HUHEZINEMA 18: Lanak bidaltzeko epea zabalik!
HUHEZINEMA 18: Lanak bidaltzeko epea zabalik! –
Ireki da Huhezinema Euskal Film Laburren Jaialdiko 18. edizioan parte hartzeko epea. Aurten, urtarrilaren 22tik 24ra ospatuko dugu jaialdia, Aretxabaletako Arkupe kultur etxeko zineman.
Parte hartzeko, galdetegia bete behar da eta lanak bidaltzeko azken eguna azaroaren 17a izango da. Aurten, sari hauek izango ditugu:
Sail Ofiziala: Hautatutako finalista bakoitzak 150€ jasoko ditu hautatua izateagatik.
- Huhezinema saria: 650€
- Ikusleen Saria: 100€–tan baloratutako saria.
Ikasleen Saila
- Ikasle film onena: 300€
- MU saria: 200€ Mondragon Unibertsitateko ikasleek egindako lan onenari.
- Ikusleen Saria: 100€–tan baloratutako saria.
Bideoklip Saila
- Bideoklip onena: 300€
- Ikusleen Saria: 100€–tan baloratutako saria.
Mundukide saria: 700€, jasotako film labur guztien artean, gaur egun munduan dugun lekuaz hausnartzera gonbidatzen gaituen film labur onenari.
HAZI saria: 600€ eta Eusko Label saskia, jasotako film labur guztien artean, basogintza, landa eta itsasertzeko ingurunea eta bertan gertatzen ari den belaunaldi aldaketa hobekien islatzen duen lana sarituko du.
Berria saria: 350€, sei hilabeteko harpidetza eta Berria produktuen sorta, jasotako film labur guztien artean emakumearen presentzia hobekien islatzen duen lanari. Emakume zuzendari batek eginikoa denari edo emakumearen papera eta berdintasuna bultzatzen duenari. Beti ere, euskaraz.
Leihaketan parte hartzeko oinarriak, sariei buruzko xehetasunak eta askoz gehiago gure webgunean daude ikusgai. Adi gure sare sozialei eta ez galdu aurten etorriko diren berrikuntzak!
Nortzuk gara?
Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateak, HUHEZIk, 2008. urtean antolatu zuen Huhezinema Euskal Film Laburren Jaialdiaren lehen edizioa.
Ordutik, Ikus-entzunezko Komunikazioa Graduko 4.mailara heltzen diren gazteek hartzen dute antolakuntzaren ardura, hori baita jaialdi honen bereizgarria. 2022. urtetik, eginkizun hau graduko “Kultur ekitaldiak antolatu eta ekoiztea” izeneko moduluaren barruan dago.
Modulu honetan, ikasleek praktikan jartzen dituzte gradu guztian zehar ikasitako edukiak, talde-lanaren bidez, klasean landutako teoriak errealitatera ekarriz. Beraz, jaialdi ahalik eta profesionalena sortzea da ikasleen eginbeharra, euskal film laburrak eta bideoklip berriak argitara ekartzeko helburuarekin.
2024ko ikasle taldea
Huhezinema Euskal Film Laburren Jaialdiaren 18. edizioa egingo da aurten; eta urtero bezala, ikasle talde berri bat ibiliko da antolakuntzan. Oraingo honetan, 19 ikasle arituko dira lanean, 2008. urtetik jaialdiaren koordinatzailea den Iban Del Campo irakaslearen gidaritzapean.
Aurtengo edizioan, ikasle hauek arituko dira lantaldean: Ane Odriozola Lobo, Ane Urresti Lekube, Amanda Caro Garcia, Añes Brouard Diaz, Aratz Otero Nicolas, Aritz Nazabal Arrondo, Cala Lopez Marina, Deñe Garcia-Bravo Alberdi, Garazi Barrondo Lopez, Gorka Santos Alvarez, Haizea Bedialauneta Garcia, Haizea Carreño Alonso, Igor Baigorri Perez, Irati Concepción Lopez de Vergara, Irati Lizarralde Larrañaga, Lide Gorosabel Suarez, Marina Gil Azcona, Mikel Balerdi Arruabarrena eta Mikel Rezabal Aldanondo.
Urtero legez, hiru taldetan daude antolatuta ikasleak: Programazio taldea, Produkzio taldea eta Komunikazio taldea.
Programazio taldea arduratuko da 2024ko Huhezinema jaialdiaren egitaraua zehazteaz; jaialdiaren hiru egunetarako ekimen ezberdinak antolatuko dituzte, film laburren proiekzioak, sariak, gonbidatuen hitzaldiak eta tailerrak, besteak beste. Egitaraua posible egiteko, Produkzio taldea, babesle, kolaboratzaile eta laguntzaile bila arituko da, jaialdiaren finantziazioa bermatzeko. Gainera, jasotako diru hori ondo kudeatzeaz arduratuko da.
Azkenik, Komunikazio taldea izango da jaialdiaren zabalkundearen eta irudiaren arduraduna, HUHEZINEMAren sare-sozialetan eta webgunean. Gainera, taldeak hedabideekin harreman zuzena izango du, interesa duen edonork jaialdiaren berri izan dezan.
Beraz, ikasle-talde honen lana gertutik ezagutzera gonbidatzen zaituztegu. Jarraitu HUHEZINEMAren komunikazio-kanalak eta sustatu euskal ikus-entzunezko proiektu berriak.
Une itzaltsuak argitara ekarriz. Argiak, kamera… ekin!
X: @huhezinemafest
Instagram: @huhezinema
Facebook: Huhezinema Jaialdia