Izena eta izana
Izena eta izana –
Kantuan eta dantzan Gau Beltzari agur esan eta azaroan murgildu gara. Ederra izan da ikasleekin beldurrak partekatu eta “sutondoan” istorioak kontatzea. Eguneroko erritmo frenetikotik urrundu eta emozioen bidez gure barrenera begiratzeko tartea hartu dugu. Ez gaude beldurrak besarkatu, hauei aurre egin eta barruko korapiloak askatzera ohituak. Ez helduok, ezta haurrak ere. Gehienetan gizarteak alderdi akademikoa emozionalaren aurretik lehenesten du, baina alderdi emozionala ondo ez badago gainontzekoak nekez egingo du aurrera. Horregatik, sentimenduak azaleratu eta elkarbanatzeko tarteak hartzeari gero eta garrantzia handiagoa ematen diot.
Musika, artea, natura… lagungarriak izan daitezke zeregin honetan. Ohartu al zarete naturarengandik gero eta deskonektatuago gaudela eta aldi berean gizakia gero eta estresatuago bizi dela?
Konekta dezagun bada Amalurrarekin. Azaroa, zemendia, hazila, gorotzila… haziak ereiteko garaiari eta ongarrien sasoiari egiten dio izenak erreferentzia. Azaroan udazkenean erabat murgiltzen gara. Koloreak, hego haizea, perretxikoak, fruta barietatea… Udazkenak udatik negurako igarotzea leuntzen du. Pixkanaka-pixkanaka lasaituz doa udako jolas eta frenesi hori, etenaldi naturalaren hasiera da.
Basoan orbelek kolore gorri, hori, marroi eta laranjak nahastuz paisaia liluragarriak oparitzen dizkigute. Arnasa hartu, haizearen ufada sentitu eta txorien txioak entzun daitezke. Lertxunaren hostoak lurrerantz dantzan ari dira, dardarka baleude bezala. Haginaren hostoek, aldiz, tinko zuhaitzean jarraitzen dute, hosto iraunkorrekoak dira eta.
Batak zein besteak urteko sasoi hau hobeto ulertzen lagun diezagukete eta baliteke geure burua ere hobeto konprenitu eta ezagutzeko parada ematea. Konekta dezagun, beraz, gure sentimenduekin eta naturarekin. Jaitsi erritmoa eta behatu dezagun gure barrenean, udazken bete-betean, negua iritsi bitartean.