Bukatu da, bukatu da, bukatu da, akabo!

Bukatu da, bukatu da, bukatu da, akabo! –

Inaxio Esnaolak, Irutxuloko Hitzan.

35 urte pasatu dira ETB1ek ‘Funtzioa’ helduentzako umorezko saioa estreinatu zuenetik. Ostiral gauetan ematen zuten, eta arrakastatsua izan zen. Hiru denboraldi eta 141 atal izan zituen. Aitzindarietako bat izan zen euskarazko umoreari dagokionez.

Bukatu da, bukatu da, bukatu da, akabo!
Xabier Otaegi eta Jose Ignazio Ansorena, ‘Funtzioa’ saioaren aurkezleak.

Late night-en audientzien gerra moduko bat piztu dute Espainiako bi telebista kateren artean. Euskal Herriko ikus-entzule asko saio bati edo besteari begira daude. Bitartean, EITBk ez du eredu lehiakorrik dema horri aurre egiteko. Egia esan, ez du sekula izan. Telebista sortu zutenetik, euskarazko eta gaztelaniazko kateetan saiakera ugari egin dituzte gaueko entretenimendua lantzeko, baina audientzia apala lortu dute. Salbuespen gutxi batzuk badira, eta, ziurrenik Sorginen Laratza (1999-2005) izan da arrakastatsuena. Ordea, bada beste bat askoz ere zaharragoa, aitzindari gisa har daitekeena: Funtzioa (1989-1991).

Txirri, Mirri eta Txiribiton pailazoekin lotura estua du Funtzioa saioak. Lau urtez, Don Don Kikilikon haurrentzako programa egiten aritu ondoren, nekatu eta telebista utzi zuten. Agur modura show berezi bat egin zuten EITBren Miramongo estudioetan, eta bukaera hura, zerbaiten hasiera izan zen. Mikel Lejarza orduko EITBren zuzendariari asko gustatu zitzaion ikuskizuna, eta helduentzako umorezko saio bat egitea proposatu zion Xabier Otegi —Txirri— eta Jose Ignazio Ansorena Piter —Mirri— bikote donostiarrari.

Eskaintza behin baino gehiagotan baztertu zutela diote, onartzea erabaki zuten arte. Horrela sortu zen Funtzioa programa 1989an, Xabier eta Piter aurkezleen gidaritzapean. Euskara jator eta zainduarekin aurkeztu ez ezik, umorezko esketxak ere egiten zituzten. Horietako batzuk lekua egin zuten garaiko euskaltzaleen iruditerian. Esaterako, Teo eta Txarles bikoteak. Showa osatzeko, musikari eta bakarlarien emanaldiak tartekatzen zituzten, magia ikuskizunak eta beste. Entretenimendurako osagai guztiak zituen, eta hori guztia, euskara hutsean.

Ostiral gauetan eskaintzen zuten, eta ez zuten audientzia gerrarik jasan, zorionez. Izan ere, Euskal Herriko herritar askok jarraitzen zuten saioa. Horri esker, hiru denboraldi izan zituen saioak, eta 141 atal eskaini zituzten. Horietako hirutan, Txirri, Mirri eta Txiribiton pailazoek parte hartu zuten; Gabonetako saio berezi batean, pailazoei propio eskainitako batean eta haurrentzako beste batean.

.

Harribitxiak

EITBk 1980ko eta 1990eko hamarkadetako saioak berreskuratu eta berriz eskaini izan dituen arren, Funtzioa programa ez dute berriz ere eskaini. Horrela ere, EITB Nahieran webgunean atal asko ikus daitezke. Harribitxiz beteta daude, bi protagonistei esker: Xabier eta Piter. Pertsonaia eta mozorro desberdinekin egindako esketx gogoangarri ugari daude. Merezi du tarte bat hartu, eta atalez atal bilatzea bikotearen xelebrekeriak.

Beste harribitxi batzuk ere badira, ETB1en Ez da posible! saioak berreskuratu zituenak. Hiru dira gogora ekarri zituzten pasarteak, batez ere, gonbidatuengatik. Adibidez, 1989. urtean Bingen Zupiria eta Maddalen Iriarte albistegietako aurkezleak ziren, eta Funtzioa programan bertsotan aritu ziren. Gaur egun, oso bestelako arduretan dabiltza biak, politikagintzan buru-belarri sartuta.

Bestalde, 2022an zendu zen Pello Zabala fraide frantziskotarraren parte hartzeak zur eta lur utzi zituen ikusleak. 1990. urtean, akordeoia jotzen agertu zen saioan. Urte berean, ahaztezina izan zen Imanol Urbietaren bisita. Haren kanta ezagunak abestera gonbidatu zuten, eta baita dantzan jartzera aurkezleak, ikus-entzuleak eta kamerariak. Ran Rober Han ereserkia kantatu zuten uztaiak eskuan hartuta.

Funtzioa saioak utzitako legatua aipaturikoa baino gehiago ere bada. Xabierrek eta Piterrek hainbat abestiz osaturiko LP bat argitaratu zuten biniloan, eta bada pieza bat gaur egunera arte iritsi dena, eta askok bere jatorria ezagutuko ez dutena. Izan ere, programa amaitzeko, abesti bera erabiltzen zuten, eta honela dio: Bukatu da, bukatu da, bukatu da, akabo!

Bukatu da, bukatu da, bukatu da, akabo!

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude