Agian noranahikoa

Agian noranahikoa –

Agian noranahikoa

Pastorala. Antzerki oihandar hieratikoa, geografikoki zokotua, fosil itxuraraino erritualizatua, adierazpideetan urria, sofistikazioz biluzia, luze mortala. Klitxeek hala diote Zuberoako herri antzerkiaz den bezainbatean. Finean, azken mohikano batzuen kontua, berezko testuinguru geografikotik kanpora on ez dena paradisu galduen asteburuko miresle zenbaitendako baizik. Ni, urbanita eskisito hau, pastoralaren eta modernitatearen arteko ezkon ezintasunaz duda guti izan duten horietarikoa izan naiz. Ikusmoldea aldatu dit genero honek bere sorlekutik kanpora, Nafarroan bereziki, izan duen hedatze harrigarriak. Iruñean antzeztu den hiru aldietan huts egin ondoan, Altzain ikusi nuen larunbatean Julia Fernandez Zabaletaren omenez Zaldiko Maldiko elkarteko jendeek eta haien lagunek ondu duten pastorala. Apal joan ziren hiriburuko arizaleak Ibarresküineko herrixka horretara bere lana aurkeztera. Ez dakit zer nota paratu zieten espezialitateko katedradunek. Ni hunkiturik nago oraino. Ohartu gabe joan zitzaizkidan, miraz mira, hiru orduak. Erraza zuten, beharbada. Udazken egun ederra, giro polita, adiskide andana antzezle mozorrotuen artean. Lagun zaharren baten kumea ere bai. Eta haien joan-etorrien agintari, testu xarmagarri bat, metrika xume baten bitartez biografia bat eta garai bat zipriztin xehez kontatzen eta birsortzen. Horren lagun, kanta berriak, arizale guztiek batera. Julia Fernandezen berri ez genuen; orain badakigu gure belaunaldiak izan zuela aurrekaririk euskaltzaletasunean, feminismoan eta hezkuntza aurrerakoian, non eta Iruñean. Mezu hori helarazteko, 40 bat lagun bi urtez auzolanean, idazle, errejent, arizale, musikari, kantu-egile, bertsolari… Pastorala, genero larrekoa, agian noranahikoa. Istori(o)a(k) kontatzeko eta (euskal) komunitatea egiteko. Nola Basabürüan, hala Iruñean.

Noticiasen argitaratua

Agian noranahikoa

Iruñekoa, malgré moi, idazlea,iritzi-emailea.

7 pentsamendu “Agian noranahikoa”-ri buruz

  • “Hezkuntza aurrerakoia” aipatzen da azken aurreko paragrafoan. Hezkuntza aurrerakoia zergatik? Garai hartan beharbada izanen zen. Orain bhintzat Montessori famatu hori juxtu kontrakoa da. Hori edo antzeko pedagogia sartu den eskoletan euskarak porrot egin du. Montessori sartu atetik eta euskarak lehiotik atera. Izutzeko modukoa, alajainkoa!!!!

  • Montessoro eta pedagogia modernoak, euskara hil dute. Gerok hilen dugu hizkuntza nazionala pedagogia horiekin.

  • Monteso.. horrek modernotik ez du deus ere, duela 100 urteko ez dakit zer den.

  • Egia, baina pedagogia modernotzat jotzen dute, orain aparretan baitago. Aparra besterik ez dena, hau da hutsa, benetan pozoitsua eta kriminala ez balitz.

  • Euskaraz mintzaraztea haur bati fakzismoa omen da. Horretaraino iritsi dira pedagogia honen aldekoen batzuk. Eta horietako asko konspiranoikoak eta sektarioak dira. Pandemia garaian ederki ezagutu genituen!!!!

  • Mikel Haranburu 2024-11-11 10:30

    Pastoralari buruzko ezer esatekorik?

  • Pastoralari buruz ez dut deus esatekorik, aspaldian izatekoa naiz. Zuberoa urrunxko, jakina. Eta Iruñekoa, Julia Fernandezena ikusteko gogo handirik ez, bai bainekien Montessori goraka ibili behar zutela eta nik montessori hurbilegitik ezagutzen. Zoritxarrez!!! Gure herri euskaldunetan euskara ehorzten ari dena, izaki. Maria Montessori kriminala da abertzale eta euskaltzeontzat

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude