Beste laborantza bat

Beste laborantza bat –

Frantziako Estatuan berrogei urtez lau laborarietarik hiru desagertu dira.

Beste laborantza bat

Beste lan sektore batean gertatu izan balitz holako odol hustea, izugarriko mugimendu soziala gertatuko zen. Hemen, aldiz, FNSEA sindikatua arrunt isilik dago gai horri buruz, alta, gehiengoa du erabakigune gehienetan. Bigarren iraultza laborantzan gertatu da mekanizazioaren, kimikaren eta produktibismoaren bitartez. Kapitalismo garaitzaileak ikur bihurtu ditu aitzinamenduaren izenean. Modernitatea zen gakoa: handitzea, ekoiztea, esportatzea modelo bat bilakatu da. Modelo horrek «mundua hazi» behar zuen!

Zer da emaitza? Aipatu odol husteaz gain, lurraren suntsiketa, uraren kutsatzea eta bioaniztasunaren ahultze dramatikoa gertatu dira, adibidez, txorien eta erleen kasuan.

Hemen, Ipar Euskal Herrian, zertan gara? Fenomenoa eztiago, emekiago aitzinatu da baina mamia bera da.

Baxenabarren, Zuberoan eta Lapurdi parte batean erran daiteke oraino ere laborantza bizia badugula, baina, hala ere, hemen ere etxaldeen odol hustea ikusten dugu. Segidarik gabe dira anitz, eta zoritxarrez kasu gehienetan auzoek partekatzen dituzte beren artean libratzen diren hektareak… Sobera bakan dira kanpotik jinek edo lekukoek HCF Familiatik Kanpoko Segida dispositiboaren bitartez eskuratzen dituzten etxaldeak.

Zer da aterabidea?

Lehenik, Beti lur gehiago, beti gehiago ekoizteko leloaren baztertzea, ez baita hori, ez hemen ez nehon ere aterabidea, baizik eta hamarkadetan onarrarazi nahi izan diguten lege basa. Bigarrenik, lurralde honek behar du Euskal Hirigune Elkargoan erabakitzea zer laborantza mota, zer ekoizteko nahi dugun, bai sozialki, bai ekonomikoki egin ahala zuzena izateko.

Zentzu onez jokatzea da, sinpleki, hori baita lehenik laborantzaren rola: lekuko jendea haztea eta ingurumena zaintzea. Zentzu on gutti du gure errealitateari begira berriki Laborantza ministro batek erran duenak: «Hirugarren laborantzako iraultza numerikoa, robotikoa eta genetikoa izanen da».

Ez! Hemen guk nahi dugu soziala eta ekologikoa izan dadin!

Ipar Euskal Herriko Hitzan argitaratua

Beste laborantza bat

Landibarren laborari, ELB sindikatuko idazkari nagusia.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude