Eneko Bidegain: «Irmoki erraten ahal dugu Frantziak hil zituela 6.000 euskaldun»
Eneko Bidegain: «Irmoki erraten ahal dugu Frantziak hil zituela 6.000 euskaldun» –
Irati Esparzak Kazeta.eus hedabidean.
Azaroaren 11, Lehen Mundu Gerraren Armistizio Eguna, besta eguna da Ipar Euskal Herrian. Eneko Bidegain idazleak gerra hori, baita beste egun hori ere, euskaldunen frantseste prozesuaren mugarri handiak direla azaldu dio KAZETA.EUS atariari, besta egunei buruzko gogoetaren beharra azpimarratuz.
Eneko Bidegain idazlea, kazetaria eta irakaslea da. Beti izan du historiarekiko interes handia, «bereziki XX. mendeko historiari buruz», dio. Hala, Euskal Ikasketak egin eta Baionan, Euskal Herriko garaiko hedabideek, hala nola, Euskalduna egunkariak, Lehen Mundu Gerra nola tratatu zuen aztertzen hasi zen. Hortik abiaturik sortu zuen Lehen Mundu Gerra Eskualduna astekarian tesia. «Nire hipotesia zen, konfirmatu dudana, gerla horrek Ipar Euskal Herriko euskaldunak frantsestu zituela».
Nola bizi izan zuen Euskal Herriak 1914ko udan lehertu zen Lehen Mundu Gerra?
Historia ofizialean, frantziar historialariek badituzte bi tendentzia: Batzuek diote frantsesak gogo onez, abertzaletasunez, onespenez, joan zirela gerlara. Beste batzuek diote behartuta joan zirela. Hau da, ezetz erraten bazuten kartzela edo heriotz zigorra arriskatzen zutela. Euskal Herrian, nik uste berdintsu izan zela. Ainitz joan ziren, jakin gabe zertara.
Gerla hasi zen uda erdialdean bidai bat balitz bezala joan ziren, esperientzia bat balitz bezala, aste batez irabaziko zutela pentsatuz. Baina gerla bat hastea erraza da, gelditzea ez hainbeste. Ez zekiten sarraski batera joaten zirela eta milaka hilko zirela. Azkenean, nehor ez zen kontziente momentu horretan zer gartatuko zen.
Baina beste elementu batzuek erakusten dute euskaldunak ez zirela hain diziplinatuak agertu. Milaka intsumitu izan ziren. Intsumituak, bistan dena, ez ziren intsumitu gerlari, lehenagotik ziren intsumituak, azken hamarkadetan izan zen zapalkuntzaren ondorioz. Euskal Herriko ikuspegitik gerlaren interesa ez baita hasten 1914an, baina aitzineko 40-50 urteetan. Intsumitu gehienak mendialdekoak ziren, Nafarroara joatea erraza zutenak. Aldude eta Urepelen, %80 baino gehio ziren desertore. Izan ere, «ez dira aski frantsesak, ez dute aberriarentzat maitasunik…» erran zuen garaian prefetak.
Beraz, Euskal Herrian, diziplina bazen, euskaldun fededun ainitz, baina ez dakit zenbateraino frantses sentitzen zirelako edo hola da eta hola da, obeditu behar delako, joan ziren gerlara.
Euskaldunen bizitzan zein eragin izan du?
20-50 urte arteko gizon gehienak gerlan ziren, beraz, Euskal Herrian ziren haurrak, adineko pertsonak eta emazteak. Ardurak, laborantzan hala nola, emazteek hartu zituzten, lantegietan ere emazteak hasi ziren lanean, horretan bada aldaketa bat. Gero, Euskal Herria [lurraldea] ez zen gerlan. Europan baziren gune batzuk gerla bete betean, baina Euskal Herria bake egoeran zen. Zinema, antzerki eta aisialdia baziren.
Hego Euskal Herrian, berriz, ez zen gerlarik izan, Espainia ez baitzen sartu. Bake egoeran zen eta gerlaren ondorioz enpresaburu batzuk ainitz aberastu ziren, Bizkaian bereziki.
Gerlaren ondorioak hilak izan ziren, bistan dena. 6.000tik goiti [hildako], zaurituak ere ainitz, eta besomotzak, zangomotzak, bisaia galdu dutenak… sekulako itxuskeriak. Desertore andana bat ez ziren etxera itzuli.
Horretaz gain, ondorio politikoak utzi zituen ere.
Ondorio politikoak gaiaren muina dira. Gerla hori izan zen mugarri bat, ez zen bakarra izan, baina inportantea izan zen Ipar Euskal Herriko euskaldunen frantsestean. Erran nahi baita, gerlara joan baldin baziren kontzientzia politiko handirik gabe, edo naziotasunari, aberriari buruzko kontzientzia berezirik gabe, eta aitzineko hamarkadetan eskolan buruan sartu bazitzaien frantsesak zirela, euskara debekatuz eta euskaldun izateagatik ahalgea ematen… Pertsona horiek egin zuten gerla frantsesekin, kortsikarrekin, bretoiekin, algeriarrekin… Denek elkarrekin etsai beraren kontra, kasu honetan Alemaniaren kontra, ibili ziren eta horrek batasuna sortzen du. Odola isuri zuten edo odola ikusi zuten, edo hil zuten, frantziaren alde. Horrek eragin handia izan zuen frantseste prozesuan.
«Ipar Euskal Herrian besta eguna da, eta hor bada gogoeta bat bada egiteko, besta egunen inguruan orokorrean»
Gero, bereziki azaroaren 11ren harira, hain zuzen, frantziar Estatuak ederki baliatu du gerla hori bere naziotasuna eraikitzeko eta finkatzeko. Posible zuen ez egitea oroitarririk, ez besta egun deklaratzea gerlaren bukaera eta ez egitea urtero omenaldirik. Horiek guziek badute funtzio politiko ikaragarri bat: Frantzia da, frantsesak gira. Nazioa goraipatzeko da, inposatzeko eta eraikitzeko tresna ezin eranginkorragoa izan dena azken ehun urte hauetan. Azkenean, frantseste prozesua ez da 1918an bukatu, hor hasi zen.
Azaroaren 11k zer suposatzen du Ipar Euskal Herriarentzat?
Gaur egun, uste dut Euskal Herrian ez dela egiten gogoeta hori. Zergatia aztertu beharko litzateke. Duela 106 urte bukatu zen gerla, pentsa zein urrun gelditzen ari den. Orain, azaroaren 11 batean egitea ekitaldi bat, Frantziako banderak, himnoa eta abar Euskal Herrian, kolonizazio prozesuaren parte da. Kolonialismoa da, nolabait.
Beti bada mina, baina momentu baten buruan, gure narrazioan, ez dute eman bizia frantziaren alde, frantziak sakrifikatu ditu, hau da, gu estatu independente bat izan bagina, izanen ginen agian Pirineoetako Suitza bat, armadarik gabe hain segur; errepublika bat ez zena sartuko gerra horretan eta ez zuen ukanen hilik. Hil ziren 6.000 horien familiak dolurik gabe izanen ziren. Herri zapaldua eta okupatua izatearen ondorioz hil zaizkigu 6.000 lagun. Beraz, nik uste, irmoki erraten ahal dugu, Frantziak hil zituela 6.000 euskaldun, bere kausaren alde. Hil ziren Frantziak nahi zuelako.
Ipar Euskal Herrian besta eguna da eta hor bada gogoeta bat egiteko, besta egunen inguruan orokorrean. Baditugu egun batzuk besta direnak Hegoaldean eta Iparraldean ez, eta alderantziz, beti frantziar eta espainiar politikari lotuak. Baina ez dugu lortzen oraindik erraten ‘ez, guk ez dugu besta eginen azazoraren 11n, maiatzaren 8an, uztailaren 14an, urriaren 12an, abenduaren 6an… eta hautatuko ditugu horien partez beste, ez dakit, hiru egun besta nazional izanen direnak’. Gogoeta hori ez da egiten.
Eneko Bidegain: «Irmoki erraten ahal dugu Frantziak hil zituela 6.000 euskaldun»