Abusuak berriro

Abusuak berriro –

Rikardo Arregik Noticias de Navarran.

Abusuak berriroAurreko astean Juan Goytisoloren afera ekarri nuen hona, abusuen babesle bezala, eta gaur Iñigo Errejónena, abusuak (salaketak, behintzat), ekarri behar dut. Hurrengo astean beste kasu bat agertuko zaigu? Batek daki, baina ez nintzateke harrituko, emakumeak ez direlako isilduko. Horrelakoekin nekatuta gaudela esatea zilegi izan daiteke, baina nekea gainditu beharra dagoela uste dut.

Egunotan hedabide eta sare asozialetan denetarik irakurri ahal izan dugu: analisi gutxi gorabehera sakonak, txantxak, memeak (nola ez) eta abar; afera ikuspuntu politikotik eta moraletik aztertu dute, moralkeria kiloka izan dugu; ondorio politikoez eta bestelakoez idatzi da. Niri, baina, haserregarria iruditu zait nola batzuek atera duten zeharka beste gai bat: sexu berekoen arteko harremanetan ere, esaten dute, homosexualen artean ere, abusuak daudela, eta ez dela inoiz horri buruz hitz egiten. Ez dut nik ukatuko sexu berekoen artean abusu kasuak egon daitezkeela eta daudela, baina oraintxe bertan, kontua denean gizon batek emakumeekin burutu dituen abusuak edo ustezko abusuak, gai hori ateratzea gizonok beti protagonismoa bilatzeko dugun joera agorrezinaren adibide garbia dela uste dut. Izango dugu aukera hortaz hausnartzeko, baina orain ez da unea. Gainera, gaia atera dutenak ez dira konturatzen bi gizonen artean egon daitezkeen desorekak, adina dela, dirua dela, edozein botere-adierazgarri dela, ezin direla konparatu emakume baten eta gizon baten artean dagoen desoreka oinarrizkoarekin, bat gizona dela eta bestea emakumea dela, hain zuzen ere, horrek estaltzen eta erakusten duen guztiarekin, feminismoak aspaldian irakatsi zigun bezala.

Nekatuta gaude, diote batzuek; beste batzuek triste daudela, edo desengainatuta. Oso ondo, baina ezin gara geldirik geratu. Hobe dugu erne ibili, emakumeei entzun, eta etorriko direnekin ez izutu, ez beldurtu, zer etorri etorriko baitira tamalez edo zorionez, inpunitatea bukatzear baitago. Eta bai, gureaz, LGTB jendearen artekoaz hitz egiteko parada izango dugu.

Abusuak berriro

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude