrekin gehiago aspertzen naizela surfistak Bardeetako basamortuan baino. Dena oso aurreikusgarria. Eta solemnea. Serioa. Hor txiokatzea, ez txiokatzea, atsegin dut sakatzea, den-den-dena posizionamendu politiko transzendental gisa ulertu behar zela dekretatu zuten zenbaitek duela urte batzuk; eta, hortaz, ez da harritzekoa orain, hanka egiteko momentuan, epika nagusitu izana. Ekintza antifaxista omen dugu X/Twitterretik alde egitea. Aitite Artxandan eta Solluben ibili zen fusila eskuan zeukala bizia jokatzen; eta zuk berriz, telefonoko aplikazio bat borratzen duzu. Katea ez da eten.

(Gero clickbait artikulu negargarriena azkar irakurtzeko onartuko dituzun cookiekin hipoteka bat sinatuko duzu konturatu gabe, baina ei, ederra sartu diozu Elon Muski ez ezik, teknokapitalismo guztiari zure kontua ezabatuta).

Egon da jarraitzaile mordoxka bat edukita, besterik gabe, lekuak hustu dituenik. Baina niri gehiago gustatzen zaizkit besteak, badakizue, igogailu batean kabituko litzatekeen follower komunitatea eduki arren, X/Twitter uzteko arrazoiak esplikatzeko publikatu dutenak –ai, idazteak ere lotsa ematen dit– “komunikatu ofizial” bat.

(Barre asko egin genuen txiokiñean, bapeatzeak bizitzak salbatzen dituela aldarrikatzeko manifestazioak egin zituzten kaiku haien lepotik. Orain algara haiek bueltan datoz, munduari zerbait esateko aplikazio berri baten bila dabiltzan txiolari guztien muturretan lehertzera).

Total, oraingoan serioa dela kontua. Asko badoaz. Beste batzuk berriz, beren burua Stalingradon edo auskalo non irudikatuz, frontea ez uzteko erreguka ari dira beraien tropa imajinarioei. Begi hauekin ikusi dut hedabide ahaldugista baten editoriala, esanez X/Twitter fatxei oparitu ordez, egin behar duguna zera dela: Musk hura saltzera derrigortu, plataformaren kontrola hartu, langileen kooperatiba bihurtu eta katxarroari berriz ere jatorrizko izena jarri. Bateria gailur horretan agortu zaie ordea, eta ez dugu inoiz jakingo ze estrategiaren bidez lortu nahi duten birkonkista bururaino eramatea.

(Mingain gaiztoren batek iradoki du hedabide horretako Lider Gorenaren kasketa dela guztia, orain beste sare batean X-en daukan jarraitzaile kopurua berdintzea zailagoa izango zaiolako berriz ere 71 diputatu lortzea baino. Miztoa zorroztuta esnatu den batek gaineratu du, akaso buruzagiaren balio-sisteman bere X/Twitterreko fan kuadrillak gehiago kotizatzen duela diputatu-kopuru horrek baino).

Batekoak eta bestekoak ikusita, niri behintzat gauza bakarra geratu zait argi: sare horretako erabiltzaile zenbaiten botere-delirioa ez dela plataformaren jabearena baino askoz txikiagoa. X/Twitter ez zen kasualitatez bihurtu politikari, kazetari, aktibista profesional, akademiko eta tankerako ofiziodunen sare sozial –baina zer diot sare sozial: Agora!– gogokoena.

(Benetan espero dut hemendik aurrerakoan, zernahi gertatzen dela ere, mota horretako plataformetan egiten dugunari inportantzia gutxixeago emango diogula; baita, bide batez, gure buruei ere, horrela, orokorkiro).

Exodoa Exodoa

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude