Etxebizitzaren iruzurra
Etxebizitzaren iruzurra –
Etxebizitzaren auzia aspalditik datorren egiturazko arazoa da. Giza eskubidea izan behar lukeena gehienez ere eskubide subjektiboa baino ez da. Iruzurra dela diot instituzio eta alderdi politiko guztiek hitz politak esan arren, ez diotelako muinari heltzen. Egun, enpresa eraikitzaileek eta lurzoruen jabeek ezartzen dute etxebizitza politika, negozioa egiteko duten eskubidean oinarrituz. Instituzio guztiek su ta gar defendatzen dute eskubide hori, norbaitek etxebizitza bat izateko duen eskubidearen aurretik, hura objektiboa baita eta hau subjektiboa. Horregatik, egoeraren ardura dutenengandik iristen zaigun hainbat gezur argitu nahi dut.
Ez da egia etxebizitza gehiago eraiki behar dela herritarren premia asetzeko. Azken urteetan milaka etxebizitza eraiki badira ere, ez da arazoa konpondu. Areago, politikariak enkante batean bezala nork etxebizitza gehiagoka aritzen dira ahobero, herrian dagoen benetako beharra jakin gabe. Udalek ez dakite etxebizitza baten behar objektiboa (honetaz luze eztabaida daiteke) duten pertsonak zenbat diren eta horren ezaugarriak, ez baitute inolako erroldarik egiten.
Ez da egia Babes Ofizialeko Etxebizitza gehiago eraikitzeak arazoa konponduko duela. Duela hogei urte baino gehiago hasi zuten bide hori eta egun berdin gaude, edo okerrago, etxebizitza horietako asko libre bihurtu dutelako. Gainera, etxebizitza horien kopurua eraikitzaileek ezartzen dute ia beti legeak dioen gutxienetik gertu eta Udalak oro har ez dira gehiena eraiki dezatela eskatzera ausartzen. Eta larriena, etxebizitza baten benetako premia duten pertsonak maiz ez dira eskatzen den gutxieneko soldatara iristen, aukerarik gabe geratuz.
Ez da egia etxebizitza libre gehiago eraikitzeak arazoa konponduko duela. Izan ere, behar gehien dutenek ezin dute salmenta libreko prezioa ordaindu. Etxebizitza horiek, oro har, espekulatzaileek edo etxebizitza duten pertsonek erosten dituzte, hain prezio altua ordainduta, berena ahalik eta garestien saldu behar dutela, etxebizitzen merkatua garestituz. Bestalde, ez da kontrolatzen nork eta zertarako erosten den etxebizitza bat.
Ez da egia etxebizitzari buruzko lehengo eta oraingo lege berriek arazoa konponduko dutela. 1998ko Lurzoruaren legeak Udalei etxebizitza sozialak eraikitzeko aurrekontuetatik diru kopuru bat hartzea agintzen dien arren, kasu gehienetan Udalek muzin egin diote legeari eta egun ez dakigu zein Udalek bete duen legea eta zenbat etxebizitza eraiki duten diru horrekin. Bestalde, azken legea onartu denetik etxebizitzen alokairuak igotzen jarraitu du, nahiz eta aldeko politikariek legearen onuren dominez paparra bete.
Legeek eta instituzioek jabeen eta eraikitzaileen eskubidea babesten dute beti. Gehienez, zenbait pertsonari arazoa arintzen diote, baina benetako premia eta eskubidea bazterrean uzten dira, espekulatzaileen mesederako. Jakina, Instituzio guztiek bere zatitxoa ateratzen dute espekulaziotik. Horrela ez da etxebizitzaren auzia konponduko.
Etxebizitzaren benetako arazoa ez da etxebizitzen falta, etxebizitza bizitzeko eta eskubidea izan beharrean, negozioa egiteko produktu bihurtzea baizik. Egun, sistema kapitalista honek enpresa eraikitzaileek eta lurjabeek etxebizitzekin espekulatzeko duten eskubidea babesten du, baita turista batek hainbat egunez etxebizitza batez gozatzeko eskubidea ere, pertsonek etxebizitza batean bizitzeko duten eskubidearen aurretik. Hor dago muina eta horri ez eskuinetik ez ezkerretik, ez diote heltzen. Adabakiak jarri besterik ez dute egiten, esaterako, enpresa eraikitzaileei lurzorua merke saltzen diete, etxebizitza zozketatzen dute edota alokairu merkean jar dezaten etxebizitzen jabeei dirua ematen diete. Baina, horrek espekulazioari atea itxi ordez, arazoa areagotzen du, espekulatzaileen interesak defendatzen dituelako, premia larria dutenen kalterako.
Hala ere, arazoa benetan konpontzeko asmoz, bidean badira etxebizitzaren gaiari behar bezala heltzeko har daitezkeen neurriak, ausartak izanez gero.
Hasteko, etxebizitzaren funtzioa pertsonei bizitzeko toki egoki bat ematea bada eta pertsonek etxebizitza bat izateko eskubidea badute, ondare sozial izendatzea litzateke egokiena, haren funtzioa babestuz; horrek bertan bizitzeko helbururik ez duen pertsonari, elkarteari edo funts putreei erostea debekatzea ekarri beharko luke, orain dela gutxi Holandan onartu den bezala, argi eta garbi esanez ezin dela etxebizitza bat erosi bertan bizitzeko ez bada.
Beste neurri bat, herrietan dagoen benetako premia jakiteko, Udalek Etxebizitza Patronatua edo antzeko zerbait sortzea litzateke. Patronatu horren eginkizuna, besteak beste, etxebizitza baten behar objektiboa duten herriko biztanleen errolda bat egitea litzateke. Bertan, eskatzailearen egoera orokorra eta nolako etxebizitza beharko lukeen azalduko lirateke. Horrela, geure herrian dagoen benetako beharra ezagutuko genuke. Gainera, kasu guztiak ezagututa, etxebizitza gehiago eraiki behar den eta zer nolako etxebizitza eraiki jakingo genuke.
Aldi berean, Patronatu horrek herrian dauden etxebizitza hutsen kudeaketa ere eraman lezake. Halaber, etxebizitza zaharberritzeko behar den diru-laguntza ere kudea lezake. Arlo honetan askoz diru gehiago inbertituko balitz, etxebizitza berriak eraiki beharrean, zaharrak egoera onean uzteak inguruan ditugun eremu naturalak zementuz betetzea ekidingo luke.
Bestalde, askotan entzun dugu halako obra erraldoi bat egiteko (trenbideak, errepideak, museoak…) herritarrei eta herriei… beren lurrak desjabetzen dizkietela interes orokorraren izenean. Hemen ere horixe egin liteke. Etxebizitza benetako premiatzat eta eskubidetzat hartzen bada, zergatik ez desjabetu etxe hutsak edota espekulatzeko erabiltzen diren etxebizitzak, eta alokairu sozialean jarri?
Aipatu neurrien antzekoek, eta beste batzuek, instituzioak etxebizitza politika kontrolatzera eta gaian behar bezala jardutera eramango lituzke, espekulazioari atea itxiz, etxebizitza ezin baita negozio produktu bat izan, orain arte bezala.
Etxebizitzaren iruzurra
Etxebizitza prezioa markatzen duen aldagai garrantzitsuena eskaria-eskaintza da.
Azken urteotan dugun immigrazio masiboak eragin handia du, eskaria handitu duelako, eskaintza maila apalagoan handitu den bitartean.
Era berean, etxe huts asko daude, merkatura atera behar direnak (eskaintza handituz). Horrek ere arazoa arinduko luke. Baina segurtasun juridikoa handiago izan behar da alokatzeko orduan.
Pisu turistikoek ere eragina dute, baina oso toki zehatzetan: hiriburuko erdiguneetan eta kostaldean, baina udan soilik (kostaldean zer esanik ez).
Esan bezala, faktore garrantzitsuena eskaintza-eskaria da. Baina batzuk ideologiak itsututa daude.
Boomerrek etxebizitzetan inbertitu dute ( haien aktibo ekonomiko nagusia etxebizitza da).
Boomerrak dira boto-emaile gehienak.
Politikari gehienak boomerrak dira eta, Estatu espainiarrean ikusi dugun bezala, politikari askok etxebizitza bat baino gehiago dute.
Boomerrak eta politikari boomerrak ez dute haien interesen aurka egingo.
Ez da egia gaur egun Euskal Herrian etxebizitza edukitzeko, jabetzan nahiz alokairuan, eskubidea ez dela bermatzen. Ez da egia gaur egun Euskal Herrian eta Europan badirela herritarrak etxebizitza edukitzeko, jabetzan nahiz alokairuan, eskubiderik gabe. Gaur egun Euskal Herrian eta Europa osoan herritar guztiek, bertakoak zein etorkinek, eskubide osoa daukagu etxebizitza edukitzeko, jabetzan edo alokairuan. Oso erraza da; lan egin gogor, aurreztu eta etxea erosi ala alokatu. Gehienek egin duguna. Non dago arazoa?
Aahhhh. Alferrak zaretela eta ez duzuela lan gogor egin nahi? Lanean irabazitako dirua beste gauzetan gastatu nahi duzuela, tabernetan, drogan, arropan, auto garestietan, bidaiatzen, jokoan, jatetxeetan eta abarretan? Eta orduan besteek, langileek zuei etxea erostea edo alokairua ordaintzea nahi duzuela, zergen bitartez? Aurpegia behar da hori eskatzeko.
Zuek justizia sozialaren aitzakian parasitismoa, esklabismoa nahi duzue. Batzuek lan egitea eta besteak langileen kontura bizitzea. Batzuek esklabu eta besteak “señorito”.
https://www.youtube.com/watch?v=lkBVROobfYY
Etxebizitza ezin dela negozioa izan. Zergatik? Ez da egia etxebizitza ezin dela negozioa eta espekulazioa izan. Guztiz alderantziz. Giza betebehar nagusienak eta besteak (jatea, janztea, garraiatzea, babesa, aisia…) negozioa direnean izaten dira asetuak. Behar horiek asetzeko behar diren produkto eta zerbitzuak hornitzaileei irabaziak uzten dizkietenean orduan, orduan bai, sortzen da merkatua, eta orduan ekoizten dira produkto horiek eta eskaintzen dira zerbitzu horiek. Irabazirik ez badute uzten akabo merkatua, akabo behearren asetzea. Zuk esan baserritarrei, medikuei, arrantzaleei, taxistei, irakasleei, etxe eraikitzaileei eta abarrei euren lanak egin behar dituztela baina irabazirik gabe, negozioa izan gabe. Ekonomia, ongizate gizartea porrotera. A zer astakeria!
Udalek Etxebizitza Patronatua edo antzekorik sortzea, diozu. Politikoek esku eta muturra sartzen duten giza jarduera orotan, azkenean, ustelkeria eta kudeaketa desastrosoa nagusi. Jakin badakigu.
Etxe bizitza hutsen desjabetzea eta alokairu sozialean jartzea. A zer justizia soziala! Langileei lapurtzea, langileak izorratzea, alferren mesedetarako. Ezin da inoiz ere gizarte justua eraiki delituaren oinarrian, lapurretaren oinarrian. Eta zergatik ez lapurtu bi auto dituenari? Eta bi txirrindu dituenari?
Turistek, euren oporretan, ez dutela etxe bat alokairuan hartzeko eskubiderik, hoteletako gelak bai, baina herritar langileen bigarren etxeak ez, ezta? Hori da politikoek eta komunikabideek bultzatzen ari direna Espainia osoan, Donostiatik hasita. Hoteletako eta kruzero erraldoietako turistak ongi etorrriak dira, baina herritarren etxe turistikotakoak ez. Bistan da politikoak, beste behin, eskubikoak nahiz ezkerrekoak, nortzuren alde egiten duten, nahiz bestelakorik esaten duten.
Gaur egun etxebizitzen prezioak, erosteko edo alokatzeko, oso gehiegizkoak direla, herritar gehienen eskutatik kanpo daudela, egi borobila da. Baina zergatik? Arazoaren diagnostiko zuzena egin behar da, eta ez politikoek botatzen dituzten astakeria eta gezurrak sinestu eta errepikatu. Prezio helduezin hauen aurrean soluzioa oso erraza da.
Lehenik eta behin etxebizitzen jabeei segurtasun juridikoa eman behar zaie, eta ez lapur-okupei. Bigarren, honelako egoera larrian, estatuak etxe alokairurako ezartzen dituen zergak kendu edo nabarmenki gutxitu beharko lituazke. Eta hirugarren alokairurako topeak kendu behar dira. Hiru neurri hauekin etxebizitza piloa irtengo da alokairu merkatura eta konpetentzia handitzerakoan alokairuko prezioak nabarmenki jaitsiko dira. Honek, ondoren, etxebizitzak erosi beharrean herritarrek alokairura joko dutenez, etxebizitzen salmentarako prezioak nabarmenki jaitsiko lirateke. Eta ez da teoria, errealitatea baizik. Begiratu bestela:
https://www.eldebate.com/economia/20240929/formula-milei-logrado-disparar-oferta-alquileres-argentina-contener-precios_225705.html
Baina azken hau da juxtu milaka eta milaka etxebizitzen jabe diren inbertsio-funtsek nahi ez dutena. Eta baita politikoek nahi ez dutena ere, zergetatik bizi baitira. Horregatik politikoek, eskubikoek nahiz ezkerrekoek, alderantzizko politikak, herritarren aurkako politikak eramaten dituzte aurrera. Jakina, horretarako engainua taktika erabiltzen dute: errua etxebizitzen jabeena dela errepikatzen dute behin eta berriz, “inkilinoen sindikatu” fantasmak sortu eta bultzatzen dituzte, eta soluzioa etxejabeei desjabetzea dela, etxe hauekin eurak negozioa egiteko erakunde publikoen bitartez. Politikoak beti politiko.
Hauek kapaz dira esateko janaria oinarrizko eskubidea dela eta horrekin ezin dela negoziorik izan, eta, beraz, nekazariek beren produktua dohan eman behar dieteal, jaiotzetik duten oinarrizko giza eskubideak delako.
Eskerrik asko Eneko!
Euskaraz entzuten den diskurtso aldebakarrekoari kontra egiten dion zerbait.
Etxebizitza turistikoa debekatu egin behar da. Milaka ikerketa egin dira mundu osoko hirietan, emaitza berbera: minbizia da hirientzat.
Alokairuaren prezioa igotzen du, etxebizitzaren prezioa igotzen du, komertzio txikia suntsitzen du, salmarka handiak indartzen ditu, lokalen prezioak igotzen ditu, lokalen alokairuak garetsitzen ditu, aparkaleku arazoak sortzen ditu, bizilagunak uxatzen ditu, eguneroko komertzioa suntsitzen du…Hotel batek gutxi edo gaizki pagatuak, baina lanpostuak sortzen ditu. Hori ere ez du egiten etxebizitza turistikoak.
Soilik ulergarri da pisu turistikoa jabeen zekenkeriatik. Diru gose itsuak soilik bihurtzen du onargarri pisu turistikoa.
Gainera ez dago eztabaidarik: ezin da harategi bat montatu pisu batean. Denok ulertzen dugu hori. Bada hoteltxo bat ere ez. Jarduera ekonomikoak egoitzetatik kanpora.
Ez da ulergarri etxebizitza falta dagoela asumitua den honetan, Donostia-Andoain-Irun-Hondarribia eremuan Idealistan 300 bat alokairu iragarki egotea juxtuan, eta Airbnb-n 1000tik gora Donostian soilik.
Gainera, debekatu behar da enpresa batek, irabazi asmoa duen pertsona juridiko batek, etxebizitza erabilera duen higiezin bat jabetzan izatea. Etxebizitzen jabetza pertsona fisikoen eskubide hutsa dela ezarri behar da.
Alokairu topeak ez du funtzionatzen, hori ere luze eta zabal aztertu eta ikertu da munduan. Ebidentzia nahikoak daude hori esateko. Topea ezarri den guztietan alokairu eskaintza murriztu egin da, etxebizitzara sarbidea zailagoa bihurtuz.
Bigarren etxebizitzatik aurrera, %1000tik gorako zergak ezarri behar dira, erosketa balioaren gain. Inbertitu nahi duenak inbertitu dezala burtsan, criptotxanponetan, edo Somaliako piraten merkatu beltzean, baina ez etxebizitzan.
Bestetik, alokairuan duenari zergak jaitsi ikaragarri, eta bereziki, egoera zaurgarrian daudenei alkilatzen bazaie. Zenbateko babesa maizterrak, hainbesteko jaitsiera zergetan.
Baina argi izan behar da, bi etxebizitza dituenak inbertsio bat egin du, inbertsio horren arriskua bere gain dago. Estatu batek ezin du inbertsore pribatu baten inbertsio-itzulera bermatu. Hori planteatzea azala lodia izatea da. Badaude aseguru pribatuak. Inbertsioak dira. Ez badira errentagarri, salmentan jar ditzatela, eta eros ditzala erakunde publiko batek. Bitartean, zergak izugarri, ikaragarri, beldurgarri igo, salmentara atera daitezen, edo alokairura. Lotsarik gabe. Etxe hutsik ez.
Eta epe luzerako etxebizitza hutsa erosteko programa publikoak abiatu behar dira, alokairu sozialera bideratzeko. Viena eredu da horretan. Alokairu merkatuaren %20a edo erakunde publiko batek kontrolatzen badu, merkaturaen prezioa manipulatzeko gaitasuna du, eta beraz, baxu mantentzekoa.
Eta azken datu bat, Donostian pisutxoa duten Gipuzkoa barnealdekoei zuzendua. Pisu turistikoak Donostian 1250 badira, oporretako etxe huts gipuzkoarrak 10.000tik gora dira. Ez pentsa zuen oporretako etxea izateak ez duenik eraginik inguruan.
“Gogor lan egin behar izatea” (etxebizita xume baten alokairua ordaindu ahal izateko edo etxebizitza bat jabetzan izateko) soldataren erdia bideratu behar izatea bada, etxebizitzaren eskuragarritasuna oso garesti dagoela esatea da eta, beraz, oinarrizko beharrizan horren eskubidea mugatua dagoela, ezta? Eta ez dago hautatzerik. Ez gaude esaten ari danoi merke eskaintzen zaizkigun etxebizitzak daudenik eta hobeagoak edo garestiagoak nahi baditugu “gogor lan egin beharko duzunik”, eskubideak diren beste eskola publiko, osasun zerbitzu, garraio publiko.. zerbitzuen kasuan bezala. Ez. Denak eskubideak dira, baina etxebizitzetan ezin da epe motzera zerbitzu paralelo oso bat eskaini. Beraz, merkatua eragin behar du administrazioak.
Esku pribatuen mende dauden oinarrizko produktu eta zerbitzuen eskaintzak kontrolik gabe garestitzen direlako horiek mugatzeko deia zabaltzea ez da alperkeria oinarri duen aldarri bat, jabego pribatuaren eta irabazi asmoaren printzipioei oreka bat bilatzeko modu instituzionalena baizik. Irabaziak sortzeareki ados, gehiegizkoak edo besteei kalte eginez, ez. Gobernuaren zeregin nagusia herritarren ongizate orokorra bilatzeko joko-arauak ezartzea bada, ulerkorra da, egungo antolamendu ekonomiko-politikoan, dena negozio-iturri bilakatzen duena, lukurrukerirako aukerak mugatu behar izatea bestelako printzipio edo eskubideak kaltetu ez daitezen.
Gezurra da egun oinarrizko beharrizanak etxebizitzaren hainako irabazi-iturri direla, garraioa eta arropa hornidura sekula baino merkeago daudenean. Gertatzen dena zera da, etxearen aste bateko erabileragatik dirutza bat ordaintzeko prest dauden jendeengana iristeko aukera dagoela, eta horreri gehituta, etxe eskaintza gutxi egoteagatik hilero dirutza bat ordaintzea besterik ez duen jende pila bat dagoela. Negozio noiz bilakatzen da zekenkeri, dena onargarri egiten duen kultura yankee ustiatzaile trepa moderno batean?
Nekazariei euren irabazi-iturria mugatuko zaiela ez dela esaten? Katxondeoa ala?? Esan nekazariei haien zerbitzua publifikatzeko prozesua abiatzeko aukera dagoela, garraio, eskola, osasuna.. bezala) soldata finko eta azpiegitura inbertsio jarraiekin eta ikusiko dugu erantzuna, agian harrituko zinake nekazaritzak izango lukeen bultzadaz.
Alperkeria eskuraezinak direnak lortzeko soldata erdia bideratu nahi ez izateari egozteaz gain, ongi legoke ‘rentismotik’ edota herentziaz jasotako aberastasunerik bizi direnen gehiegizko zekenkeriari ere egoztea. Aberastasun hori, gainera, diktadura-osteko bereganatzeekin edo hirigintza-garapen interesatuekin lortu denean, batzuen kasuan.
Ezagutzen ditudan Maizterren sindikatuak ez dira politikariek sortutakoak, kontrara, beharrak bultzatuta antolatu den jendea dago atzean. Politikariei errua botatzea ere erraza egiten da.
ikusten da batzutan arbasoek duinki lortutakoen herentzian eta askotan modu bidegabean eskuratutakoen herentzian jasotako higiezinetatik bizitzea
Badakizue non jaitsi diren alokairuen prezioak?
https://www.libremercado.com/2024-09-08/nuevo-milagro-inmobiliario-de-milei-el-precio-de-los-alquileres-cae-un-26-y-la-oferta-se-dispara-un-195-7159446/