Hitzek hotsa ostatu
Hitzek hotsa ostatu –
Anjel Lertxundi, 31 eskutik atarian.
EZER ITZULTZEN HASI AURRETIK, astiro irakurtzen zuen originala eta azpimarra azkarrak egiten han-hemen; aldian behin, burua liburutik jaso, eta ideiaren edo zalantzaren bat apuntatzen zuen koaderno txiki batean. Irakurketa osoa egin ondoren, atentzioa eman zioten pasarte eta orrialdeetara bueltatzen zen. Ezagutzen ez zituen hitzak hiztegian begiratzen zituen: Apfelkern, sagar-hazia; ezagutzen ez zituen izen geografikoak, aldiz, mapetan: Nitzkydorf, Errumaniako hiri bat. Hotsik gabeko hitzak ziren batzuk eta besteak, irakurketa mentalaren isiltasunak bereganatuak. “Horra beste idazle errumaniar bat alemanez idazten”. Ez zen, ordea gehiegi motibatzen zuen informazioa. Itzultzaile Dontsuak oso berea zuen diziplina: egiten zuen irakurketa beti izaten zen mentala, ez zuen irakurritako hitzik edo esaldirik ozen esaten, isiltasuna zuen lan-giro eta konforta.
Dontsuaren ustez, begien erresuma zen irakurketa, eta mihiak eta belarriek –hotsek– apenas zuten zer eginik bere itzulpenetan, salbu inoiz –oso gutxitan– poesia ere itzuli behar izaten zuenean editoreren bat konformatzeko; baina, halakoetan ere, irakurketa mentala eginez hasten zen lanean, astiro, arkatza eskuan zuela. Ezin, ordea, aurrera segitu irakurtzen zituen pasarteak ondo ulertu gabe –poesian sarri gertatzen zitzaion kontua da–, eta laster bezain oharkabean ekiten zion testua ozen irakurtzeari, batez ere poemen parte ilunenetan, ahotsaren laguntzarekin erritmoa eta musikaltasuna ematen saiatuz testuari. Txikitan egiten zuen bezala, gutxi-asko. Baina, ikasketak aurrera, «eguzkirik ez dute leihotan zapiek» irakurri eta “Lizardik zertarako bortxatu behar ote zuen esaldiaren sintaxia?” pentsatzen zuen batxilergoan. «Hitzek, esnatzen badira, ostatu erosoena baztertzen dute» irakurri, eta “Montalek ezin al zuen ulergarriago idatzi?” pasatzen zitzaion burutik unibertsitatean.
Bere dohain poetikoa ez zen, ez ikasle garaian, ez profesionaldu zenean, halako galderak egitera baino urrutiago iristen. Baina bere jarrerak ez zuen deus enfant terrible izateko gogotik, ez zen egoskorkeria: gutxi zekien poesiaz, ez zen bere generoa, iskin egiten zien poesia itzultzeko eskaintzei eta, poesiaren bat itzuli behar izaten zuen apurretan, seguruago sentitzeagatik ekiten zion testua ozenki irakurtzeari, ondo entzuteari. Ez zegoen beste misteriorik, ez zitzaion burutik pasatzen bueltaka ibiltzea irakurketa poetikoa edo intuizioa bezalako espresioen errotan. Hala iruditzen zitzaion, behintzat, Itzultzaile Dontsuari: ez zegoela beste misteriorik. Logikari guztiz arrotza zaion jarduntzat zeukan poesia. Eta poesiarik apenas itzuli izanaren atzean ez zegoen laburbildu dudan motiboa besterik, zeina baitzen irakurketa mentalaren logika errespetatzea. Hizkuntza batetik bestera testu baten berri emateko orduan, zer teknika zorrotzago irakurketa mentala baino? Bertan ez dago entzuten den hotsik, nahasiko gaituen ironiarik, nekez deszifratu daitekeen metaforarik. Hitzak beren biluzian, hori da irakurketa mentalak eskaintzen digun gardentasuna. Irakurketaren funtsa ez al da ba testuak interpretatzen jakitea? Hori irakatsi omen zioten Itzultzaile Dontsuari, originala errespetatzea eta ulergarritasuna oparitzea izan ditu, ia gaur arte, itzulpenaren langa eta helburu. Hotsik gabeko letren eskutik, metodikoa izatea eta zorroztasuna lortzea txanpon bakarra izan dira berarentzat.
Urteak aurrera, gero eta zurrunagoak izan dira Itzultzaile Dontsuaren lanak. Hotzagoak. Ohi bezala, kultura desberdinetatik –mundu-ikuskera ugarietatik– zetozen haren itzulpenak, ez dute lan egiteko modua aldatu, baina, urteak aurrera eta pitinka-pitinka, grazia triste halako bat omen darie haren lanei, ez omen dute garai bateko pozik. Konturatzen hasita zeuden bere ingurukoak, konturatzen hasiak bere itzulpenen irakurle batzuk ere. Baina inork esaten ez txintik ere.
Eta premiarik ere ez.
EDADEAK EZ OMEN DU BARKATZEN, eta Itzultzaile Dontsua hasita dagoenez entzumena galtzen, horri egozten zion azken aldiko itzulpenen hoztasuna. Mentalki irakurtzen segitu zuen ia gaur arte, baina testu askok ez zuen garai batean izango zukeen gorputzik eta bizitzarik, kostatu egiten zitzaion isilik irakurritakoak lehen kolpean ulertzea, lagunen jardunak segitzea. Gero eta bakartiago sentitzen zen, penaren edo pozaren soinurik iristen ez zitzaion kapsula batean.
Bada urtebete ozenki hasi zelan irakurtzen, txikitan egiten zuen bezala gutxi-asko, hitzei eta esaldiei musika eta erritmoa emanez. “Euria ari zuen” irakurtze soiletik, euria ari duela sentitzera pasatu da. Ohartzen hasita dago gardenago prozesatzen duela testua; kolorea dariola zehaztasunari eta badariola mugimendua ere. Bizi osoan burutik pasatu ez zitzaiona ari zaio gertatzen: inoiz entzun ez zituen txoriak ari zaizkio kantari bere baitako baso zerratuan; zapiek eguzkia dute leihoetan; irakurketan entzundako hitzek berritasuna dute ostatu eta ez errutina.