Pentsamendu bakarra eta muga

Pentsamendu bakarra eta muga –

Pentsamendu bakarraz hitz egiten da, gero eta bat eta bakarragoaz. Pentsamendu bakarra, mundu modu jada kasik bakar-bakarraz burutan hartzen duen pentsamendu hori. Pentsamendu bakarra, mundu molde bakarra, gizarte bakarra… eta, finean, gizaki eredu bakarra. Kritikoki hitz egiten dute bakarkeria horretaz, kritikoki bere aurkako eta zinez kritikoek diren horiek. Kritika horrekin bat egiten ez dutenak, aldiz, bakarkeria horren parte eta eragile dira, edota, izan gabe ere, horrekiko itsu-entzungor bizi dira.

Mundu molde bakarra, hortaz, gero eta bakarrago, bizi gaituen mundu hori. Dena kolore bakarreko, uniforme, berdin-berdina, azal eta mami, alderik alde eta ezker-eskuin tono eta sintonia bat eta bera. Sakonera jotzeko intuizioa suma genezake, askotasun berdintzaile nekagarri honetatik atseden bila-edo ihes egiteko beharra sentitzen dugunean geure baitan. Ez dago baina jada kasik ezein aukerarik. Azaletik sakonera egin genezake, egin, baina alper-alperrik. Izanez ere, berdintasun horrek (berdinkeria, egia aitortzera) bere betea iritsi du, ondo iritsi ere. Dena dugu jada kolore bereko, alderik alde, ezker eskuin, azal eta mami. Hemen edo han egon, gizartea bere azaletik begiztatu, edota beorren atzealde sakonetik aztertu, kasik-kasik berdin, denean dena berdin, tonu eta kolore bakarreko.

Dena berdina, berdina bere luze-zabalean, eta berdina bere sakon-azalean. Hala da, ezin uka, gero eta halago, egia esatera. Alabaina, errealitatea, gizartea, jada halako berdinkeria askotasunak zapuztu-zapuztua dagoenean, jada beretik kanpo edo erdi kanpo egoteko atsedengunerik batere ez dagoenean, ertza, muga, dira ditugun aukera bakar-bakarrak.

Den horrek (izan mundua, izan gizartea, izan nor bakoitza zein bere psikea…) den “hori” eta soilik “hori-hori” baino ezin eman dezakenean, bere mugan oraindik ere izango du zer zukuturik.

“Non plus ultra”, haragokorik ez, uneoro esan eta esan dabilzkigunean, haragokorik badagoela esan behar dugu argi eta klar, argi eta ozen. Egon, badago, non eta mugaldean. Mugaldetik, “izan gabea” den hori agian partekaturiko gizarte lengoai ultra “porlanduaz” adireztarik agian izan ez, baina bai sikiera lauso eta formagabe sumatu-intuitu, lauso, baina asko-askotan lauso bezainbat sutsu eta gogor. Oraindik “izan gabe” den hori, agian izankizun den “hori” edota, balizko batean izaterik izan lezakeen “hori”, ertzetik, mugaldetik, mintza dakiguke. Iragan aspaldi zaharrean izandako “hori”, edota galdutako abagune harako “hura”, mugaldean ager lekiguke berriz ere aukera gisa. Izan gabea, izandakoa, izankizuna, izatear den hori… ertzean izan genezake zain-zain.

Horregatik hain justu dugu hain ezinbesteko gure mugaldea berrezkuratzea, horri erreparatzea, gizarte mailan zein norbanako mailan, politika mailan zein psike mailan. Mugan lortuko dugu, agian, inoizko batean, gauzak zinez guztiz-guztiz bestelakoak izatea, edota gu geu, zein bakoitza, guztiz bestelakoa izatea. Edota, akaso ez. Akaso garen horrek, edota gizarteak berak, den modu-modukoa izaten jarraituko du eta ezin izango dugu inolaz aldatu. Agian, berez, kanpotik, itxuraz, gauzek, gizarte-errealitateek, gure mundu borrokek, bere-bere horretan jarraituko dute, itxura batean bederen batere aldatu gabe. Hala eta guztiz ere, ertzean, mugaldean, gauzek ezberdinkiro emango dute berea. Ertzetik zentzua, gizarte erdigunean partekatutako zentzu adostu politikoki zuzen bakar hori, ber-kozinatu daiteke behin eta berriz.

Ertzetik ikusi usten den hori guztiori ezin izango da agian hitzetaratu, ezin izango da ahotan hartu, ez baitugu hitz egoirik aurkituko. Ertzetik, pentsatu uste dugun hori agian berez pentsaezin izango dugu, eta, artean, soil-soilik suma lauso bat baino ez dugu izango. Ertzean baina guztia dago, egungo egunean “den hori” baino askoz gehiago, guztia, egia esatera, guzti-guztia, “den hori” eta “ez den hori”, “dena eta ez dena”, guzti-guztia. Mugak gainditzen gaitu, guztiz gainezkatzen, atsendengune baino ez dugu izango, izatekotan, atsedengune baino ez, eta halaber aberasgune ezinago emankor. Mugaldean dago guztia, barrualdeko bizirako mugaldean baino ezin izango dugu arnasa hartu.

Gizarteak, zein bakoitzak, den orok, mugan du bere iturri, bere arnasgune eta bere aberasgune. Dena bere horretan, beti berdin eta gero eta berdinago jarrai dezan ezin interesatuago dauden pentsamendu bakarrekoaren aldezleak kontrakoa sinets dezagun oso temautuak baleude ere, mugaldea izango dugu beti hor, zain-esperoan.

Mugatuak gaude, eta ez hesituak. Izanez ere, hesiak ez du inoiz zer eskainirik, beti igaroezin, mugaldeak ez bezala. Mugatik beti berdinaren itxurapean dagerkigun hori bestela izan dadin atea sumatu-intuitu ahal izango dugu. Atea delako hori lauso-lausoa izango zaigu maizenean, lausoa, iradokizun zehazgabea den aldetik, lausoa bere baztergabean, eta baztergabea mutur aurrean dugun gizarte eredu hori betiere bestelakoa izan daitekeelako.

Gizarte betibatekoaren kontra egingo badugu, bestelako mundu bat posible izango bada, beti mugatik beharko! Ezinbestean!

Igor Goitia

Pentsamendu bakarra eta muga

Teologia ikasitakoa. Gai filosofiko eta espiritualetan jardunda.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude